Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Kopa irabazteko euskal ametsak ez daude Gasteizen bakarrik

Baskonia da Kopan izango den euskal taldea, baina beste lau taldek Euskal Herriko ordezkariak dituzte. Bereziki, Ibon Navarro entrenatzailea, Kopako iazko irabazlea, aurten ere Unicajarekin garaikurra nahi du. Horrez gain, Txus Vidorretak, Xabi Lopez-Arostegik eta Dario Brizuelak badute zeresanik.

Txus Vidorreta eta Ibon Navarro 2023ko Kopako finalean aurrez aurre izan ziren.
Txus Vidorreta eta Ibon Navarro 2023ko Kopako finalean aurrez aurre izan ziren. (Mariano POZO | ACB PHOTO)

Eliteko saskibaloian ez dago beste zenbait kiroletan adina euskal herritar, nahiz eta fitxa federatibo gehien duen kiroletako bat bat izan; aurrenekoa emakumeei dagokienez, esaterako. Ondorioz, saskibaloi profesionalean aurrera egitea lortzen duten euskal jokalari eta entrenatzaileak ezin ditugu ahantzi, are gutxiago Valentzian jokatu behar den Kopa honetan. Izan ere, Saski Baskonia baldin bada Valentzian izango den euskal talde bakarra, gainerako taldeetan ere bada euskal ordezkaririk: Txus Vidorreta eta Ibon Navarro entrenatzaileak alde batetik, eta Xabi Lopez-Arostegi eta Dario Brizuela jokalariak bestetik.

Hasteko diosala egingo diegu Tornike Shengelia edo Sander Raiesteri, nahiz eta Georgiakoa den bata eta Estoniakoa bestea. Bartzelonako jokalaria ez zen alperrik Saski Baskoniako kapitain izan eta ez zuen bakerik izan 2020ko ACB Liga txapelketa irabazi zuen arte. «Euskal Herriak eta Georgiak antzekotasun asko dituzte. Jendearen izaerak ere badu parekorik; hasiera baten kanpotarraren aurrean irekitzea kosta egiten zaigu, baina behin zabalduta, betirako lagun izango gaituzu. Euskal Herrian etxean sentitzen naiz», esan izan du behin baino sarriago ‘Toko’ Shengeliak.

Solemnitate gutxiagorekin, baina bere nerabezaroa eta gaztaroa Gasteizen eman ditu Sander Raiestek. Baskonian lekurik ez eta, UCAM Murtzian aurkitu du bere txokoa ACB Ligan eta Sito Alonsoren aginduetara partidako 6,5 puntu eta 6,1 errebote pilatu arte. Raieste ez da euskal herritarra, baina Saski Baskoniaren zaleek bihotzean daramate.

Bestea Marcelinho Huertas litzateke. Sao Paulon duela ia 43 urte sorturako antolatzaileak Bilbao Basketen 2007/08 denboraldian eta Saski Baskonian 2009tik 2011ra lehenik eta 2017tik 2019ra gero jokatu zuen eta honek ere Euskal Herria etxetzat du, azken aldion Tenerifen bizi bada ere.

Ibon Navarro, gure txapelduna

Ez da ahaztu behar 2025eko Kopak Euskal Herriko irabazle bat utzi zuela: Ibon Navarro entrenatzailea, hain zuzen. Kimikaria ofizioz, Xabier Añua zenak saskibaloia laga eta zientzietara itzultzeko aholkatu zion, saskibaloian aurrerabiderik aurkituko ez zuelakoan. «Ez zidan jaramonik egin eta begira zeinen ondo atera zaizkion planak», zioen Añua zenak, algara batean, Ibon Navarrok Unicajara urratsa eman ostean.

2023ko Kopan loratu zen Navarro. 2021/22 denboraldia oso petrala izan zen berarentzat: lehenengo Morabanc Andorratik bota egin zuten emaitza kaskarrak tarteko eta Malagatik egin zioten dei zein bide jarraitu erabaki ezinik zebilela. Unicaja jaitsieratik kanpo laga zuen eta 2022/23 denboraldian Malagako taldea ia goitik behera aldatu zuen, Jonathan Barreiro, Alberto Diaz eta Dario Brizuela donostiarra izan ezik. Eta hara non, 2023ko Kopa hura Ibon Navarroren taldeak eraman zuen, bidean Bartzelona, Real Madril eta Txus Vidorretaren Tenerife gainditu ostean.

«‘Ibonen plana’ zein zen galdetzen zidaten –Malagako taldeko abestirik arrakastatsuena bilakatu zen– baina nik beti diot ‘nire’ plana ‘taldearena’ dela. Lehenengo baten aurka, gero hurrengoaren aurka, finala eraman arte», onartzen zuen irribarrez «Corazonistas» ikastetxearen magalean hazi zen entrenatzaile, kimikari eta alkimistak. Handik bi urtera, berriz ere otsailean ez zen inor ere Ibon Navarroren Unicajari eztulik egiteko kapaz izan. «Eskarmentua gradu bat da, aizue! Ez didazue beste trajerik izorratuko», bota zuen entrenatzaile gasteiztarrak iaz, algaraka ito beharrean, Unicajarekin bigarrenez Kopa irabazi eta bainujantzi eta guzti garaikurrarekin uretara jauzi egin zuenean.

Kosta behar zaio aurtengo Kopan iazkoa errepikatzen, final laurdenetan Real Madril aurkituko baitu aurrez aurre ostegunean 21.00etatik aurrera. Pasa den domekan Ibon Navarrorenek kontrolpean zeramaten neurketa Real Madrilen aurka, baina Mario Hezonja kroaziarraren erakustaldi batek buelta eman zion demari eta 92-96 nagusitu ziren madrildarrak. Jakinda Ibon Navarro zenbat sumintzen den porrot bakoitzeko, ez du bakerik izango harik eta igandean jazotakoari buelta eman eta Real Madril garaitu arte.

Eskarmentuaren lagun

2008ko Kopan Iurbentia Bilbao Basket zuzendu zuen Txus Vidorretak eta huraxe izan zen ACB mailan parte hartu zuen aurreneko Kopa. Bartzelona bota zuen final laurdenetan talde bilbotarrak eta ondorioz, Dusko Ivanovic talde blaugranatik bota zuten. Dagoeneko 18 urte pasa dira ordutik hona eta ardo onenen moduan, hoberantz egin du Txus Vidorretak, asko ozpindu gabe, gainera.

Saski Baskoniaren arerioa izango da La Laguna Tenerife ostiralean 18.00etan eta «miraririk ezean» Marcelinho Huertas gabe jokatuko badu ere, badu nahikoa mehatxu Paolo Galbiatiren mutilei buruko min galantik sortzeko. Gasteizen beldurra eta errespetua sartzen dute Vidorretaren taldeek, eskarmentu handiko –adinez oso nagusiak izanda ere– taldeak osatzen dituelako eta partida berezietan, kanporaketetan esaterako, «segadak» ipintzen iaioa delako Indautxukoa. Iruditeria kolektiboan Vidorreta angora katu bat laztantzen ikusiko dugu bere bulegoan, irribarre txikiarekin arabarrei ziria nola sartu irudikatzen ari dela.

Ez du sekula Koparik irabazi Txus Vidorretak, 2023ko finala baino ez baitu jokatu. Orduko hartan hurbil izan zuen garaipena Tenerifeko taldeak, baina Ibon Navarroren Unicaja gehiago izan zen azken minutuetan. Nolanahi, hamahirugarren aldiz izango da Vidorreta Kopan; hamargarren urtez jarraian, zehatzago izateko. Pablo Lasok –11 aldiz segidan– eta Dusko Ivanovicek –12 aldiz– baino ez dute gainditzen entrenatzaile bilbotarra koparekiko «leialtasun» hau erakusteko orduan. Orotara, berriz, Aito Garcia Reneses mitikoa –23 ekitalditan– eta Valentzia Basket zuzentzen duen Pedro Martinez –18 Kopa– baino ez daude Vidorretaren aurretik.

Huertas gabe jokatzea –eta jokatuko balu ere, brasildarra bere onenetik oso urrun legoke– eta bere izarren adina –Doornekampek 41 urte bete behar ditu, 36 urte bete dituzte Shermadinik eta Abromaitisek, 34 Fitipaldok, 33 Rokas Giedraitis Saski Baskoniako jokalari ohiak...– kalterako izan beharko lirateke talde gazteagoen aurka, baina markagailua parean dela amaierara iritsiz gero... argi Vidorretarekin.

Lana eta anarkia

Xabi Lopez-Arostegi hegaleko bizkaitarra izango da Kopan kantxaratuko den aurreneko euskal ordezkaria. Valentzia Basketekin Joventut bere talde ohiaren aurka jokatuko du getxoztarrak Kopako aurreneko final laurdenetan, 18.00etatik aurrera.

Ez da bere urterik onena izaten ari, egiari zor, baina Pedro Martinez ez da beraz ahaztu. Badio dela, Puerto dela, Kameron Taylor dela, Omari Moore edo Sergio De Larrea direla... minutuak garesti daude Valentzian eta eskaeraren langa, aldiz, oso goian.

Orotara 15 minutu baino ez ditu jokatzen Lopez-Arostegik, eta batez beste 6,8 puntu eta 4,8 errebote pilatzen ditu. Zenbaki horiekin ez da areriorik lorik hartu ezinik geratuko, baina getxoztarraren lanari Jean Montero, Darius Thompson, Matt Costello, Jaime Pradilla... gehituz gero, Valentzia Basketek belar meta handia osatu ohi du partida bakoitzean –95,2 puntu batez beste– eta aurkariek horren aurrean ez dute berriketarako tarterik.

Zentzu horretan, Lopez-Arostegiren lana ilunagoa eta zikinagoa da. Defentsako lana bermatu aurkarien antolatzaile eta hegalekoak geldiaraziz, errebotean laguntza eskaini, erasoan jokoa sortzeko bere burua eskaini eta saskira aukera argia dagoenean bakarrik begiratu. Beti izan da jaurtiketa libreen marratik jokalari fina bizkaitarra: %87,5 4,60 metroko marratik. Amaiera berdindu batean besteren bati egin behar falta Valentzia Basketeko euskal ordezkariari egin ordez, nekez egingo baitu huts.

Bestalde, final laurdenetan UCAM Murtzia gainditzen badu, Dario Brizuelaren Bartzelona izan daiteke Saski Baskoniaren arerioa finalerdietan –beti ere Teneriferikoak egiten baditu–. Hor agertuko da, 8 zenbakia soinean, Dario Brizuela donostiarra. Eason zegoela bere entrenatzaileek garbi zuten «euskal manba» ez dela beldurtuko. «Partida irabazteko baloia nahiko du beretzat eta beldurrik gabe bilatuko du saskia. Agia ez du sartuko, baina hurrengoan ere beldurrik gabe bilatuko du garaipena, eta argi, behin kale egin duelako ez fidatu, hurrengoan sartu egingo du-eta», zioten Easoko bere entrenatzaileek.

Estudiantes eta Unicajan bere maila eman zuen eta Malagako taldearekin 2023ko Kopa irabazi zuen; oso Kopa berezia berarentzat, artean jaioberria zen Bruno bere semea ospitalean zela Bartzelona final laurdenean donostiarrak bota baitzuen. «Nire bizitzako egunik txarrenak izan dira. Bruno semea ospitalean neukan eta zalantza handiak nituen hona etorri ala ez, baina ezin nituen taldekideak bakarrik utzi. Hala ere, oso egun ilunak izan dira hauek niretzat, zorionez pixkanaka argitzen ari badira ere», onartu zuen Brizuelak berak final laurdenetako partidaren ostean.

Hurrengo neurketa bietan ez zuen halako mailarik eman, baina semea osatu ahala, inoiz ere ahaztuko ez duen garaipenarekin itzuli zen etxera, eta 2023ko udazkenean Barçak ezetz esan ezinezko eskaintza egin zion.

«Dario Dario da, onerako zein txarrerako», gogoratzen du Ibon Navarrok. «Erabaki oker bat hartzen duenean akabatuko zenuke, baina hainbeste emateko gauza da!», dio donostiarrari buruz entrenatzaile gasteiztarrak. Xavi Pascual Bartzelonako entrenatzailea ez da hain drastikoa, baina konfiantza erabatekoa du gipuzkoarrarengan.

«Ez dut nahi Dario txinparta puntual bat izan dadin; aldiz, jarraitutasun handiagoa eskatzen diot maila nahikoa baduelako», iritzi dio entrenatzaile katalanak. Ez da bere sasoirik onenean iritsiko Brizuela, nolanahi, Euroligaren eta ACB Ligaren erasanak fisikoki makal xamar ekarri baitu Kopara. Hala ere, horrek ez du «euskal manba» kikilduko.