Zertaz ari da Trump hauteskundeak «nazionalizatu» behar direla esatean?
Estatu Batuetako Kongresua berritzeko azaroan egingo diren hauteskundeetan goitik beherako astindua iragarri du azken egunotan Donald Trumpek. Iaztik errepublikanoen esku dauden bi ganberen kontrola gal dezakeela sumatuta, AEBko presidenteak bozketaren antolaketa estatuei kentzea nahi luke.

Urtebetetik gora darama Donald Trumpek bigarren agintaldian, eta ia beste hiru Etxe Zurian emateko mandatua dauka. Lau urteko zikloen erdian, midterm izeneko hauteskundeak izaten dituzte AEBn (hori bera esan nahi du hitzak, «agintaldi erdiko bozketa»), Kongresua berritzeko. Baina AEBko presidenteak adar legegileaz daukan ezaxola aintzat hartuta, galde liteke: zergatik daude hain urduri errepublikanoak? Benetan ari ote da Trump bozketa hori bertan behera uztea iradokitzean edo bere aldeko hauteskunde-lege batekin antola dezakeela adieraztean?
Duela hilabete baino gutxiago, midterm bozketarik egon ere ez zela egon beharko bota zuen Trumpek. Gerora, txantxa zela esan zuen. Baina bereari eutsi, eta hauteskundeak «nazionalizatzea» aipatu zuen hurrena. Beste behin, adierazpen horiei buruzko zehaztasunak eskatu zaizkionean, errealitateari uko egin dio. «Ez nuen esan ‘nazionalizatu’», aldarrikatu zuen Trumpek joan den ostegunean egindako elkarrizketan, hitz horiexek erabili arren egun batzuk lehenago. «Esan nuen badirela herrialdean oso ustelak diren eremu batzuk. Oso hauteskunde ustelak dituzte. Begiratu Detroiti, Filadelfiari, Atlantari. Badira izugarri ustelak diren eremu batzuk».
Trumpek ez zuen inolako ebidentziarik aurkeztu aipatu zituen hirietan hauteskundeei lotutako ustelkeria zegoela iradokitzean. Demokratek indar handia daukaten hiriak dira horiek.
Gaia aztertzerakoan, oinarrizkotik hastea da onena: ez, Trumpek ezin du hauteskunde-legerik aldatu, Estatu Batuetako bozak ez dituztelako Washingtondik antolatzen. Estatu bakoitzak bere arauak eta neurriak ditu: nola eta non bozkatu, non identifikatu botoa emateko, nola egin zenbaketa, aurretiaz botoa ematerik baden ala ez eta zenbateko epea dagoen… antzeko beste hainbat neurri ez daude bateratuta herrialdean; nork bere erara egiten du. Herrialde federala izanik, estatu bakoitzari dagokio, izan ere, hauteskundeen antolaketa lana. Estatu batzuek badaukate nolabaiteko hauteskunde-batzorde bat, beste batzuetan konderrien esku dago antolaketa, eta bada udalerriei eskumena ematen dienik ere. Ez antolaketa bakarrik: hauteskundea bera, nola hautatu, desberdina da lekuaren arabera.
Oro har, boto gehien daukana hautatzen da, baina zenbaitek bi itzuli egiten dituzte, eta boto ponderatuaren antzeko sistemarik ere izaten da zenbatzeko; hau da, hautagaien zerrendatze bat egiten du boto-emaileak.
AEBko presidenteak ez dauka gaitasunik hauteskundeen antolaketan eragiteko. Besterik da zer nolako kezka sortzen duten horrelako adierazpenek, hauteskundeen emaitzak onartzen ez dituen pertsona baten ahotik etorrita
Kongresuak irizpide batzuk ezar ditzake, baina presidenteak ez dauka eskumenik. AEBko konstituzioa oso argia da horretan. Trump haserre dabil, tematuta 2020ko hauteskundeak irabazi zituela, Atlanta hiria hartzen duen konderrian iruzurra egon zela salatzen behin eta berriro (bera izan zen Brad Raffensperger Georgiako Estatu idazkariari eskatu ziona falta zitzaizkion 11.000 botoak «aurki» zitzala). Orain FBI gaian esku hartzera ere behartu du; Tulsi Gabbard Inteligentzia Nazionaleko zuzendaria bidali zuen ikerketa gainbegiratzera, eta agenteak miaketa egiten ari zirela, telefonoa pasatzeko eskatu zion Gabbardi, haiekin hitz egiteko. Hau da, inoiz gaia auzitara iristea lortuko balu ere, presidentearen esku-hartze hori salatzea litzateke abokatuen lehen lana.
Edozelan ere, AEBko presidenteak ez dauka gaitasunik hauteskundeen antolaketan eragiteko. Kongresuko kideengan eta estatuko ordezkariengan aginduak bidal ditzake, baina errepublikanoen artean ere denak ez daude horretarako prest. Besterik da, zer nolako kezka sortzen duten horrelako adierazpenek, hauteskundeen emaitzak onartzen ez dituen pertsona baten ahotik etorrita. Trumpek 2020ko porrota aitortu gabe jarraitzen du, eta bere aldeko estatu-kolpea ematen saiatu zirenak espetxetik atera eta saritu egin izan ditu.
ICE hauteslekuetan?
Titular ugari bereganatu dituen adierazpen bat Steve Bannon MAGA mugimenduaren guruaren ahotik iritsi da. Azaroko bozetan ICEko agenteak hauteslekuetara bidaliko dituztela ohartarazi die Trumpen aurkariei.
Presidentearen antzeko diskurtsoa, baina are muturrerago eramanda: Trumpek edo haren MAGA mugimenduko hautagaiek irabazi behar dute; osterantzean, iruzurra egon den seinale da, bere ustez.
«ICEko agenteak izango ditugu azaroan hauteslekuen inguruan. Ez gara hemen eserita egongo berriro herrialdea lapurtzen uzteko». Horretarako demokratek etorkinei botoa ematen uzten dietela salatzen dute errepublikanoek. Gezurra da; behin eta berriz aztertu eta ikertu da nortasuna faltsutzeko aukera, eta argi geratu da. Baina iruzurraren eta bozen lapurretaren diskurtsoa ez da aldatzen; demokratak burlaizez hartzeraino: «Kexa zaitezte, nahi adina negar egin dezakezue eta jostailuak leihotik bota ditzakezue, baina ez dugu inoiz gehiago utziko hauteskundeak lapurtzen».
Egia esan, ICEk milaka agente izan arren, ez du gaitasunik –Minneapolis, adibide– Trumpen aurka dauden leku guztietara iristeko. Baina adierazpen horien azken helburua herritarrak beldurtzea da. Demokratek Bannonen adierazpenak salatu dituzte, eta Etxe Zuria ere giroa baretzen saiatu da. Hauteslekuetara migrazio-polizia bidaltzeko asmorik ez dagoela adierazi zuen Karoline Leavitt bozeramaileak. Handik ordu batzuetara bere nagusiak, Donald Trumpek, lehengoari eutsi zion: «Gobernu federalek leku batzuetan esku hartu» beharko luketela esan zuen. «Uste dut hauteskundeak irauli nahi dituela. Botoa eragozteko ahal duen guztia egingo du», esan du Adam Schiff senatariak. «Bozketa galtzen badu –eta uste dut errepublikanoek jipoi handia espero dutela–, emaitza iraultzeko neurriren bat hartzeko prest dago».
Barruti-aldaketa
Gerrymandering izeneko tranpa da orain arte bi alderdi nagusiek erabili duten tresna hauteskundeak baldintzatzeko.
Funtsean, hautesbarrutien eremuak aldatzea da, matematikoki legokizukeena baino ordezkari gehiago lortzeko; zure aurkariak boto gehien dituen eremuak zatituz lortu ohi da. Bi alderdiek egin dute historikoki gerrymandering-a, baina demokratek neurri zorrotzak hartu izan dituzte azken urteotan, eta errepublikanoen ahaleginak auzitegietara ere eraman dituzte; beltzen botoa indargabetzeko saiakerak antzeman dituztenean, esate baterako.
Hor egindako ahalegina ere ez zaio uste bezain ondo irten orain arte Trumpi: Texasko hautesbarrutien mapa aldarazi zien bertako errepublikanoei, baina Kaliforniak neurri bera hartu du, batean demokratek galdutakoa bestean irabazteko. Beste zenbait estatutan ere antzeko neurriak hartzen ari dira, gutxiengoaren ordezkaritza are txikiagoa izan dadin.
Inkestek diotenez, botoa emateko motibazioa askoz handiagoa da demokraten aldean errepublikanoenean baino. Ohiko joera da hori oposizioaren aldetik, baina Minnesotako gertaerek eta ICEren inguruan egunero agertzen diren irudiek are gehiago hauspotu dute Trumpen aurkako jarrera.
Egia da Trumpek berak bilatutako polarizazioa izan dela, baina hauteskundeak hurbildu ahala, orain arteko botere legegilea galtzeko arriskua gero eta errealagoa da.
Gehiengo demokratako Kongresu batek Trumpen aurkako «impeachment» edo kargugabetze prozesu bat abiaraz lezake, eta oso litekeena da demokratek bereganatzea ganbera horren kontrola 2027rako. Prozesu horrek presidentea kargutik kentzea oso bestelako zerbait da
Gehiengo demokratako Kongresu batek Trumpen aurkako impeachment edo kargugabetze prozesu bat abiaraz lezake. Horretarako, aski da behe ganberan, Ordezkarien Ganberan, gehiengoak horren alde bozkatzea. Egun, errepublikanoek tarte txiki bat daukate, eta oso litekeena da demokratek bereganatzea ganbera horren kontrola 2027rako.
Prozesu horrek presidentea kargutik kentzea oso bestelako zerbait da. Horretarako, Senatuaren bi herenek bozkatu behar dute; hau da, ehunetik 67k. Egun, 48-52 da Senatuaren irudia, errepublikanoen alde.
Datorren azaroan, senatuaren herena berrituko da; 35 aulki, zehazki: gaur egun errepublikanoen esku dauden 22, eta demokratenak diren 13. Jokoan diren hamahiru aulki horiei eutsiko baliete ere (Georgian eta, beharbada Michiganen, oso lehia estua izango da), dozena erdi aulki errepublikano dira, gehien jota, eskuragarri demokratentzat. Panorama aski kezkagarria da, edozelan ere, Trump eta bere jarraitzaileentzat.
Etxe Zurira itzuli eta gutxira, Donald Trumpek 2028an berriz ere hauteskundeetara aurkezteko aukera iradoki zuen behin baino gehiagotan. MAGAren merchandising ugarian, “Trump 2028” leloa zeramaten biserak ere jarri ziren salgai, eta Steve Bannonek, ultraeskuinaren guru nagusietakoak, hirugarren agintaldi baterako planak ere badaudela esan izan du. Arazoa da Konstituzioak argi eta garbi mugatzen eta zehazten duela auzia: bi agintaldi baino ezin ditu egin pertsona batek presidentetzan. Ez du aipatzen elkarren segidako bi, ez antzeko ezer; inoiz horrelako iruzurrak bilatu izan dituzte, Trumpen bigarren agintaldia ez baita lehenaren segidan etorri. Ate hori guztiz itxita dago. Konstituzioa bera aldatu beharko lukete, eta errepublikanoek ez dute horretarako behar duten gehiengorik.
Dena haustera eta iraultzera datorren probokatzailearen gisan, tarteka hirugarren agintaldia aipatuz titular batzuk lortu eta arreta beste gai batzuetatik desbideratzen du, baina hori da horrelako ateraldiek daukaten ibilbidea. Hauteskundeak federalizatzearenak ere antzeko bidea egingo du ziurrenik, baina bitartean jendea gaiaren bueltan berbetan izango du.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza
