NAIZ

Ikus-entzunezkoen arloan «errotua» dagoen matxismoari aurre egiteko protokoloa, 2026an abian

(H)emen Elkarteak eta EAB Euskal Aktoreen Batasunak sustatu dute ikus-entzunekoetan eta arte eszenikoetan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa eta, aurreratu dutenez, 2026ko lehen lauhilekorako egongo da prest. Inkestatutakoen %57,8k dio ez duela segurtasunik sentitzen sektorean.

Pelikula baten filmaketako irudia.
Pelikula baten filmaketako irudia. (EP)

(H)emen Elkarteak eta EAB Euskal Aktoreen Batasuna ikus-entzuneko eta arte eszenikoetako indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa ari dira garatzen eta, iragarri dutenez, 2026ko lehen lauhilekorako egongo da prest «sektoreko eragileekin batera ezarri ahal izateko».

Garapenaren azken fasean dagoen protokolo hau prozesu sakon baten emaitza da. Izan ere, protokoloa garatzeko oinarri nagusia ikerketa eta diagnosi lan sakon bat izan da. Lan hori Garazi Arregi Leonek egin du, EHUren eta EiTBren Multimedia Komunikazioko Masterraren amaierako lanaren esparruan, Tania Arriaga eta Itxaso del Castillo irakasleen tutoretzapean.

Ikerketa EHUko ADI Ikerketa Taldearen, (H)emen Elkartearen eta EAB Euskal Aktoreen Batasunaren arteko lankidetzari esker gauzatu da, KSIgune klusterraren Konexioak programaren laguntzarekin. Proiektu osoa Emakunderen babesa eta laguntzarekin garatzen ari da.

Aipatu diagnostikoak Euskal Herrian ikus-entzunezko eta arte eszenikoen esparruan lanean dabiltzan 90 profesionalen esperientziak bildu ditu inkesta bidez, baita profil ezberdinetako bost elkarrizketa sakon eta focus group baten ekarpenak ere.

«Azterketak agerian uzten du indarkeria matxista ez dela kasu isolatuen emaitza, baizik eta sektorearen egitura, hierarkiak eta botere harremanekin lotutako errealitate sistemikoa dela», ziurtatu dute elkarteetatik.

Izan ere, datuek agerian uzten dute profesional gehienek (%57,8) ez dutela beren lantokia espazio seguru gisa ikusten, eta indarkeria psikologikoa, sexuala edo lan esplotazioa «modu zabal eta normalizatuan» gertatzen dela, «askotan isiltasunak eta zigorgabetasunak babestuta».

Zehazki, inkestatutakoen %43,3k indarkeria matxista jasan du bere lan esparruan, %60k indarkeria kasuak ikusi dituela baieztatzen du eta %65,5i biktimak kasuren bat kontatu diola ziurtatzen du.

Indarkeria zuzenean jasan dutenen kasuan, %58,97k generoagatiko indarkeria psikologikoa (irainak, gutxiespenak, presioa eta manipulazioa aipatzen dira) pairatu du. «Askotan ‘laneko tentsio’ gisa normalizatzen da, baina eragin sakona du», ziurtatu dute. Kasu horietan, gainera, %87,18k esan du erasotzailea hierarkiaz edo botereaz baliatu den norbait izan dela. «Datu hau diagnosiaren gakoetako bat da. Indarkeria estuki lotua dago hierarkiarekin eta botere abusuarekin», nabarmendu dute, eta inkestatu baten hitzak ere bildu dituzte: «Denok dakigu pertsona bat Botere-abusua egiten ari dela... baina zuk baino botere handiagoa dauka. Orduan ez diozu ezer esaten». Indarkeria sexuala (%35,9) eta lan esplotazioa (%30,7) ere oso presente daude diagnosian.

Egoera horren aurrean, sektoreko profesionalek aho batez adierazi dute tresna eraginkor, espezifiko eta lotesle baten beharra, prebentzioa, arreta eta erreparazioa uztartuko dituena. Testuinguru horretan, protokoloaren helburua argia da: «ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako lan eremuak seguruagoak eta bidezkoagoak bihurtzea, indarkeria matxistari aurre egiteko mekanismo argiak ezarriz eta sektore osoaren erantzukizun kolektiboa sustatuz», berretsi dute. Bi elkarteek helburu gisa markatu dute baita ere protokoloa «nahitaez bete beharreko tresna bihurtzea» ekoizpen eta erakunde guztientzat.