Martxoak 3, mende erdia igarota Gasteizko herriak ahantzi ez duen eguna
Martxoak 3 ditu. Aspaldi ez dela, diktadorea hil da. Gasteizen greba mugimendu esanguratsua garatu da azkenaldian. Zenbait enpresatako langileak borrokan daude hobekuntza soziolaboralak lortzearren eta beste askok bat egin dute haiekin elkartasunez; denak ere, askatasunen eta langileen eskubideen aldeko borrokan. Gaurko grebarako deialdiak erabateko erantzuna jaso du sektore guztietan. Goizean, Polizia gogorki oldartu zaie edozein elkarretaratze edo manifestazio ahalegin egin dutenei. Zenbait lagun balaz zauritu dituzte.
Arratsaldeko bostetan informazio-batzar orokorra dago Zaramagako San Frantzisko Asiskoaren elizan. Lau mila pertsonatik gora sartu dira; kanpoaldean, beste horrenbeste daude Poliziak tenplutik ateratzeko agindua eman duenean. Barruan bildutakoek ez ateratzea erabaki dute, eta Espainia txit katolikoaren indar armatuek ezin dutenez tenplua zapaldu, gas negar-eragilez bete dute Jainkoaren etxea. Itolarria eta ikara direla eta, jendea leihoetako kristalak apurtu eta bertatik ateratzen hasi da; irten ahala, Poliziak borra eta kulata kolpez ez ezik, tiroz ere eraso die, baita kanpotik laguntzen ahalegindu direnei ere.
Bi langile hil dituzte eta ehun baino gehiago zauritu, horietako asko larri; laster, hiru dira hildakoak, eta hurrengo egunetan bost izango dira. FM frekuentziaren bidez entzuten denez, poliziak pozik daude mila tiro baino gehiago bota dituztelako, «sarraski bat» egin dutelako eta «historiako jipoirik handiena ematen» lagundu dutelako.

San Frantzisko elizaren aurrean, lurreko baldosetan, «justizia» hitza ageri da, hildako langile baten odolaz norbaitek idatzia.
Haustura vs «adiskidetzea»
Odolezko hitz hori agertu zen lekutik oso gertu monolito bat dago gaur egun, sakailatutako langileen oroimenez eraikia. Sarraskiaren ondoren han jartzen ziren oroigarri guztiak eraitsi egiten zituen Poliziak, eta 1983an haietako bat jartzen saiatu ziren herritarrak atxilotu egin zituzten; hurrengo urtean, baina, porlan azkarrez finkatzea lortu zuten lurretik altxatzen den burdinazko ukabil hori, gaur arte. Azken urteetan, alderdi gehien-gehienek –Manuel Fragaren eta Rodolfo Martin Villarena barne– eta instituzioetako arduradunek lore eskaintzak egiten dituzte monolito horretan, hainbat urtez euren jazarpenaren edo onenean ezaxolaren lekuko izan den lekuan, «justizia» eskatzen zuten baldosa haien parean, hain justu. Justizia, urtero-urtero gaurko egunez Gasteizko kaleez jabetzen den aldarria.
Duela 50 urte ezkerreko indar politikoek haustura demokratikoa aldarrikatzen zuten, Hego Euskal Herrian eta Estatu osoan; frankismoarekiko lotura oro bertan behera uztea, indar errepresiboak desegitea, Estatuko herrien autodeterminazio eskubidea, amnistia... Hala ere, ezkerreko indar nagusiek monarkiaren inguruan diseinatutako trantsizioaren aldeko apustua egin zuten, diktadurako eta ondorengo errepresioaren eragileei erantzukizunik batere eskatu gabeko «adiskidetzearen» izenean, eta, eskuineko indarrekin bat eginda, trantsizioaren fiskalizazioa ez ezik haren planifikazioa ere frankismoaren aparatuetako zenbait arduradunen eskuetan utzi zuten.
Gasteizko martxoaren 3a ez zen izan diktaduraren inertzien ondorio edo aztarna, errotiko aldaketaren nahiaren aurkako abisu bortitza baizik. Demokrazia berria zelakoak, luze gabe, preso politikoak askatzea baliatu zuen aldi berean lehenagoko eta geroagoko errepresioaren inpunitatea legeztatzeko. Horren erakusgarri izan ziren hilabete bi geroago Montejurran eta 1978ko sanferminetan izandako hilketak, besteak beste.
Frankismoaren ostean Euskal Herrian eta Estatuan izandako bilakaera politikoaren isla izan zen Gasteizko sarraskiaren memoriaren ibilbidea: hildako langileen eta haien borrokaren memoriari eusteko bide malkartsua, ahanzturaren aurkako borroka luze eta trabaz betea. Baina beharrezkoa; izan ere, 1976ko martxoaren 4ko ‘El Correo’-ko lerroburua irakurri besterik ez zegoen: ‘Dos muertos y más de cuarena heridos en enfrentamientos de manifestantes y fuerza pública’ (Bi hildako eta berrogei zauritu baino gehiago manifestarien eta indar publikoaren arteko liskarretan).

Memoriari eustea vs ahanztura
Sarraskiaren lehen urteurrenean, PSOEtik KASeraino, UGTtik SU (Sindicato Unitario, desagertua) eta LABeraino, tartean EAJk, sindikatu guztiek eta alderdi gehienek eta elkarte ugarik deitu zuten ekitaldietara, edo beren sostengua agertu zuten.
1977an greba egin zuten hainbat sektorek, eta katedralean egin zen hiletaren ondoren, kanpoaldean zegoen jendetza barreiatu egin zuen Poliziak ke-potoak jaurtiz; halaxe kontatu zuen ‘El País’ egunkariak biharamunean, «grebalarien eta indar publikoaren arteko liskar bortitzek eragin zituzten bost hildakoen oroimenezko» hiletaren berri ematean.
1978an albiste izan zen Gobernu Zibilak hildakoen omenezko hileta baimendu zuela, eta biharamunean, sindikatu eta alderdi gehienek antolatu edo sostengatutako greba orokorraren berri eman zuen “Egin”-ek. EAJk ez zuen greba babestu, komunikatu batean esan zuenez hildakoen omenez egin zitekeen «omenaldi onena otoitz bat eta lana eskaintzea delako». EAJren arabera, adiskidetzeko espirituak «garai berri baten hasiera markatu behar du, (...) guztien guztientzako barkamena eta ahaztea bihurtu arte». Hileta eta manifestazioa oso jendetsuak izan ziren.
1980an sindikatuen arteko lehen tirabirak izan ziren; alde batetik UGT, CCOO eta ELA, eta bestetik, LAB, SU eta CNT. Hurrengo urtean, bi bloketan egin zen manifestazioa, eta hurrengo bi urteetan ELA, UGT eta CCOOk urteurreneko ekitaldietara deitzeari utzi zioten, langileen aldeko borroka guztien erreferentzia Maiatzaren 1a zela argudiatuta. Zenbait alderdik ere bizkarra eman zioten urteurren horri, besteak beste «borrokarako bideek beste aukera batzuk eskaintzen» zituztelako.
1983tik gaur arte, LAB, ESK eta Steilasek eutsi izan diote urtez urte M3ko borrokaren memoriari, eta 2002an ELA batu zitzaien berriro. Zenbait erakunde politikok eta sindikalek ere agertu izan dute beren sostengua, eta asko izan dira mende erdi honetan parte hartu izan duten askotariko erakunde sozial eta elkarteak, gaur egun beren kabuz desagertuak nahiz legez kanpo ezarriak. Aipatu beharra dago, era berean, hainbat apaizen jarrera, Elizaren hierarkiarenaz guztiz bestelakoa, borroka hark iraun zuen bitartean eta ondoren ere zalantzarik egin gabe langileen alde erakutsi zuten jokaera duin eta konprometituagatik.
80 eta 90eko hamarraldietan, manifestazioa bloketan bananduta egin zen sarritan, eta parte hartzea gehienetan ez zen oso handia izaten, azken urteon aldean behinik behin. 1999an Martxoak 3 Elkartea sortu zen, justizia, egia eta errekonozimendua lortzeko xedez, eta 2016tik elkarte horrek manifestazio bateratua antolatzen du euskal gehiengo sindikalarekin batera.
«Justizia» hitza odolez idatzita agertu zen baldosa haien parean egiten dira lore eskaintzak. Justizia, urtero-urtero gaurko egunez Gasteizko kaleez jabetzen den aldarria
Mende erdia igarota
Martxoaren 3ko sarraskiaren urteurrenak bost hamarralditan haietan parte hartu izan dutenen elkartasunaren lekuko dira. Intsumisoen mugimenduak, arrazakeriaren aurkakoak edo feminismoak babesgune izan dute urteroko ekitaldietan. 1988an, esate baterako, Expal enpresan lan istripuz hil ziren langileak gogoratu zituzten eta, haiekin batera, bezperan Herrerako kartzelan hildako Mikel Lopetegi, aurreko urtean Txomin Iturbe bezala. 2006an, Espainiako espetxeetan hil berri ziren Igor Angulo eta Roberto Saiz euskal presoen argazkiak manifestazioaren buruko ikurrinean jarri zituzten dolu xingola batekin, baina Ertzaintzak argazkiak eta xingola kentzeko agindu zuen eta manifestazioaren aurka oldartu zen kolpe eta pilotakadaka. Martxoak 3 Elkarteko bozeramaile Andoni Txasko eta elkarteko beste kide bat jipoitu zituzten, baita biak eta beste lagun bat atxilotu ere.
60ko hamarkadan ernatzen hasitako langile kontzientzia askatzailea, 1972an Gasteizko Michelineko langileen greban ere sumatu zena, 1976ko sarraskiaz ito nahi izan zuten, eta balantzea benetan samina izan zen; Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moral hil zituzten –baita Vicente Anton Ferrero eta Juan Gabriel Rodrigo Knafo ere Tarragonan eta Basaurin ondorengo protestetan–, dozenaka herritar zauritu, atxilotu, lanetik kaleratu, kartzelatu.... baina ez menderatu. Gasteizko herriak justizia nahi du mende erdia igarota. Izan ere, ahanzturaren hautuari memoriarena gailendu zitzaion. Gaur bertan, Gasteizko kaleak lekuko.

Dos chicas de Barakaldo y uno de Balmaseda, entre los fallecidos en la pasarela de Santander

Samaa Kadri Kasmi: la mejor nota de Bachillerato en Nafarroa tiene nombre y vocación

3 de Marzo: 50 años después el pueblo de Gasteiz se une contra el olvido y la impunidad

Ahanzturaren aurkako musika: Martxoaren 3koa gogoratzeko 50 abesti
















