NAIZ

Adegik Gipuzkoako industria «atzeraldiaren atarian» dela ohartarazi du

Adegik ohartarazi duenez, Gipuzkoa ekonomikoki aurrera badu ere, industriaren alorrean «atzeraldiaren atarian» dago. Hala ere, ez du aurreikusten enpleguaren «suntsiketa masiborik» emango denik, geldialdia espero duten arren.

Jose Miguel Ayerza, Isabel Busto eta Patxi Sasigain, prentsaurrekoan.
Jose Miguel Ayerza, Isabel Busto eta Patxi Sasigain, prentsaurrekoan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoako industria «atzeraldiaren atarian» dela ohartarazi du Adegik. Gipuzkoako Enpresen Elkarteak aurreikusten du industriaren alorrean enpleguan geldialdia emango dela, «suntsiketa masiborik» emango denik uste ez badu ere. Gainera, jakitera eman du industria sektorearen ia erdiak beren eskaerak «ahultzat» jotzen dituela, hots, 2021aren hasieratik izandako mailarik baxuenera heltzeraino.

Adegiko presidente Isabel Bustok, zuzendari nagusi Jose Miguel Ayerzak eta Lehiakortasun eta Berrikuntzako arduradun Patxi Sasigainek aurtengo urtarrilean Gipuzkoako enpresei egin dien Koiunturari buruzko Inkestaren emaitzak aurkezteko prentsaurrekoa egin dute.

Bustok adierazi duenez, Gipuzkoa «aurrera doa», eta bere nukleo industrialak «gainditu ezin ditugun tentsio gero eta handiagoei aurre egiten die». Horrela, lurraldeak «errealitate duala» bizi duela azaldu dute. Alde batetik, enpresen % 83k normaltasun edo berrindartzeegoera bizi du, hau da, bi puntu hobetu da aurreko urtearekin alderatuta.

«Datu horiek eta lurraldearen batez besteko fakturazioak, batez ere kanpoko merkatuek bultzatuta hiruhileko artean % 3 hazi denak, gure enpresa-ehunaren erresilientzia eta egokitzeko gaitasuna balioesten dituzte», nabarmendu du.

Hala ere, industriaren kasuan «egoera nabarmen ahulagoa» da, Adegiren aburuz, eta industria-enpresen % 25,5 atzeraldian daudela adierazi du Bustok. Makineria eta ekipoen azpisektorean, Gipuzkoarako estrategikoa dena, pertzepzio hori dute konpainien ia erdiak % 44,5ak. «Benetan kezkatu behar gaituzten zifrak dira», ohartarazi du.

Horri guztiari Gipuzkoako enpresen «lehiakortasuna higatzen» ari diren faktoreak gehitu behar zaizkiola azaldu du Adegiko buruak. Faktore horietan lehena lan-kostuak direla azaldu du, bigarrena ziurgabetasun geopolitikoaren gorakada eta hirugarrea kostu txikiko herrialdeen kanpo-lehia.

Adegiko arduradunek adierazi dutenez, horri guztiari «egiturazko arazo iraunkorrak» gehitzen zaizkio, hala nola, enpresen % 37ri eragiten dion lan-absentismoa. Zentzu horretan, Ayerzak positibotzat jo du Cebekek eremu horretan neurriak hartzeko egindako eskaera, nabarmendu duenez, «argi eta garbi enpresarena den arazoa delako, baina baita soziala eta sektore anitzekoa ere».

Enpresentzako beste arazoetako bat langile kualifikatuak aurkitzeko zailtasuna da, % 35ek adierazi duenez, «gure industriaren hazkunde-potentziala mugatzen jarraitzen baitute».

Egonkortasuna enpleguan

Enpleguaren arloan, epe laburrak «nolabaiteko egonkortasuna» erakusten du. Izan ere, industria-enpresen % 85,5ek plantilla mantentzea edo handitzea aurreikusten du. Adegiren aurreikuspenen arabera, 2.000 eta 3.000 enplegu artean sortuko dira aurten, batez ere zerbitzuetan eta eraikuntzan. Hala ere, industriak geldialdia aurreikusten du, eta enpresen % 14k aurreratu du enplegua murrizteko beharra.

Isabel Bustok «Europaren desindustrializazioaren eta bere autonomia estrategiko industrialaren galeraren» testuinguruan kokatu du egoera. Gaur egun, autonomia estrategiko hori «muturreko mehatxupean dago, sektore zutabeetan, hala nola automobilgintzan eta ingeniaritza mekanikoan, desindustrializazio bizkorra dagoelako», azaldu duenez.

Horregatik, «kalitatezko enplegua, gizarte kohesioa eta gure lurraldearen ongizatea zaindu nahi baditugu, gure industriaren lehiakortasuna, produktibitatea eta errentagarritasuna indartzeko politikak behar ditugu», aldarrikatu du, «lehia baldintza orekatuak bermatzeko eta enpresei ingurune global gero eta konplexuagoan laguntzeko».