
Anders Thomas Jensen zinegile daniarrak bere ohiko aktoreengana jo du film berrirako: Mads Mikkelsen eta Nikolaj Lie Kaas. ‘The Last Viking’ komedia beltzaren eta dramaren arteko mugan kokatzen den proiektua da; Veneziako Mostran izan zuen mundu mailako estreinaldia.
Anker espetxetik irten berri da, lapurretagatik ezarritako hamabost urteko zigorra bete ondoren. Lapurtutako dirua bere anaia Manfredek lurperatu zuen, eta hark bakarrik daki non dagoen. Baina, denboraren poderioz, Manfredek nahasmendu mentala garatu du eta oroimena galdu du; orain, gainera, The Beatles taldeko kideetako bat dela sinetsita dago. Egoera horretan, bi anaiek ustekabeko bidaia bati ekingo diote: dirua berreskuratzea ez ezik, nor diren –eta nor izan nahi duten– argitzeko ahalegina ere izango da.
Mikkelsen eta Lie Kaas dira filmeko ardatz nagusiak, baina haiekin batera aktore talde sendoa bildu du zuzendariak: Sofie Gråbøl, Søren Malling, Bodil Jørgensen, Lars Brygmann eta Nicolas Bro, besteak beste. Guztien artean, pertsonaia xelebre bezain gizatiarrez osatutako lan korala eraikiko dute.
‘The Last Viking’-ek Jensen, Mikkelsen eta Lie Kaasen arteko sormen-konplizitatea berresten du. Zuzendariaren hitzetan, elkarlan horrek «urrunago joateko» aukera ematen du, bai tonuari bai pertsonaiei dagokienez, elkarren arteko konfiantzan eta proposamen ausart bezain hunkigarriak arriskatzeko prestutasunean oinarrituta. Konplizitate hori komedia deserosoaren eta emozio zuzenaren arteko orekan islatzen da, identitateari eta bizirauteko asmatzen ditugun fikzioei buruzko alegia garaikide bat osatuz.

Fallece el corredor de montaña legazpiarra Jokin Uribetxeberria en el monte Korosti

Una trifulca de bar que ha durado 10 años: se cumple la última condena por el ‘caso Altsasu’

Irán advierte de nuevas armas, ataque a «gran escala» en Teherán: lo último de la guerra

Una marcha a El Sadar denuncia las cargas policiales y pide el cese de la delegada del Gobierno

