NAIZ

Arabako eraikinen eta lokalen garbiketako hitzarmenerako aurreakordioa kritikatu du LABek

Arabako eraikinen eta lokalen garbiketako hitzarmenerako UGT, CCOO eta USO sindikatuek patronalarakin lortu duten aurreakordioa gogor kritikatu du LABek, «amore ematea eta sektorea prekarietatera kondenatzea» suposatzen duelako.

Arabako eraikinen eta lokalen garbiketako langileen mobilizazioa Gasteizen.
Arabako eraikinen eta lokalen garbiketako langileen mobilizazioa Gasteizen. (LAB)

Sektoreko patronalak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek Arabako eraikinen eta lokalen garbiketako hitzarmenean adosteko aurreakordioa gogor kritikatu du LABek «amore ematea dakarrelako eta sektorea prekarietatera kondenatzen duelako». 2029ra arte egongo da indarrean aurreakordio hau.

«Alde batetik, hitzartutako soldata-igoerek ez dute loturarik KPIarekin, eta horrek esan nahi du eros ahalmena galtzeko arriskuan egongo garela, azken 5 urteetan gertatu den bezala, non sektoreko langileok %14 inguru pobretu baitira», azaldu LABek.

«Eta beste alde batetik, ABE osagarrien murrizketa dago. Negoziazio osoan, horixe izan da patronalak gehien tematu diren puntuetako bat. Absentismoa deritzotenaren diskurtso faltsuaren pean, non emakume langile guztiak behin eta berriz kriminalizatzen aritu diren, haien helburu nagusia sektoreak duela urte askotatik kontsolidatuta zuen eskubide bat murriztea izan da. Hemendik aurrera, langileak ekonomikoki zigortuak izango dira bajaren lehen 20 egunetan, gaixotze hutsagatik», gaineratu du LABek.

«UGT, CCOO eta USOren hanka sartzea»

«Aurreakordio hau UGTren, CCOOren, eta USOren hanka sartze handi bat da. Sindikatu horiek amore eman dute patronalen asmoetan, eta uko egin diote sektoreak baldintza duinak izan ditzan borrokatzeari. Negoziazioa hartzen ari zen garapena ikusita, irailean LABeko ordezkariek gainerako sindikatuei (UGT, ELA, CCOO eta USO) mobilizazio-egutegi bateratua adosteko deia egin zieten, baina hiru sindikatu horiek uko egin zioten eskaintzari», nabarmendu du LABek.

«Azken batean, aurreakordio honek langile horien egoera prekarioan sakontzea dakar, LGSa ozta-ozta gainditzen duten soldatekin irautera kondenatuta baitaude. Lanaren banaketa sexualaren adibide garbia da sektore hori, gutxietsita baitago eta aurreakordio honekin soldata-arrakala betikotzen baitu», salatu du sindikatu honek.