
ALRTUNA - EZKURDIA 22
ELORDI - ZABALETA 16
«Ez dago 22ra iristea baino hoberik sentsazio onak hartzeko». Horra Jokin Altuna, Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkari dagokion aurreneko partida irabazi ostean. 800 pilotakada baino gehiago behar izan dituzte Elordi eta Zabaleta gainditzeko, baina baita lortu ere, bereziki aurreneko herenaren ostean jokoan eta markagailuan aurrea hartu ostean.
Zentzu horretan, txapelketako partidarik onena burutu du Joseba Ezkurdiak, jokoa lau eta erdiko marraz barrurantz eramanez tarteka oso gaizki pasa duen Zabaletaren aurrean, Urdinek ez dute etsi, baina Altunaren talentua eta Ezkurdiaren joko baina larregi izan dira.
«Joko ero hori behar dugu irabazteko. Eroso aurkitu naiz eta bolea eskuan ongi sartzen. Borroka horretan gaude eta puntu honekin oso gustura, baina lehian gaude eta zentzu horretan, oso pozik gabiltza», onartu du Joseba Ezkurdiak, Atano III.a pilotalekuan eman duen erakustaldiaren ostean konforme baino askoz gehiago.
Nolanahi, konplexurik gabe ekin dio Aitor Elordik errematearen bila eta bikote urdinak arin xamar lortu ditu aurreneko aldeak, nahiz gorrien arriskuaren jakitun izan.
Halakoa izan da arriskua, hirugarren tantoan Altuna eta Ezkurdiak defentsan hasi eta erasoan amaitu dutela, denak lau eta erdian murgilduta, gorrien habitat naturala eta Zabaletarentzat bizileku arrotza. Estilo kontua baita Altuna eta Ezkurdiaren aurka aritzea, baita Arbizuko «liberoaren» parapetoari ihes egitea, bosgarren koadroa jarrita lekua hartu zein enbarazu egin, unean unekoa egiten duelako –ezin ihes egin– Ezkurdiak.
Ezkurdiaren joko puntu onari helduta iritsi da norgehiagokara Jokin Altuna bera ere, nahiz eta Elordi baino deserosoago ikusi zaion partidaren hastapenetan. Bikote urdinaren kasuan, berriz, Jose Javier Zabaleta aritu da lekurik hartu ezinik, Ezkurdiaren joko klase bereziaren aurrean asentatzeko modurik aurkitzeko lanak dituela.
Erritmoa bereziki itogarria izan da, ia bi segundotik behin pilotakada jo behar, mugimenduan sarri eta oinak tinkatzeko lanekin, ia kamera azkarrean filmaturiko tantoak jokatu dituzte, non prezisioaren lekuan bat gehiago jotzeak balio izan duen sarritan. Era berean, aurrelarien keinuek eta Ezkurdiaren pilotakada originalek –dela bi hormakoa airez edo atzetik, dela dejada seigarren koadrotik ezker hormarantz– une oro partidaren abiadura bizitu eta aldatu egin dute, Zabaletaren «klasizismorako» joera erabat hautsiz. Nolanahi, ia beti urdinek eraman dute agindua aurreneko heren honetan, batik bat Elordik berak ere bere zatia bikain bete duelako, bere jokoa arerioen estilora moldatuz eta inoiz, bere atzelariari arnasa har dezan bi urrats atzera emanaz.
Hala ere, aurreneko atsedenaldian 9-8 aurretik izan dira Altuna eta Ezkurdia, beren jokorako oso egokia suertatu den pilota oso ilun bati etekina aterata. Are gehiago, lehenengo geldialdi luzera are eta abantaila handiagoz iritsi dira urdinen erabaki oker pare bat baliatu ostean: 12-9, batik bat Ezkurdiaren jokoari moldatu ezinik.
13-9raino joan dira gorriak, Zabaletak txokoan luze moztuta bolada eten duen arte. Alabaina, gorriek bigarren heren horretan jokoaren eta markagailuaren ekimena hartu dute, urdinek beren maila apur bat jaitsi dutela baliatuz.
Altunaren ordua
Jokin Altunak egin du gorantz tarte horretan. Nekea antzematen hasi delarik lau pilotariengan, zuloak ere hasieran baino handiagoak hasi dira bilakatzen eta hor aurkitu du Amezketako aztiak bere aztikerietarako tartea. Urdinek maila ona erakutsi duten arren, Zabaletak ezin izan du behar bezalako jarraitutasunez luzatu bere pilotakadarik eta hor gorriak gero eta erosoago sentitu dira, eta Ezkurdiarekin lasai aurkitu delarik, Altunak ere erosoago jokatu ahal izan du.
Zentzu horretan, 17-11koa lortzeko ezker airez txokoan hilda laga duen tantoa oso adierazgarria izan da, urdinen balizko erreakzioa errotik eteteko sekulako tantoa amaitu baitu.
Ezin esan, bestalde, beherantz nabarmen egin dutenik Elordik eta Zabaletak, baina jokoa aurkariek markatutakoa izan da eta askoz gehiago ibili behar izan dute, sarritan elkarri nahi gabe traba eginez, bien tartera joan diren pilotakada horiek eramateko. Hala, nekea ere nahi baino gehiago pilatu zaie, eta Altunak atzean 18-12koa lortu duenean, mundua burutik behera erori zaie azken atsedenaldi luzeari aurre egiteko orduan.
Urdinak, nahi baina...
Zorte apur batekin akaso, Aitor Elordik txokoan moztuta hamahirugarren tantoa igo dute urdinek eta hurrengoan, berriz, Altunari behera joan zaio bere ezkerkada. Ez dira etsitzeko etorri Donostiara urdinak, baina 19-14 amaitu den tantoan utzi dituzte azken indarrak, Zabaletak bereziki. Baina azkenean ezkerrez dejada eginda amaitu du Altunak.
Nolanahi, hogeita bigarren tantora iristeko lana galanki egin behar izan da, eta hor Joseba Ezkurdiak berriro maisuki jokatu du, bai airez eta baita botez ere. Horrez gain, Zabaletari gora joan zaio eskuinkada markagailua 21-14 jartzeko, gorrien zaleen pozerako. Urdinek oraindik ez dute etsi, tanto aldea garaipen kopurua bezain garrantzitsua baita ia final nagusira begira.
Elordik txokoan lehenbizi eta Zabaletak atzean gero, 21-16raino hurbildu dira 2023ko Binakako Txapeldunak. Ondorioz, gorriek eskatu dute atsedena, besterik ezean, urdinen beroaldia hozteko.
Eta ezin beste inola amaitu, Ezkurdiak amaitu behar partida. Eskuin boleaz bi hormakoa jo du eta defentsatik erasora pasa d. Zabaletak kostata eraman du eta gero txokoan luze jota amaitu du Arbizuko liberoak, Binakako Txapelketa honetan jokatu duen partidarik onena beteaz.
PARTIDAKO FITXA
Iraupena: 78 minutu Pilotakadak: 801. Sakez: 1 Altunak eta 1 Elordik. Jokoan egindakoak: 10 Altunak eta 5 Ezkurdiak; 8 Elordik eta 2 Zabaletak. Jokoan galdutakoak: 2 Altunak eta 3 Ezkurdiak; 3 Elordik eta 3 Zabaletak. Markagailua: 0-1, 0-2, 1-2, 2-2, 2-3, 4-3, 4-4, 4-5, 5-5, 5-7, 6-7, 6-8, 8-8, 9-8, 9-9, 10-9, 13-9, 13-10, 14-10, 16-10, 16-11, 17-11, 17-12, 18-12, 18-13, 18-14, 21-14, 21-16, 22-16. Gorabeherak: Finalerdietako ligaxkakako aurreneko jardunaldia, Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatua. Aurreneko sakea, urdin.

Sarandon se interesa por los presos vascos antes de los Goya: «Estaban en cárceles muy lejanas»

EEUU e Israel atacan a Irán y dan por muerto a Ali Jamenei

Solicitan testimonios de personas que pudieron ver a Josu Zabala ‘Basajaun’ con vida en Bilbo

Dos jóvenes condenados a 14 años de cárcel por violar a una chica inconsciente en Bilbo

