Ilargi Avila
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

«AHTaren mafiaren aurka» kalera atera dira Iruñean

Abiadura Handiko Trenarekin kritiko den plataforma AHTaren bultzadan elite ekonomikoek duten eragina salatzeko mobilizatu da. Manifestariek proiektuaren erabilgarritasuna zalantzan jarri dute eta langileek eta biztanleek jasandako ondorioak erdigunean jarri dituzte.

Manifestatzaileak kartelak eta pankarta eramaten Iruñeko Zabalgunea zeharkatzen duten bitartean.
Manifestatzaileak kartelak eta pankarta eramaten Iruñeko Zabalgunea zeharkatzen duten bitartean. (AHT GELDITU)

AHT Gelditu! Nafarroak deituta manifestazioa egin dute larunbat honetan Iruñean, Abiadura Handiko Trena (AHT) gaitzesteko. Mobilizazioa 12:00etan abiatu da Diputaziotik, «Desjabetzaren aurrean, AHTaren mafia borrokatu!» lelopean, trenbide proiektuarekin kritiko diren ehundaka herritar bilduz. 

Elefante txuri bat joan da martxaren buruan, langilez mozorrotutako manifestariek soka batekin tiraka aurrera eramaten zutelarik. «Elefante txuri» gisa definitzen du plataformak AHTa, izan ere, esamoldea kostu handiko eta zalantzan jarritako erabilgarritasuna duten azpiegiturak deskribatzeko erabiltzen da. 

Karlos III.aren etorbidetik abiatu dira eta Merindadeen plazan eskuinera jo dute errepidea alde batetik bestera betez. «Herriak bizirik, AHTrik ez», oihu eginez aurrera egin dute UGTren egoitzaraino. Bertan geldialdi bat egin dute sindikatuak AHTaren aurrean duen jarrera kritikatzeko. Hurrengo geldialdia CEN (Confederación Empresarial Navarra) patronalaren egoitzaren aurrean izan da. 

Mobilizazioaren azkeneko zatia Gurutze plazan egitea erabaki dute, izan ere, antzezlan motz bat burutu nahi izan dute, Plataforma Pro TAV osatzen duten enpresaburuak era satiriko batean aurkezteko. 

«Enpresa mafia»

AHT Geldituko kide den Beatriz Aranak gogora ekarri duenez, joan den urtean sortu zen Plataforma Pro TAV deituriko AHTren aldeko plataforma Nafarroan. Lobby funtzioak esleitzen dizkio, foru erkidegoan azpiegitura horren eraikuntza bultzatzeko intentzioa duela azpimarratuz. «Politikarien erabakietan eragiten ari dira, itzaletik hariak mugitzen ari dira», laburtu du. 

Plataforma berri hori enpresa, erakunde eta teknika arloko ordezkariek osatzen dutela ohartarazi du Aranak, administrazio publikoetan eragiteko eta proiektuaren garapena bizkortzeko xedea dutela adieraziz.

AHT Geldituk abiadura handiko trenaren makroproiektua hainbat zutabetan oinarritzen dela azaldu du. Horien artean, pentsamendu ekonomikoko erakundeak, enpresak, merkataritzari lotutako erakundeak eta elkargo profesionalak aipatu ditu, baita AHTaren defentsarekin publikoki bat egin duten hainbat elkarte ere. Ildo horretan, kolektiboak atxikimendu horietako batzuk beren gizarte oinarriei kontsulta egiteko barne prozesurik gabe egin izana kritikatu du.

Enpresaburuak aurkezteko antzerkia. (NAIZ)

Aranak proiektuaren bultzadak enpresa eliteen interes ekonomikoei erantzuten diela ohartarazi du eta «aurrekaririk gabeko krisi ekosozial global» baten testuinguruan kokatu du, eta «Ama Lurrarentzat bakea» eskatu. Horretaz gain, zalantzan jarri du proiektuaren kostua, hasi zenetik «funts publikoekin finantzatutako 12.000 milioi euro baino gehiago» ordaindu direla azpimarratu du eta.

Era berean, abiadura handiko azpiegiturak eraikitzearekin lotutako lan baldintzak aipatu ditu eta Euskal Herriko hainbat tokitan horrelako proiektuekin zerikusia duten obretan gertatutako istripuak gogoratu ditu. Adierazi duenez, 13 langile hil dira AHTaren obrak egiten ari zirela, «muturreko lan esplotazioaren» ondorioz.

Testuinguru horretan, AHT Geldituko bozeramaile Julio Villanuevak AHTra bideratutako inbertsioen lehentasuna zalantzan jarri du. Adamuzen gertatu berri den tren istripuari egin dio erreferentzia, gertatutakoa ohiko trenbide sarearen mantentze lanen faltari egotzita. Horrela, trenean segurtasuna indartzeko beharra azpimarratu du.