
Egoera konplikatuenetatik ere bizirik ateratzen dakitela erakutsi dute larunbat honetan Altunak III.ak eta Ezkurdiak, Bilboko Deportivon. Beste behin. Amezketarrak ere horixe bera nabarmendu du ETBko kamera aurrean, «kolpe latzak jasotakoak gara, esperientzia daukagu eta horrek lagundu egiten du horrelako egoeretan». Esperientzia ez ezik, kalitatea ere soberan daukate biek ala biek eta, amezketarraren magia trikimailuekin, 2-11ko kontrako markagailua estutu eta irauli egin zuten, 22-18 irabazteraino.
Aurrean, gogor hasi baina gero deserosotasunean ezin moldatuta aritu dira Jaka eta Iztueta. Tolosarrari, hain justu, Altuna eta Ezkurdiaren eskarmentua falta izan zaio azken txanpan. Azkenerako, Arbizukoak baino galdutako gehiago pilatu ditu –4 Ezkurdiak eta 7 Iztuetak–, eta partida nola hasi zen ikusita, zaila zirudien sentsazio horiek okertzea.
Nafarrak huts egin du Jakaren lehen sakea eta honen ostean, Lizartzakoak opari bat egin bazuen ere, urdinek perfekziora eraman dute beraien plana. Gorriek tematuta jarraitu dute aurreko koadroetan, jokoa mozteko intentzioz, baina Iztuetaren pilotakada gogorrez topatu dira. Ezker horman gogotik sufritu du Ezkurdiak eta ohartu ordurako, bederatzi tantoko aldea eskuratu dute urdinek (1-8), Altuna ere deseroso zegoela.
Iztuetak egindako beste opari batekin berreskuratu dute sakea gorriek (2-9) eta pilota aldatu badute ere, Altuna txaparekin topatu zen eta Ezkurdia, ezker hormarekin (2-11). Maldan gora jarri zaie partida, urdinak, bestalde, beraien plana egikaritzen zihoazen. Atzelari tolosarrak txapara ere bota du 3-11koa baina, urdinek lan erdiak eginda zituztela, gauzak asko hobetu behar zituzten gorriek markagailua estutu nahi izanez gero.
Pilota motela
Inflexio puntua izan da. Pilota motelxeagoaren alde egin dute, tantoak luzatu asmoz. Frontisetik ateratzea kostatzen zitzaion eta Jaka lekuz kanpo sumatzen hasi da. 77 pilotakadako tantoaren ostean egin dute laugarrena gorriek, Iztuetari gogor estututa eta Lizartzakoa defentsa lanetara behartuta. 6-11koan iritsi da Altunaren zigilua, gantxo ederrarekin eta orduan bai, Jakari belarriak tentetu zaizkio. Adi egon beharra zeukaten. Txokoan hilda utzi, zabalean, gantxoa... Hasi du Altunak bere ikuskizun propioa eta partida berdindu du, 11-11.
Atsedenaldira, halere, urdinak joan dira aurretik, Altunaren gantxoa Jakak eraman eta amezketarra ezustean hartuta. Ezkurdiak ere beste behin egin du topo ezker horma madarikatuarekin baina ordurako, atzeko koadroan indarrak orekatuta zeuden. Iztueta huts egiten hasi da, Altunak dena asmatzen zuen bitartean. Jakari kosta zaio jokoan sartzea eta lau pilotariek akatsak elkatrukatu dituzte 17ko berdinketara iristeko.
Txanpa erabakigarrienera konfiantzaz beteta iritsi dira Altuna eta Ezkurdia; atzetik aurrera eginda aldarte positiboarekin. Alderantziz zeuden urdinak: hasieran aurkariaren hutsuneak ederki bilatu eta azkenerako, zalantzez beteta. Zalantza horiek itxutu egin dituzte, Altunaren inspirazioa argitzen zegoen bitartean.
Txokoan hilda utzi du amezketarrak partidan lehen aldiz aurretik jartzeko (18-17) eta erakustaldiarekin jarraitu du, 22-18koan beste tanto ikusgarriarekin bukatzeko.
Laugarren postua
Seigarren puntua batu dute Altunak eta Ezkurdiak. Partida guztietan sufritu baina azkenean, kanporaketak jokatzeko txartela besopean daukate. Laugarren postua ere eskura daukate, baldin eta hurrengo partida irabazten badute.
Larrazabal-Mariezkurrena bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak, Donostiako Atano III.enean, larunbatean (hilak 14). Gainera, espero da Jon Mariezkurrenak partida hori ez jokatzea, ostiraleko deman eskuina txikitu egin baitzuen, kolpe eskas baten ondorioz –22-18 galdu zuten Elordi-Zabaleta bikotearen aurka. Oraindik ere ez dago erabakia hartuta eta jakiteke dago Berriozarkoaren lekua nork hartuko duen.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

