NAIZ

Lointek Gernikaren jipoiak Kutxabank Araski jaitsiera postuetara bidali du (93-61)

Berdintasuna aurreneko laurdenean baina ez da egon, baina 26-12 alde egin dute bizkaitarrek eta ez dute gupidarik izan gasteiztarrekin. Partida irabazteaz gain, puntu aldea ere gernikarrek eraman dute. Larunbatean IDK Euskotrenek Cadi La Seuri irabazteak mesede egin dio Araskiri, nolanahi.

Aspaldiko partez, Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek gozatu ederra eman diete Malosteko zaleei.
Aspaldiko partez, Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek gozatu ederra eman diete Malosteko zaleei. (Oskar Matxin EDESA | FOKU)

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 93 - KUTXABANK ARASKI 61

Behin baino sarriagotan irabazi du Kutxabank Araskik Maloste kiroldegiko derbietan, bai Emakumeen Endesa Ligako Fase Erregularrean nola play-offetan ere, baina igande honetan ez da halakorik izan. Talde bizkaitarrak laurden guztiak eraman ditu eta aurreneko laurdena izan ezik, zortzi puntu edo gehiagoko aldeaz irabazi ere Ondorioz, partida eramateaz aparte puntu aldea ere irabazi du Lucas Fernandezen taldeak.

Ondorioz, jaitsiera postuetara itzuli da Araski astebeteko «oporren ostean». 8-14 balantzearekin, hamahirugarren posturaino jauzi egin dute gernikarrek, Cadi La Seu eta Joventutekin berdinduta. Kutxabank Araski, berriz, 7-15 balantzearekin geratu da eta puntu aldea galduta duelako Cadi La Seu zein Gernikarrekin, Joventutekiko aldea eramatea da gasteiztarren erremedio bakarra.

Martxoaren 6an jokatuko dute gasteiztarrek Badalonako taldearen aurka Mendizorrotzan. Gogoan izan behar da joaneko deman arabarrak 74-80 gailendu zirela. Ondorioz, Mendizorrotzan irabaziz gero, katalanekin berdinduko lukete eta mailari eusteko urrats handia emango lukete ere.

Baina neurketa hori martxoaren 6an jokatuko da eta igande honetan baino lan txukunagoa egin beharko dute Made Urietaren jokalariek. Aurreneko laurdenetik nagusitu da Gernika, baina 21-19ko emaitzak ez du gero gertatu den jipoirik inola ere aurreratzen. Bigarren laurdenean, ordea, bizkaitarrek 26-12ko partziala erdietsi dute eta atsedenaldian 47-31ko markagailua izan dela, ez da granate kolorea besterik izan Malosten.

Aurreneko laurdenean Westerik eta Joy Adams fin aritu badira, bigarrenean Ane Olaeta eta Emily Bessoirren txanda izan da. Arabarren artean, Dornstauder eta Isabela Jourdain egoki aritu badira ere, bigarren laurdenetik aurrera erreferente falta nabarmena nozitu du Made Urietaren taldeak. 35-29tik 47-31ra 12-2ko partziala erdietsi du Lointek Gernika Bizkaiak, eta akabo derbia handik aurrera.

Bigarren erdian ez da besterik gertatu bigarren laurdenean ikusitako istorioaren errepikapena baino. Hirukoetan fin aritu dira bizkaitarrak, arabarrak ez; erreboteetan Lointek Gernika erabat nagusi izan da; 49-30; azken hamar minutuetan Araskik laurden bat irabazteko aukerarik ez du izan, eta zazpi garaipen eskasekin, jaitsiera postuetara erorita prestatu beharko du datorren asteburuan Mendizorrotzan Leganesen aurkako norgehiagoka –uneotan zortzigarren sailkatua 10-12 balantzearekin– eta batez ere hemendik bi aste barru Joventuten aurka jokatu beharrekoa. Horietan bai ezingo duela kalerik egin talde gasteiztarrak.

IDK Euskotren garaile

Larunbatean jokatu zuen IDK Euskotrenek eta azken aldiko bolada txarra etetea lortu zuen Cadi La Seuren kantxan 42-77 irabazi ondoren. Laurden guztiak izan ziren donostiarrentzat, baina bereziki bigarren laurdeneko erakustaldiak irabazi zuen neurketa, 6-24ko partziala erdietsi baitzuen Azu Muguruzaren taldeak.

Yvonne Ejim eta Paige Robinsonek gidatu zuten Azu Muguruzaren taldea eta ez zuten aurrean inolako oztoporik aurkitu, Nahan Niarek izan ezik, talde katalaneko inor ere ez 10 puntuko langara iritsi. Behar zuten gipuzkoarren konfiantza berreskuratzeko moduko neurketa bat eta berriz ere sailkapenean gorantz begiratzeko parada dute: 9-13 balantzearekin hamargarren posturaino igo  baitira.