Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Andres Espinosa Bekak alpinismoari bultzada eman nahi dio

Euskal Mendizale Federazioak antolatutako egitasmora eskaladarekin eta alpinismoarekin lotutako proiektuak aurkez daitezke, baita dibulgazio lanak ere. Deialdia martxoaren 27ra arte irekita egongo da.

Euskal Mendizale Federazioak aurkeztu duen egitasmo berria
Euskal Mendizale Federazioak aurkeztu duen egitasmo berria (EMF)

Euskal Herrian eskaladarekin eta alpinismoarekin lotutako pare bat beka badira. Eta horiei beste bat gehitu berri zaie. Hain zuzen ere, Euskal Mendizale Federazioak aurkeztu duena. Izenburu oso aproposa du: Andres Espinosa Beka. Hots, euskal eskalatzaile eta alpinista historikoaren izena.

Alpinismoarekin lotutako proiektuak bultzatzeko helburua duen egitasmo hori Emf-n federatuta dauden pertsonei zuzenduta dago, banaka zein taldean, 40 urtetik beherakoei, gutxienez bi urteko antzinatasun federatiboa dutenei eta deialdiaren urtean alpinismoarekin lotutako proiektu bat garatuko dutenei.

Beka berri horretara eskalada proiektuak, alpinismo klasikoa, andinismoa, himalaismoa edo dibulgazio-lanak (gidak, liburuak edo ikus-entzunezko ekoizpenak) aurkez daitezke. Ondoren, Emf-ren zuzendaritza batzordeak osatutako epaimahaiak baloratuko ditu: «Kontuan hartuko dira, besteak beste, kalitatea eta originaltasuna, aurreko esperientzia, planteatutako helburuak eta proiektuak mendizaletasunaren esparruan duen erabilgarritasuna. Bide batez, beka itzulezina da, eta hautatutako proiektua garatzen eta gauzatzen laguntzea du xede, alpinismoarekiko eta diziplina honen barruan maila handiko ekimenak sustatzeko Emf-k duen konpromisoa indartuz».

Irakurtzen den bezala, mendizale erakundeak alpinismoarekin lotutako proiektuak bultzatu nahi ditu. Deialdiaren epea martxoaren 27ra arte irekita dago.

Beka sendoa

Oro har, mendizale erakundearen egitasmoak irizpide zein oinarri sendoak aurkezten ditu. Lehenik eta behin, oinarri hauen xedea da itzuli beharrik gabeko diru-laguntza bat ematea; hain zuzen ere, alpinismoarekin lotutako maila handiko proiektuak edota proiektu originalak sustatzeko helburuarekin.

Onuradunei dagokienez, berriz, Euskal Mendizale Federazioko txartela duten lagunek eskura dezakete diru-laguntza (lizentziaren antzinatasuna gutxienez bi urte natural oso), deialdiari dagokion urtearen barruan oinarri hauetan zehaztutako jardueretakoren bat egiteko xedez.

Bestalde, epaimahaia arduratuko da diru-laguntzarako aurkezten diren proiektuen ebaluazioaz: «Diru-laguntza nori esleitu erabakitzeko, honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan: alpinismo modalitatearen barnean egingo den proiektuaren kalitatea eta originaltasuna, aurrekariak, pertsonek aurrez duten esperientzia, helburuak eta erabilgarritasuna, erabilitako materiala, metodologia, lan plana, aurrekontua, beste finantzaketa iturri batzuk, jarduera garatzen den gune geografikoaren izaera… Deialdia hutsik uztea erabaki dezake epaimahaiak, baldin eta aurkeztutako lanek ez dutela nahikoa kalitate iruditzen bazaio».

Esleitutako diru-laguntza bi zatitan ordainduko da: %50 esleipenaren unean eta gainerako %50a proiektua amaitzean. Jardueraren garapenari buruzko azalpen-memoria txiki bat, argazki osagarri batzuk edota antzekoak eta bidaia gastuak eta bestelako gastuak egin direla erakusten duten dokumentuak aurkeztu behar dira ondorengo bi hilabeteko epean, gehienez ere.

Bide batez, diru-laguntzaren hartzailearen betebeharra da aurkeztutako memorian adierazitako epean edo emandako luzapenean amaitzea proiektua: «Horrez gain, jardueraren inguruko informazio, publizitate, propaganda, sare, hitzaldi eta abarretan Euskal Mendizale Federazioa Andres Espinosa Beka diru-laguntzaren bidez laguntzaile izan dela adierazi beharko da».

Denera, 5.000 euroko diru-laguntza jasoko du proiektu irabazleak. Alabaina, proiektua gauzatzen ez bada edota araudi honetan diru-laguntzak emateko zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, diru-laguntza kendu egingo da, eta hartzaileek itzuli egin beharko dituzte jasotako zenbateko guztiak.

Emf-k antolatutako Andres Espinosa Bekak lehen urratsa egin du, eta, aurreratu dugunez, eskariak aurkezteko epea zabalik dago. Egitasmoaren eta oinarrien inguruko informazio gehiago Euskal Mendizale Federazioaren web gunean jaso daiteke: www.emf.eus.