Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Eskaladan ere, jarrera politikoek indarra dute

Bezasen Palestinaren aldeko lehen eskalada topaketa antolatu den bitartean, eragile asko eskatzen ari dira Israel nazioarteko lehia ofizialetatik kanpo uztea. World Climbing federazioak, berriz, Errusia eta Bielorrusia txapelketetara itzultzea erabaki du.

Bezasen Palestinaren aldeko eskalada topaketa antolatu dute.
Bezasen Palestinaren aldeko eskalada topaketa antolatu dute. (@climbersforpalestine.spain)

Maiz entzuten da politika eskaladatik at utzi behar dela. Ohartu ala ez, iritzi hori emateagatik politika egiten ari dira. Baina, tira, ez gaitezen digresio horietan sartu eta eskalada-politika binomioaren mamira joan gaitezen.

Argi dagoena da politikak arlo guztiak ukitzen dituela, baita kirola ere. Izan daiteke kirolariek, eragile sozialek edo erakunde instituzionalek bultzatuta.

Azken bolada luze honetan, Israelgo sionismoak Palestinaren aurka daraman estrategia suntsigarria eta Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkak isla izan dute eragile ezberdinen jarreretan. Palestinako gaia kontuan hartzen badugu, bi norabide ezberdin ikusten ari gara. Eragile sozialak eta eskalatzaileak Palestinaren aldeko elkartasuna aldarrikatzen ari diren bitartean, Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioak edo World Climbing erakundeak oraindik Israelgo selekzioa onartzen du antolatzen dituen lehiaketa ofizialetan.

Heldu den martxoaren 13an, 14an eta 15ean, adibidez, Bezas herrian (Teruel) Palestinaren aldeko lehen eskalada topaketa antolatu du Climbers for Palestine (Espainiako adarra) kolektiboak. Elkartasun ekimen horren inguruan, antolatzaileek eskertu nahi izan dute Bezaseko Udalaren eta festen batzordearen babesa: «Baita dendek eskaini diguten laguntza ere. Ohore bat da eragile horiekin lan egitea; izan ere, aukera eman digu ekitaldiz betetako asteburu oparoa antolatzeko. Elkartasuna, bizikidetza eta konpromiso kolektiboa oinarri izango dira».

Albarracineko mendilerroaren bihotzean egingo den topaketa horrek egitarau luzea du: musika, taberna, ikastaro ezberdinak, hitzaldiak, emanaldiak, elkartasun afaria… Antolatzaileek aurreratu dute topaketen helburua eskalatzaileen artean gune bat eraikitzea dela herrien askatasunaren aldeko borrokaren inguruan hausnartu eta iritziak partekatzeko: «Guretzat eskalada tresna bat da batzeko, kontzientzia hartzeko eta, bide batez, eraldaketa sozialean eragiteko».

Ekimen gehiago

Bien bitartean, Mendiko Kiroletako eta Eskaladako Espainiako Federazioak (Fedme) iragan abenduan eginiko Batzar Orokorrean adostu zuen World Climbing federazioari (duela gutxira arte, Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioa) eskatzea Israelgo selekzioak nazioarteko lehietan parte-hartzearen inguruan eztabaida has zezan. Egun, Palestinako selekzioak ez bezala, hitzordu guztietan Israelgoa izaten da. Proposamenak aldeko 26 boto izan zituen, 7 aurka eta 9 abstentzio. Fedmek-k dio erabaki hori hausnarketa zabal baten parte bat dela: «Hain zuzen ere, giza eskubideen urraketa larrien testuinguruan kirol erakundeek ardura izan behar dute».

Antzeko erabakia hartu dute Italian eta Britainia Handian. Urtarrilaren 12tik aurrera, Italiako rokodromoek ‘Eskaladaren erantzuna’ lelopea kanpaina hadi dute. Sinadura bilketa bat da, eta mezu oso argia du: Israelgo Eskalada eta Mendizale Federazioaren (ILCA) aurka neurriak hartzea.

Espainiako federazioak bezala, eskatu dute nazioarteko federazioak apirilean egingo duen Batzar Orokorrean ILCA baztertzearen eztabaida sortzea.

Britainia Handian ere, British Mountaineering Council federazioari gauza bera eskatu diote beste sinadura kanpaina baten bitartez. Israelgo selekzioa nazioarteko lehietatik kanpo uzteaz gain, gogoratu dute Palestinan ezin dela eskalatu Israelek gero eta lurralde gehiago bereganatu dituelako.

Beste aurpegia

World Climbing-ek eskari horiei entzungor egiten ari zaien bitartean, federazioak berak hilaren 10ean eta 11n Torinon (Italia) eginiko bileran onartu zuen Errusia eta Bielorrusia nazioarteko hitzordu ofizialetara itzul daitezen. Gogora dezagun Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik, bi herrialde horietako federazioak zigortuta egon direla. Baina diogun bezala, berriro itzuliko dira erakundearen egiturara. Eta horretarako gutun bana bidali die.

Alabaina, itzulera hori ez da erabatekoa eta baldintzarik gabekoa izango. Kirolari errusiarrak eta bielorrusiarrak estatus neutral baten menpe lehiatuko dira, eta egoera aldatu arte bi herrialde horietan ezingo da nazioarteko lehiaketarik egin. Beste era batera esanda, lehiatzeko aukera izango dute, baina banderarik eta ereserkirik gabe.

Gogoratu behar dugu, besteak beste, Munduko Kopa eta Txapelketa antolatzen dituen nazioarteko federazio hori duela bi urte saiatu zela eskalatzaile errusiarrak eta bielorrusiarrak berriro hitzordu ofizialetan sartzea. Italiako bilerak beste urrats bat egin du eta, bete-betekoa ez bada ere, selekzio horietako eskalatzaileak aurrerantzean lehiatzen ikusiko ditugu. Ez da normalizazio osoa, baina eragile askok dioten modura erabaki  hori Israelgo administrazio sionistaren eta Palestinaren kasuekin erabat kontrajarria da.

Momentuz, World Climbing federazioak heldu den apirilean Riaden (Saudi Arabia) egingo duen batzar orokorraren zain egon behar dugu. Izan ere, arestian aurreratu dugunez, mahai gainean Israelgo selekzioaren aurkako eskakizunak izango ditu. Gai mardula eztabaidagai izango dute: kirolaren eta nazioarteko federazioen egitekoa munduko testuinguru geopolitikoan.