NAIZ

Euskadi Fundazioak 2026ko proiektua aurkeztu du: 49 txirrindulari hiru taldetan

Euskadi Fundazioak 2026ko denboraldiko egitura aurkeztu du. Orotara, 49 txirrindulari arituko dira Euskaltel-Euskadi 2026, Laboral Kutxa-Euskadi 2026 eta BBK Euskadi taldeetan. Gizonezkoen eta emakumezkoen nazioarteko egutegiari aurre egitearekin batera, harrobia bultzatuko dute.

Euskadi Fundazioaren hiru taldeak aurkeztu dituzte gaur Altean.
Euskadi Fundazioaren hiru taldeak aurkeztu dituzte gaur Altean. (Eriz FRAILE | EUSKADI FUNDAZIOA)

Euskadi Fundazioak hasiera eman dio gaur 2026ko denboraldiari Cap Negret hotelean (Altea). «Ekitaldiak kirolaren arlotik haratago doan proiektu baten sendotasuna berresteko balio izan du, herri proiektu sozial eta eraldatzaile gisa sendotzeko», nabarmendu du. Erakundeak bere hiru taldeen egiturari eusten dio: Euskaltel-Euskadi eta Laboral Kutxa-Euskadi, maila profesionalean, eta BBK-Euskadi, «euskal harrobiaren eragilea».

Hauek izango dira talde bakoitzeko txirrindulariak:

Euskaltel-Euskadi 2026: Jon Agirre, Yago Agirre, Nicolas Alustiza, Unai Aznar, Xabier Berasategi, Mikel Bizkarra, Samuel Fernandez, Ander Ganzabal, Paul Hennequin, Xabier Isasa, Txomin Juaristi, Jonathan Lastra, Jordi Lopez, Gotzon Martin, Iker Mintegi, Jokin Murguialday, Louis Sutton, Gari Ugarte, Axel van der Tuuk eta Danny van der Tuuk.

Laboral Kutxa-Euskadi 2026: Naia Amondarain, Irati Aranguren, Alice Arzuffi, Yuliia Biriukova, Idoia Eraso, Arianna Fidanza, Sara Fiorin, Tiril Jørgensen, Yanina Kuskova, Usoa Ostolaza, Paula Patiño, Debora Silvestri, Catalina Soto, Cristina Tonetti eta Marjolein van't Geloof.

BBK-Euskadi: Joan Cardona, Asier Castilla, Iker Colmenero, Aimar Fernandez, Aimar Galdos, Ibai Irisarri, Aimar Marin, Marco Martin, Eder Moreno, Kepa Ormazabal, Ander Otegi, Alain Suarez, Adur Tapia eta Ehki Uriarte.

«Lurraldea, harrobia eta zaleak dira oinarriak»

2026. urterako, Fundazioak 49 txirrindulariko kirol egitura du, «berdintasunaren eta garapen osoaren aldeko apustu tinkoari eusten». «Euskaltel-Euskadik bere gain hartzen du nazioarteko egutegian zaleak berriz hunkitzeko erronka, eta Laboral Kutxa-Euskadi munduko emakumezkoen txirrindularitzaren erreferente gisa finkatzen da, berdintasuna ardatz estrategikoa dela erakutsiz. Bestalde, harrobiko taldeak euskal txirrindulari gazteen ametsak egia bihurtzen diren gunea izaten jarraituko du, euskal txirrindularitzaren etorkizuna esku onenetan egongo dela bermatuz», azaldu du.

Iñaki Isasik, Euskadi Fundazioko presidenteak, izateari eustearen garrantzia azpimarratu du mundu osoko txirrindularitza batean: «Arima eta izaera dituen proiektua gara; euskal txirrindulari gazteak maila gorenean hazi eta lehiatu daitezkeen lekua, nortasuna galdu gabe. 2026an gure zaleak harro sentitzea nahi dugu, ‘mareak’ gure ahaleginean aintzat hartzea eta tradizioa eta etorkizuna lotzen dituen erreferentea izaten jarraitzea. Gure anbizioa da etxeko talentuaren jomuga naturala izaten jarraitzea eta gure gizartearentzat aktore garrantzitsua izaten jarraitzea».

Gorka Iturriaga Lakuako Gobernuko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak zera azpimarratu du: «Euskadi Fundazioa gure txirrindularitzaren ondare, oraingo eta etorkizuneko ikurra da. Emakumezko Laboral Kutxa-Euskadi taldeak maila gorenetan bere lekua aurkitu du eta gure txirrindularitzaren maila altuena ordezkatzen du. Horrek Fundazioaren baliabide eta bultzadan nabaritu behar da, beraien unea iritsi da. Gizonezkoen kasuan eredugarriak izan behar dira lehiatzen diren txapelketetan zein kirolaren bestelako eremuetan ere. Euskaltel Euskadi, gure txirrindularitza munduan zehar erakusteko erreminta paregabea izan da eta etorkizunari begira berriz ere bere orientazioa doitu behar du gure gazteek erreferente gisa izan dezaten».

Gainera, Iturriagak nabarmendu duenez, «Fundazioak berak kirol egitatea gainditzen du. Eragile dinamikoa, proaktiboa eta parte-hartzailea izan behar du gure herrialdeko bizikletari dagokion guztian. Erreferente izan behar dute, orain arte belaunaldiak mugiarazi dituen tankera azken hamarkadetan».