NAIZ

«Zabortegia sostengatu dutenen ardurak ez ikertzeko asmoaz» ohartarazi du Zaldibar Argituk

Sei urte beteko dira ostiralean Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gertatu zenetik eta Durango Auzitegiaren azken erabakiek ezaugarrituko dute urteurrena. Igandean elkarretaratzea deitu du Zaldibar Argituk, eta bere jarduna kritikatu du, 2015. arteko ekimenak preskribatutzat jo nahi direlako.

Boskarren urteurreneko ekitaldia, iaz Eitzagan.
Boskarren urteurreneko ekitaldia, iaz Eitzagan. (Aritz Loiola | Foku)

Durangoko Auzitegiak Zaldibarko zabortegiaren auzian hartutako azken erabakiek goitik behera markatuko dute hondamendiaren seigarren urteurrena. Bertan hil ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratuko dituzte igandeko ekitaldian, 12.30etan Eitzagan, eta deialdia luzatzeko orduan antolatzaileak, Zaldibar Argitu plataformak, harridura eta haserrea agertu ditu auzitegi jardunari dagokionean.

Hasteko, ikerketa nagusian gertatzen ari diren «etengabeko luzapenak» aipatu ditu ohar batean. Lan istripuari zegokion auzia laster itxi zen, akordio baten bidez, baina ingurumenaren kontrako delituari dagokiona oso motel ari da ikertzen, eta sei urte pasata ez dago epaitzeko zantzurik.

Hau gutxi balitz, aurreko astean jakin da 2024. urtean auzi horretatik abiatutako beste adar batean jarri duela arreta auzitegiak. «Lehenengoan ez bezala, auzi berri honetan Zaldibar Argitu ez dago pertsonatuta akusazio lez», baieztatu du plataformak.

Atal berri honen barruan erabaki du epaileak EH Bilduko alkatea izan zen Arantza Baigorri inputatu gisa deklaratzea deitzea, beste zenbait tekniko eta enpresarirekin batera, maiatzean. NAIZek ostiralean argitaratu zuenez, Baigorrik egin zuen berdina (zabortegiaren zabaltzea ‘erregularizatzea’ HAPOaren bidez, teknikariek hala proposatua) egin zuen gero gaur lehendakari den Imanol Pradalesek ere, Bizkaiko diputatu arduradun gisa plangintzaren azken onarpena sinatu baitzuen honek.

Zaldibar Argituren aburuz, larriena zera da: «2015a baino lehenagokoak preskribatuta daudela argudiatuta, epaileak uko egiten dio hori ikertzeari. Ondorioz, batetik testuingurua desitxuratzeko arriskua dago, eta bestetik zabortegia bultzatu eta sostengatu zuten hainbat udal agintariren ardurak ez ikertzeko asmo nabarmenegia».

Juan Mari Uriarte

Honako hau erantsi du: «Autoa oinarritzen da Ertzaintzaren ikerketetan eta 2019-2023 artean alkateorde izan zen Juan Mari Uriarteren adierazpenetan. Uriartek zuzendu zuen Udala eta, bereziki, Verter Recyclingekin harremanak zabortegia amildu aurretik eta ostean. Autoaren pasarte batzuk baino ez ditugu irakurri ahal izan, eta harrigarria egin zaigu Uriarte eta Jose Luis Maiztegi alkate ohia ikertu moduan ez agertzea».

«Arantza Baigorri alkate ohiari autoan egozten diotenaz (Verter Recyclingen mesedetan jokatu zuela, ba omen zekielako enpresak baimenik gabe okupatutako lurrak zerabiltzala, eta hori HAPOn erregularizatu egin zuela), alkate ohiak edota bere alderdiak azaldu behar dute. Beste horrenbeste esan daiteke ikertutako hiru langileei buruz. Oraindik ez dakiguna da zelako ardura izan dezaketen horretan Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak, izan ere Zaldibarko HAPOk Foru Aldundiaren oniritzia jaso zuen 2020ko apirilean, Imanol Pradalesek sinatuta, Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua orduan», erantsi du plataformak.

«Argitu dadila argitu beharreko guztia. Berriro diogu: guztia. Baina, gure arreta arazoaren benetako mamitik desbideratzeko ahaleginak antzuak izango direla adierazi nahi dugu»

 

Sei urte igarota, honela laburbiltzen du egoera herri plataformak: «Eitzagan langile biren zuhurtziagabekeriazko homizidioa eta ingurumen kalte ikaragarria eragin zuten faktoreak (zabortegiaren tramitazioan irregulartasunak, Eusko Jaurlaritzaren arduragabekeria ikuskaritzan, ustiaketan egindako irregulartasunak, amildu osteko kudeaketa iluna) ikertu behar dira ardurak zehazteko. Orain filtratutakoa ez doa norabide horretan. Argitu dadila argitu beharreko guztia. Berriro diogu: guztia. Baina, gure arreta arazoaren benetako mamitik desbideratzeko ahaleginak antzuak izango direla adierazi nahi dugu».

Zehatzago, «2020ko otsailetik instrukzio fasean dagoen auzia amaitu dezatela» aldarrikatu du, «hor zehaztu beharko liratekeelako hondamendiaren arrazoiak eta arduradunak. Ikus ditzagun behingoz urteetako ikerketa horren ondorioak, eta gero gerokoak». Hau guztia bultzatzeko, Eitzagan igandean 12.30etan batzeko deia egin du Zaldibar Argituk.