
Astearte honetan aurkeztu dute, Galarreta pilotalekuan, 2026 Kutxabank Masters Txapelketa, eta aurtengo edizioa berrikuntza eta albiste askorekin dator. Garrantzitsuena, Oriamendi2010 enpresak azkeneko aldiz antolatuko duela da.
Zortzi erremontistek jokatuko dute txapelketa, ohiko lau partaideak bikoiztuz: Juanenea, Barrenetxea IV.a, Ansa II.a, Azpiroz, Ezkurra II.a, Aldabe, Jabalera eta Larrañaga. 2025eko Buruz Buruko erremonte txapelketan zortzi lehenengo postuetan sailkatutako pilotariak dira.
Zazpi jaialdi antolatu dira, finalaren aurretik, eta lehenengo lau jardunaldiak kanporaketak izango dira. Kanporaketekin indar gehiago izango du txapelketak. Gainera, lehenengo bi kanporaketak astearte honetako aurkezpenaren ondoren jokatu dira. Ezkurra II.ak, Larrañaga izan du aurkari eta Jabalerak, Aldabe.
Bigarren jardunaldia larunbat honetan jokatuko da, gaurko garaileen artean. Urtarrilaren 24an jokatuko da hirugarrena, Azpiroz eta behetik datorren erremontistaren artean eta kanporaketak urtarrilaren 31n amaituko dira azken hiru urteetako txapelak defendatuko dituen Ansa eta urtarrilaren 24ko garailearen arteko partidarekin. Kanporaketen jardunaldi guztiak arratsaldeko 16.30ean hasiko dira.
Kanporaketen ondoren bizirik jarraitzen duen pilotaria ligaxkan sartuko da eta bertan Juanenea eta Barrenetxea IV.a izango ditu lehiakide. Ligaxka hau otsailaren 7an hasiko da. Bigarren partida otsailaren 14an jokatuko da, eta ligaxka otsailaren 21ean amaituko da, kasu honetan 15.15ean hasiko den jaialdiarekin.
Ligaxkan bi lehenengo postuetan geratzen diren erremontistek jokatuko dute Masters txapelketaren finala. Ohiko puntuaketa sistema erabiliko da: 30 tanto (4 puntu), 29-27 tanto (2 puntu), 23-17 tanto (puntu bakarra) eta 16 edo gutxiago (puntu negatiboa).
Bi erremontisten artean berdinketa badago, bi pilotarien arteko partida irabazi duenak lortuko du sailkatzea. Hiru erremontisten arteko berdinketa tanteo globalak erabakiko ditu bi finalistak.
Finala otsailaren 28an, larunbatean, jokatuko da, 16.30ean hasiko den jaialdian.
«Erremonteak guztion konpromisoa behar du»
Aurkezpen ekitaldian izan dira Oriamendi2010 enpresako arduradunak, erremontistak eta Marta Madinabetitia Kutxabank-en ordezkari bezala. Azken honek honakoa azpimarratu du: «Kutxabankentzat garrantzitsua da erremontearekin dugun berezko harremanari eustea. Bertako gure kirola den erremontea babesten eta sustatzen jarraitu nahi dugu. Erremonteak behin eta berriz erakutsi du egokitzeko eta aurrera jarraitzeko gaitasuna. Orain, inoiz baino gehiago, erremonteak guztion konpromisoa behar du: enpresena, erakundeena, komunikabideena eta zaleena. Izan ere, erremontearen etorkizuna guztion artean eraiki behar dugu. Erakundeek irtenbide egokia aurkituko dutela ziur gaude, euskal pilotaren altxor hau etorkizunean ere sendo iraun dezan. Erremontea bizirik nahi dugu, eta bizirik mantentzea guztion ardura da».
Erremontistei eskerrak emateaz gain, Madinabeitiak azpimarratu du «Kutxabank Masters 2026 ez dela txapelketa soil bat; erresistentziaren, harrotasunaren eta etorkizunarekiko konfiantzaren adierazpena da. Oriamendi enpresa zoriondu nahi dugu, eta bihotzez eskerrak eman nahi dizkiogu urte guzti hauetan egindako lan eta dedikazioagatik. Tradizioa eta egungo teknika modernoenak uztartzen jakin du, aro berrietara egokituta, zaletu berriak erremontea hurbiletik ezagutzera animatu eta adin guztietako publikoak Galarretan disfrutatzea lortuta».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas
