NAIZ

Beasaingo Ingeteam Indarreko langileek lanuzteak egingo dituzte martxoaren 5 eta 25 bitartean

Beasaingo Ingeteam Indarreko Enpresa Batzordeak zuzendaritzaren «negoziatzeko borondate falta» salatu eta lanuzteei ekingo diela jakinarazi du. Martxoaren 5etik 25era mobilizatuko dira eta martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egingo dute.

Ingeteam Indar enpresako egoitza, Beasainen.
Ingeteam Indar enpresako egoitza, Beasainen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Beasaingo Ingeteam Indarreko Enpresa Batzordeak salatu du «zuzendaritzak ezinbestekoak diren zenbait edukiren gainean hitz egiteko duen borondate falta», enpresako langileak azken asteetan enpresa hitzarmenaren hainbat negoziaketa bilera egin ostean. Horregatik, plantillak erabaki du lanuzteak ekitea, martxoaren 5 eta 25 bitartean, baita martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egitea.

ELA sindikatuak asteazken honetan ohar baten bidez jakinarazi duenez, zuzendaritzak hasieratik «nahikoa ez den soldata igoera murritz batera» mugatu nahi izan du negoziaketa, enpresa batzordearen aldetik eros ahalmena berreskuratzeko, kontratazio berriak egin eta enplegua bermatzeko edo azpikontraten baldintzak duintzeko egindako proposamenei «entzungor eginez». Horretaz gain eta besteak beste segurtasuna, presentzia egunak murriztea eta presentzia ordu guztiak zenbatzea ere badaude aldarrikapenen artean.

Beasaingo Ingeteam Indar enpreseko langileek greba eta mobilizazio fase bati ekingo diote eta asteazken honetan egindako asanbladan gehiengo osoz, mobilizazioak aurrera eramatea erabaki da. Lehen mobilizazio txandan, bi orduko lanuzteak izango dituzte martxoaren 5ean, 9an, 11an, 23an eta 25ean; eta lau orduko lanuztea martxoaren 16an. Era berean, M17ko greba orokorrarekin bat egitea erabaki da.