NAIZ

Gazteen euskarazko aisialdia sustatzeko egitasmoa abiatu dute Euskal Herriko hainbat herritan

Umeentzat eta gazteentzat euskarazko aisialdia bultzatzeko egitasmoa sortu dute HUHEZIk, Oinherrik eta Uda Leku elkarteak. Lehen fasea martxan da eta hainbat udalerritan tokian tokiko lanketak egingo dituzte.

Aurkezpena egin zuteneko talde argazkia.
Aurkezpena egin zuteneko talde argazkia. (OINHERRI)

‘Aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboa elkarrekin eraikiz’ proiektua jarri dute abian HUHEZIk, Oinherrik eta Uda Leku elkarteak. Urtarrilaren 31n hasi zuten ekimena eta Euskal Herriko zenbait herrik hartuko dute parte: Hernani, Ziburu, Lesaka, Lekeitio, Agurain, Sopela, Markina, Errenteria eta Oarsoaldeko mankomunitateak.

Proiektua Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUEZI), Oihnerri herri hezitzaileen sareak eta Uda Leku elkarteak jarri dute martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiko IDEIAk dirulaguntzari esker.

Egitasmo honek bi lanketa mota egitea ahalbidetu diela azaldu dute: «Bata, herrietan egingo den tokian-tokikoan, eta bestea, saretzea helburu izango duen nazio mailan egingo dena».

Herrietako prozesuari dagokionez, lortu nahi duten helburua da identifikatzea herri bakoitzean eskaintzen den aisialdirako eskaintza zein neurritan den hezitzailea, euskalduna eta inklusiboa, esparru horietan aurrerapausoak emateko ekintza plana gauzatzeko. Horretarako, marko teorikoa eta adierazle sistema sortu dituzte.

Herrietako prozesu honetan, batez ere udalek eta aisiaren arloko eragileek parte hartuko dutela azaldu dute. Dena den, «umeen eta nerabeen ahotsa jasotzeko dinamikak eta metodologia zehatzak» ere prestatu dituzte. Izan ere, erabiltzaileen iritzia eta ekarpenak jasotzea «ezinbestekoa» iruditzen zaie egitasmoaren bultzatzaileei, haientzako eskaintza egokitua diseinatu ahal izateko.

Herriek tokian tokiko lanketa egin artean, hiru aldiz elkartzeko aukera izango dute, gaiaren «nazio ikuspegia» lantze aldera, hala nola, aisiaren inguruan Euskal Herri mailan egun dituzten kezka amankomunak identifikatzeko eta horiei aterabidea ematen saiatzeko. Gainera, herrietako esperientziak eta praktika onak ezagutu eta elkarrengandik ikasteko aukera eskaini nahi du prozesuak.

Horrez gain, mugaz gaindiko sare mailako lanketaren metodologia ikertuko du HUHEZIk. Horrek, antzeko kezkak dituzten arloetan elkarrekin lan egiteko metodologia sistematizatzeko aukera emango die.

Egitasmo honek sei hilabeteko iraupena izango du, eta ekainaren 6an, Ziburun, egingo dituzten Topaketetan partekatuko dituzte emaitzak eta esperientziak.