NAIZ

EAEko BPG %2,3 hazi da eta 14.000 lanpostu sortu dira 2025ean, Eustaten arabera

Eutat euskal estatistika erakundeak ostiral honetan zabaldutako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Barne Produktu Gordina (BPG) %2,3 hazi zen 2025ean aurreko urtearekin alderatuta, eta enpleguak %1,4eko hazkundea izan zuen, 14.000 lanpostu inguru sortuta.

Mercedes-Benz Gasteizen duen lantegiaren argazkia.
Mercedes-Benz Gasteizen duen lantegiaren argazkia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipizkoako Barne Produktu Gordina (BPG) %2,3 hazi zen 2025ean aurreko urtearekin alderatuta, eta enpleguak %1,4eko hazkundea izan zuen iaz 14.000 lanpostu inguru sortuta, Eustat euskal estatistika erakundeak ostiral honetan argitaratu duen hiruhileroko kontu ekonomikoen aurrerapenean egindako zenbatespenen arabera.

Aurrerapena egiteko unean eskuragarri zegoen koiunturazko informazioaren azterketatik Eustatek ondorioztatu du balio erantsia aurreko urtean baino gutxiago hazi zela 2025ean, lehen sektorean eta industrian izandako dezelerazioaren ondorioz.

Bestalde, 2025eko laugarren hiruhilekoan, hiru herrialdeen Barne Produktu Gordina %2,4 hazi zen aurreko urteko hiruhileko beraren aldean eta %0,5 aurreko hiruhilekoaren aldean. Enpleguari dagokionez, %1,4 hazi zen 2025eko laugarren hiruhilekoan aurreko urteko hiruhileko beraren aldean eta %0,4 aurreko hiruhilekoaren aldean.

Komunikabide bidalitako oharrean azaltzen den bezala, Eustatek martxoaren 6an argitaratuko ditu BPGaren eta enpleguaren zenbatespen bereiziak 2025eko laugarren hiruhilekoko hiruhileko kontu ekonomikoetan, aurrerapena egiteko unean eskuragarri ez dagoen koiuntura informazioa erantsi ondoren.