
Hezkuntzaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek hezkuntza publikoa aldarrikatzeko elkarretaratze bat gauzatu dute Nafarroako Jauregiaren aurrean.
Sindikatuek salatu dutenez, 2026 urterako Nafarroan sinatu berri diren aurrekontuen arabera, Parlamentuak hezkuntzari zuzendutako inbertsioa «aurreko urtean baino hiru hamarren gutxiago» da, izan ere, Barne Produktu Gordinaren (BPG) %3,61 inbertitzea onartu du Hezkuntza Departamentuan. Datu horrek berriz piztu du hezkuntza publikoaren finantzaketaren inguruko eztabaida.
Elkarretaratzean azaldu dutenez, Nazio Batuen Erakundeak kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta ekitatiboa lortzearren, herrialdeei gutxienez BPGaren %6 inbertitzea aholkatzen die, eta Nafarroako Parlamentuak ez du neurri hau kontuan hartu.
Testuinguru honetan, ohartarazi dute egungo inbertsioa ez dela nahikoa Nafarroako Hezkuntza Publikoak dituen erronkei aurre egiteko. Ikasturte honetan bertan, Lanbide Heziketa Lege berria eta eredu dualaren ezarpena baliabide nahikorik gabe egin dela salatu dute, horrek irakasleen lan karga handitu duela nabarmenduz.
Gobernuak berak 13 milioi eurotan zenbatu zuen sindikatuek proposatutako neurriak martxan jartzeko beharrezko inbertsioa. Kopuru hori 2026rako aurrekontuen %0,19 da eta hori bideratuz gero, Nafarroako gobernua «hezkuntzako inbertsioaren %5eko konpromiso programatikora» gehiago hurbilduko litzatekela ondorioztatu dute.
Era berean, iaz sinatutako Hezkuntza Itunean ez zirela inbertsioa handitzeko neurri zehatzak jaso gogorarazi nahi izan dute, Lanbide Heziketari lotutako proposamenik ere ez dagoela azpimarratuz. Aniztasunari erantzuteko inbertsio estrategikoen beharra ere mahai gainean jarri dute, pribatizazioaren aldeko hitzarmenen aurrean.
Nafarroako Gobernuari hezkuntza publikoaren aldeko politika irmoak eskatu dizkiote hainbat kolektibok: langile gehiago kontratatzea, zuzeneko irakaskuntza saioak murriztea, ratioak jaistea eta irakasleen galdutako erosahalmena berreskuratzea, besteak beste.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»
