
Hainbat udalerri eta kuadrillatako ordezkariak, haien artean Laudio, Agurain eta Artziniegako alkateak, Gasteizen bildu dira, Foru Jauregiaren aurrean, Aldundiari eskatzeko beharrezko neurriak har ditzala papera eta kartoiaren bilketa hobetzeko. Bestela, deszentralizazio prozesu bat abian jarriko dute, kuadrillen eta udalen esku geratu dadin zerbitzua.
Probintzia Plazan egindako agerraldian Erika Letamenti Donemillagako alkateak eta Joseba Koldo Garitagoitia Dulantziko alkateak gogoratu dutenez, papera eta kartoia biltzeko erabiltzen diren edukiontzien eskumena udalena da, baina 2004an hitzarmen bat sinatu zuten Aldundiarekin bere gain hartezeko zerbitzuaren ardura.
«Eta ordutik hona hala izan da, Arabako foru Aldundiak kontratatzen du zerbitzu hori eta berari dagokio zerbitzua modu egokian betetzen dela ziurtatzeko ardura», adierazi dute. Horrekin batera, kritikatu dute bi urte direla zerbitzua «oso modu eskasean» garatzen ari dela eta «kalte handia» egiten ari zaiela.
Egoera honen aurrean iazko udan Aldundiak erabaki zuen beste enpresa bati egitea kontratuaren lagapena. «Hala ere, enpresa berria sartu zenetik sei hilabete pasa diren honetan zerbitzuak nabarmen egin du okerrera», nabarmendu dute alkateek.
«Gainera, kontuan izan behar da zerbitzuekin izandako arazoek jarraitzen duten bitartean, udalek baliabide propioak erabiltzen dituztela edukiontziak garbitzeko eta lurrean uzten diren kartoiak jasotzeko. Bien bitartean, etengabean gure herritarren kexak jasotzen ari gara gure herrietan», gaineratu dute.
Astearte honetan alkate batzuk Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako foru diputatuarekin elkartu ziren, «korrika eta presaka» egindako bileran. Alkateen esanetan, Aldundiak ukatu egin zituen arazoak, eta kexak «oso puntualak diren aparteko arazoen ondorio direla» ziurtatu zuen. Eta datozen hilabeteetan zerbitzua hobetu egingo dela esan zien, edukiontzi eta biltzeko kamioi berriak iritsiko direlako.
«Baina promesa horiek abuztuan ere egin zituzten eta sei hilabete pasa ostean ez dira bere. Zeintzuk dira Foru Aldundiak promesa hauek betetzeko jarriko dituen bermeak? Ez dakigu», azpimarratu dute.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Intensidad, fútbol, emociones, polémica y empate en el derbi vasco de San Mamés (1-1)

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción

