Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Mendiko kirolen eta ekologiaren arteko loturak irakasgai asko ditu

Azken urteotan, garraiobide garbiak erabiltzeko joera indarra hartzen ari da. Ekimenen artean, adibidez, 'Ecopointclimbing' plataforma komunitarioa eskaladaren jasangarritasuna bultzatzen ari da.

Garraiobide garbien aldeko jarrera hartzen ari dira eskalatzaileak.
Garraiobide garbien aldeko jarrera hartzen ari dira eskalatzaileak. (Laurent BASSEAU)

Gizarteko beste arlo batzuetan bezala, testuinguru klimatikoak lehen lerroan jarri ditu mendiko kirolen praktikak. Gaur egun, urrutiko lekuetara egiten diren espedizioak gero eta gehiago analizatu, komentatu eta kritikatzen dira. Hain zuzen ere, xehe-xehe aztertzen dira mendizaleek, alpinistek, eskalatzaileek, eskiatzaileek eta abarrek erabiltzen dituzten garraioak.

Oro har, kirolari profesionalen jarduerek arreta handia erakartzen dute. Non kokatzen dute ingurumenaren arazoa? Kontziente al dira egiten dituzten jarduerek sortutako ingurumen inpaktuaz? Nola egokitzen dira? Apurka bada ere, azken boladan gai horren aurrean protagonista entzutetsu zenbaitek erreakzionatu egin du. Batzuk zalantzan jartzen ari dira etorkizuneko proiektuak eta, paradoxa hauek planteatzen dituzte, besteak beste: «Mendiak maite ditugu, babestu nahi ditugu, baina gure espedizioetarako bidaiak oso luzeak dira. Hegazkineko ordu luzeei eta 4x4 ibilgailuekin egiten ditugun kilometroei garrantzia ematen al diegu?».

Bada, antza denez, azken bolada honetan gero eta profesional gehiago dira bitarteko edo garraiobide garbiagoak erabiltzen dituztenak espedizioetarako edo beste era bateko jardueretarako. Asko aipatu zen, adibidez, Seb Berthe eskalatzaile belgikarrak El Capitaneko 'Dawn Wall' bidera hurbiltzeko hartutako ardura: Ameriketako Estatu Batuetara belaontzian bidaiatu zuen.

Bertheren jarrera horrek bat egiten du 'Ecopointclimbing' plataforma komunitarioaren filosofiarekin. Lena Muller eskalatzaile alemanak duela sei urte sortu zuen, eta besteak beste, eskaladaren jasangarritasuna bultzatzen du egitasmoak, eskalada eta ekologia lotuz. Eskalatzailea kontzientziatu nahi du, ahalik eta garraio garbienak erabil ditzan: bizikleta, belaontzia, garraio publikoa… Finean, ingurumen inpaktua murriztea da proiektuaren giltzarri nagusietako bat.

'Ecopointclimbing' ekimenak eskaladaren jasangarritasuna du oinarri. (ECOPOINTCLIMBING)

Eline Le Menestrel frantziarrak ere bat egin du 'Ecopointclimbing' ekimenaren helburuekin. Eskalatzaileak argitaratutako idatziak eta haren eguneroko praktikak gero eta oihartzun handiagoa ari dira edukitzen. «Gure ametsek larrialdi klimatikoarekin talka egiten dute. Kontraesanetan murgilduta gaude, baina uste dut posible dela mendiekin dugun pasioa balore ekologikoak defendatuz bizitzea. Nik sei urte daramatzat hegazkin bat hartu gabe. Kide batzuek adierazi didate bat egiten dutela nire jarrerarekin, eta, era berean, ikusi dut konpromiso ekologikoak hartu dituztela. Alabaina, gehienek ardura hori ez dute praktikan jartzen. Eskalatzaileek erabiltzen dituzten garraioek karbono inpaktu handia sortzen dute. Hortaz, gai horretan jarri behar da fokua».

Aldaketak

Idatzi asko argitaratzeaz gain, Le Menestrel ekintzaile sutsua da. Adibidez, duela urte batzuk 'Upossible' proiektua martxan jarri zuen. 35 egun egin zituen errepidean kide batekin eta bost eskalada eremutan izan ziren. Denera, 880 kilometro egin zituzten bizikletaz sei herrialdetan, eta beste 4.515 kilometro trenez.

Frantziarrak onartu du gai hori muturrera eramaten duela: «Horretan ez dut zalantzarik. Uste dut lanbide batek munduari ekarpena egin behar diola. Eskalatzaile profesionala naiz, eta horregatik eskalatzeko era ezberdinak bilatu behar ditut ingurumenari kalte egin gabe. Izan ere, naturak eskalatzeko aukera ematen digu. Hori esan eta gero, beste eskalatzaileei ez diet eskatzen bat-batean autoari uko egin diezaiotela eta soilik eskalada guneetara bizikletan joan daitezela. Asteburu batean asmo hori indarrean jartzen saiatzen badira, uste dut aurrerapen bat egiten dela. Laburbilduz, hori da defendatzen dudana».

Ikus daitekeenez, filosofia horren oinarri sendoa da garraioa bera, baina Le Menestrelek alderdi horri beste ikuspuntu bat gehitzen dio. Bere iritziz, eskalatzeko eremuetara iristeko erabiltzen diren garraiobideak aldatzeak lurraldearekin eta bizilagunekin harremana aldatzera eramaten gaitu. Hots, bioaniztasunarekin eta haren ingurumarian dagoen guztiarekin sentsibilitate handiagoa hartzen da: «Neurri batean, inguru horretako bizilagunak nola bizitzen diren ezagutuko dugu. Haiekin harremana sortzea ederra da zinez, baita oso egokia ere. Izan ere, jateko eta edateko informazioa emango digute. Eta jarrera horrekin bertako ekonomiari lagunduko diogu».

Ildo berean, Le Menestrelen ustez, autoa ez hartzeak ondorio egoki ugari ditu. Besteak beste, distantziaren eta klimaren errealitateak eragin zuzena omen du autoa hartzeko erabakian. Euria egiten badu, adibidez, automobila har daiteke 100 kilometroko ibilbidea egin eta horma lehor bat aurkitzeko. Bizikletarekin, berriz, eguraldi traketsa arazo bihurtzen da: «Nahiz eta batzuetan frustragarria den, naturaren eta klimaren erritmoak onartzen ditugu. Gizakiak garen heinean, auto batekin ahalguztiduntasunaren sentsazioa galtzen da. Horrek guztiak eraldaketak sortzen ditu maila ezberdinetan. Autoa erabiltzen bada, lurraldearekin duzun harremana aldatzen da; horregatik garraioa aldatzearen kontzeptu hori sustatu behar da. Jakina, denborarekin dugun harremana aldatzen da, eta denbora hori giltza da produktibismorako eta kapitalismorako».

Eskalatzaile frantziarrak onartu du jarrera horietan aldagai asko daudela. Abiadura da horietako bat. Bizikleta hartuz gero, argi dago asko txikitzen dela abiadura, baina, bere ustez, inguruan gertatzen denari erreparatzea oso garrantzitsua da; izan ere, horrela, kontzientzia hartzen da bioaniztasuna babesteko garrantziaz, besteak beste.

Estilo horren aldekoek diote eskalada beste era batera ulertzen dela. (Eline LE MENESTREL)

Eta errendimenduaren inpaktuaren inguruan, zer dio? Ez da gauza bera eskalada gune jakin batera heltzeko bizikletan ordubete edo gehiago egitea edo autoz joatea. Le Menestrelek adierazi du 'Ecopoint' estiloa indarrean jarri zuenetik beste errealitate bat bizi duela: «Hasiera batean, 45 kilometro egiten nituenean, leher eginda iristen nintzen. Ipurmasailetan eta eskuetan mina izaten nuen. Baina gorputza oso erraz egokitzen da, eta egun ez naiz nekatzen. Bi eguneko irteera bada, lehen egunean kilometro horiek bizikletaz egiten ditut, gauez atseden hartzen dut eta biharamunean eskalatzera irteten naiz. Egokitzapen hori ez da egun batetik bestera egiten; zeure gorputza entrenatzea oso-oso garrantzitsua da».

Amaitzeko, gure gaurko protagonistak adierazi du bere helburu nagusia ez dela eskalatzailea muturreko maila batean inspiratzea, baizik eta proiektu jakin horretara bizikletan hurbiltzea: «Zentzugabea da kirola. Nire kirol praktikak mundua beste era batera ikusteko parada ematen dit. Helburu hori ez badut lortzen, orduan nire errendimendua pixka bat hutsik geratzen da».