
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artiumek, bere ikerketa zentroa aurkeztu du, arte garaikideari eta haren ahalmenei eta hedapenari buruz modu kritikoan ikertu eta hausnartzeko. Museoaren erakusketa proiektuekin lotura estua duen ikasketa plataforma bat da AMA eta praktika artistikoak, ikerketa prozesuak eta ezagutzaren ekoizpena elkarrekin gurutzatzen eta aktibatzen diren gune bat proposatzen du.
Zentroak, etengabe garatzen ari den lan esparrua izanik, kontuan izango ditu artearen testuinguruan zeharkatzen diren galderak: memoria eta irudimen politikoa eraikitzeko moldeak, komuna den hori bizitzeko moduak, kritikaren eta idazketaren hizkuntzak eta etengabe mugitzen ari den denborazkotasun baten ikuspegitik etorkizun desiragarriak pentsatzeko eta saiatzeko aukera.
Ildo horretatik, AMA Ikasketa Zentroa testuinguruan kokatutako ikerketa gune gisa antolatzen da; haren bidez, jakintza hedatzen da elkarrizketa iraunkorraren bidez, lankidetzazko ikerketa moldeei leku eginez, zeinak batzuetan disruptiboak baitira, baina gaur egunetik pentsatzeko ezinbesteko konplizitateak ehuntzen baitituzte.
Zentroak Artium Museoaren baliabide, bilduma eta erakusketekin elkarrizketan lan egiten du, eta, aldi berean, kanpo eragileekiko lankidetza sare bat aktibatzen du, artistak, ikertzaileak, komisarioak, idazleak eta erakunde kultural eta akademikoak biltzen dituena, tokiko nahiz nazioarteko testuingurukoak. Aliantza horien bidez, zabaldu egiten dire Museoaren ikerketa esparruak, ohar bidez adierazi dutenez, eta askotariko jakintzak eta metodologia partekatuak barreiatzen dira.
Lehenengo programa
AMA zentroa ostegun honetan bertan zabalduko da, ‘Honako lur hura habitatzeko moduak’ izeneko bi eguneko programarekin. Marwa Arsanios artistaren ‘Lurrak ez du jaberik izango’ erakusketa izango da abiapuntu.
Hitzaldi eta lantegien bidez, Ekialde Ertaineko eta Hego Amerikako hainbat geografiatan zein bertako testuinguru hurbilean lurra banatzeko, bereganatzeko eta erauzteko politikei buruzko pentsamendu eta hausnarketa gune bat zabaltzea proposatzen du programak.
Bertan izango dira, besteak beste, Arsanios bera, Nader Koochaki eta Kimia Kamvari, Madrilen egoitza duen Paisanaje kolektiboa, Leire Vergara komisarioa eta Françoise Vergès arrazakeriaren eta kolonialismoaren aurkako aktibista feminista.
Programa publiko honetako jarduera guztiak edonorentzat irekiak dira, edukiera mugatuarekin, Paisanajeren lantegia izan ezik, aldez aurretik izena eman behar baita, ikasketazentroa@artium.eus helbidera gehienez 200 hitzeko motibazio gutun bat bidaliz.
Otsailean, memoria eta Martxoaren 3a
Ikasketa Zentroaren bigarren proposamenak 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakariak berreskuratzea proposatuko du, 50. urteurrena betetzen denean, memoriaren formei buruzko hausnarketa kolektiborako espazio bat erraztuz. Memoria hori arlo materialean –objektuak, artxiboak, euskarriak– nahiz inmaterialean –hainbat belaunaldiren oroimenean bizirik dirauten gertakari haiei lotutako oroitzapenak– adierazten da.
‘Memoriaren taupadak: memoriaren euskarriak’ otsailaren 26tik 28ra bitartean gingo da, eta bertan memoria hori gaur egun nola berpizten den aztertuko da, 1976ko gertakariak kolektibo batzuen eta besteen ikuspegiekin elkarrizketan jarriz.
Beste proposamen batzuk
Bestalde, urteko hirugarren hilabeterako AMA Ikasketa Zentroaren programa publikoak elkarrizketa bat bilatuko du ‘Zirkulu batetik begira begiraden zirkulu batean’ erakusketa kolektiboarekin. Erakusketa hori urtarrilaren 16an inauguratu zen, eta lotutako programa publikoan parte hartuko dute, besteak beste, Ana Pi koreografo brasildarrak, Gabriel Rosell artista mexikarrak eta Louidgi Beltrame artistak.
Irudiarekin eta memoriarekin lotutako gaiez gain, Ikasketa Zentroak beste eztabaida batzuk ere izango ditu 2026an zehar, elakrrekin bizitzeko moduen eta horien ondorioen inguruan arakatzeko, edota arte garaikideko ekoizpen, idazketa eta kritika prozesuan inguruan.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

