NAIZ
Gernika

Korrikan ‘Gazte euskaltzaleen olatua’ sortzeko ekimena abian da, zapi bereizgarriekin

Gazte Euskaltzeleen Sareak Korrikaren harira dinamika bat jarri du martxan, gazteak erdigunean jartzeko eta euskararen aldeko lasterketa erraldoian aktiboki parte hartzeko proposamenarekin. Gazte zapia da dinamika horren adierazle nagusia.

Gazte Euskaltzaleen Sareak gazte olatua sortu nahi du Korrikan.
Gazte Euskaltzaleen Sareak gazte olatua sortu nahi du Korrikan. (Jon URBE | FOKU)

Gazte Euskaltzeleen Sareak (GES) dinamika bat jarri du abian 24. Korrikaren harira, gazteak erdigunean jartzeko eta martxoaren 19tik 29ra Euskal Herria zeharkatuko duen lasterketan aktiboki parte hartzeko proposamenarekin. Gazte zapia da dinamika honen adierazle nagusia. Gernikan ostiral honetan egin duten agerraldian azaldu dutenez, bian da ekimena eta herri askotan «loratzen ari da euskararen aldeko gazte borroka».

GESek garatutako proposamenean gida bat eskaintzen da, besteak beste. Bertan hamaika ideia garatzen dira, auzo eta herrietan antolatuko diren gazteek lagungarri izan ditzaten. Elementu nagusia gazte zapia da eta bere helburua da, herri eta auzoetako lana ikusarazteaz gain, ‘Gazte Olatua’ sortzea. Hortaz, gazte orori dei egin diote zapia jantzita Korrikan parte hartzera, eta herri eta auzoetako egitarauekin bat egitera.

Atharratze eta Bilboko hitzordu nagusiei begira, nabarmendu dute «ezinbestekoa» izango dela gazteen presentzia, eta hauen ardura izango dela bertan ere ‘Gazte Olatua’ ikusaraztea. «Bilbo izango da arreta gune nagusia, hemen amaituko baita Korrika, eta indar erakustaldia inon baino handiagoa izan behar da», adierazi dute.

Hori horrela, egitarau bat prestatu dute Bizkaiko hiribururako. 10.30ean La Casillan ‘Gazte euskaltzaleon olatua’ sortuko da; gazte guztiak batera sartuko dira Korrikara, denak zapiekin. Ondoren, 13.30ean Hots Kolektiboa Elektrotxarangak girotuko du «festa, saretze eta borrokaz betetako egun hau».