
Hilketa matxistei erantzuteko protokolo berritua aurkeztu du larunbat honetan Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak Zornotzan, tresna «bizia eta dinamikoa» izan nahi duena. Besteak beste, erasoak zein ematen zaien erantzuna naturalizatzea saihestu nahi du dokumentu berriak.
Emakumeen Mundu Martxak antolatu duen goiz osoko egitarauaren baitan eman dituzte berrikuntzaren inguruko xehetasunak. Zornotza Aretoan Euskal Herriko mugimendu feministaren historiaren eta etorkizunera begirako erronken inguruan aritu ondoren, agerraldia egin dute aretoan bertan, eguraldia tarteko ezin izan baitute, aurreikusita zegoen moduan, herriko plazan egin.
‘Erailketa matxistei aurre egiteko protokoloa’ interneten egongo da edonoren eskura, hori baita dokumentuaren helburua, darabiltenek ekarpena egin ahal izatea. Izan ere, «ez da errezeta itxi bat», baizik eta «borrokaren bilakaerarekin osatuz joango den mapa». «Askoren arteko eztabaidaren fruitua da, eta horregatik, denona da», azaldu dute.
Zaloa Ibeasek azpimarratu duenez, «dokumentua baino, borrokarako tresna da». Gogora ekarri du 2017an Indarkeria Birpentsatzen jardunaldian ikusi zutela orain hamar urte direla adostu zuten protokoloak bazituela bere mugak. Aurretik Elene Lopetegi kideak mahai gaineratutako ideia azpimarratu du, esanez indarkeria berregituratzen den neurrian ere feministek beren burua birpentsatu behar dutela, erantzun eraginkorrak emate aldera.

Xede argia du protokolo berriak, Euskal Herrian modu bateratuan erailketa matxisten aurrean erantzutea, hilketak baitira «sistema honen aurpegirik krudelena eta bortitzena». Horretarako, tokian tokiko mugimendu feministak aktibatzeko beharra azpimarratu dute.
Jakitun dira, hala ere, indarkeria matxistari aurre egiteko erantzun protokoloak ez direla aski. Hori dela eta, jendartea interpelatu eta erakundeei erantzukizunak exijitu dizkiete, argi eta garbi aldarrikatzeko indarkeria matxistaren aurkako borroka ez dela mugimendu feministaren ardura soilik.
Erantzun kolektiboa ematen jarraitzeko beharra berresten dutela azaldu du Ibeasek eta azpimarratu du apustu «argia» egiten dutela aurodefentsa feministaren alde: «Indarkeria matxistaren aurrean erantzuteko dugun zilegitasuna aldarrikatzen dugu».
Indarkeriaren desnormalizazioa eta memoria ariketak
Ariane Alberdik xehatu du protokolo berriaren edukia. Besteak beste, azaldu du lehen erantzuteko epea 24 orduan ezarrita bazegoen ere, orain 48 ordura zabaldu dutela, aukera izateko beharrezko informazioa jaso eta behar bezala erantzuteko.
Halaber, berrikuntzen artean dago Telegram kanala. Orain arte erabilitako komunikazio bideak baztertu gabe, hots, eposta eta sare sozialak, mugimendu feministako kideei protokoloa aktibatu beharra jakinarazteko baliatuko dute, besteak beste.
Horrez gain, memoria ariketa egitearen beharra jaso dute protokolo berrian, baita hura burutzeko proposamenak ere. Hala ere, Alberdik berak azpimarratu duenez, irudimena landu eta dokumentuan jasotakoez gain bestelako ekimenak burutzera dei egiten du Emakumeen Mundu Martxak.
Hilketen zein ematen zaien erantzunen desnormalizazioan ere egiten du azpimarra tresna berriak, horretarako hainbat modu eta ideia proposatuta.
Protokoloa datozen egunetan egongo da eskuragarri Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren webgunean.

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

