Burujabetza feminista gerra inperialisten aurka
Euskal Herriko Mugimendu Feminista gerra inperialisten aurkako diskurtsoei lotuko zaie gaur. Eta indar erakustaldi bat eginez, hagitz askotarikoa dela erakutsiko du, marra gorriak argi utzita betiere. Feminismotik bertze mundu bat eraikitzen ari dira.

Sektore transfobo batzuk mugimendu feministaren izenean gorrotozko diskurtso zatitzaileak plazaratzen ahalegindu dira, eta Martxoaren 8 honetan Euskal Herriko Mugimendu Feministak argi utzi nahi du bere parte direla trans pertsonak eta beti eginen dutela haien eskubideen alde. Hedabide batzuk zatiketa bat irudikatzen saiatu arren, banaketa hori gezurra dela azpimarratu dute. «Sektore txiki batek gorroto hori jarri du mahai gainean, eta guk inportantea ikusi dugu gure izenean ez dela horrelako diskurtsorik egingo erantzutea», azaldu dio GARAri Naia Torrealdai Bilguneko kideak.
“Irauli eraikitzeko. Burujabetza feminista” leloa aukeratu du Bilgune Feministak. «Gure proiektu politikoaren ardatz nagusietakoa da burujabetza, ez bakarrik formala edo lurraldearena, baizik eta bestelako burujabetzak. Aurten lelo honekin atera gara burujabetza hori eraikitzeko gauza asko irauli behar direla iradokitzeko. Gure irakurketan, momentu historiko honetan sakondu dugu, zeinetan inperialismoaren atzaparrak hain sakon dabiltzan sartzen. Hori eta gorroto diskurtsoak irauli, eta burujabetzak eraiki behar ditugu», defendatu du Torrealdaik.
Euskal Herriko Mugimendu Feministaren lema ildo beretik doa: “Beste mundu bat feminismotik”. Mugimendu honen partaide da Bilgune eta bere proiektu politikotik ekarpena egiten dio. «Mugimendu feministan oso-oso argi ikusi da Euskal Herriko hainbat txokotan aurten garrantzia eman behar geniola, alde batetik, munduan gertatzen ari denari, gerrekin lotutako indarkeria inperialistari, eta, bestetik, horren aurrean Euskal Herrian ere sumatzen ari garen gorroto diskurtsoei eta eskuin muturrari. Azkenean biak lotuta daude: inperialismoaren zabalpena eta gorroto diskurtsoen hedatzeak halako politikak posible egitea».
«Euskal Herrian ez dago horrelako faxismo antolaturik bere horretan, baina faxismotik oso hurbil dauden diskurtsoak gurean ere lurreratzen ari dira», ohartarazi du. «Mugimendu feministari dagokionez, transfobiaren diskurtsoa bere lekua egiten ahalegintzen hasi dela ikusi dugu, baita feminismoaren izenean gorroto diskurtsoak eta trans pertsonenganako indarkeria erreproduzitzen ere. Eta hori guretzat bada marko faxista bat. Horri ere izen-abizenak jartzea inportantea da oso dikotomikoa dela ematen duelako: eskuin muturra eta besteok. Baina ez. Batzuetan, ezkerreko inguruetan ere beren arrastoa uzten dute horrelako diskurtsoek».
Azken urteetan borroka ugari jarri ditu martxan Euskal Herriko Mugimendu Feministak: indarkeria matxistaren aurkako protokoloak, espazio seguruak lortzeko ahaleginak, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko Greba Feminista Orokorra, lantoki, jai eta kaleetako dinamikak... Konstituzio berria idazteko prozesuan sartuak dauden txiletarrak ere inspiratu ditu zaintza grebak eta horrekin hagitz harro daude. «Txile erreferente bat da, prozesu konstituziogile indartsu bat egiten ari dira, eta gu inspirazio izatea oso-oso polita da. Hor dago internazionalismoa. Lotuta gaude eta gure proiektuek elkar inspiratzen dute».
Posizioa hartu eta borrokatu
Antolakuntza eta borroka dira mugimendu feministaren armarik indartsuenak eta etxean gelditzea ez da aukera bat. Gainera, azken urteetan, itxaropenaren apologia egin dute, bertzeren artean, Angela Davisek eta Jule Goikoetxeak, eta Bilgune ere horretara lotzen da. Alternatibarik ez dagoela edo mundua amaitzera doala irudi dezake. «Irango gerra honekin amildegi batean gaudela ematen du. Fase historiko bat bukatu eta beste bat sortzera doala dirudi eta fase berri honek beldurra ematen du. Baina beldur horren gainetik oso politikoa den zerbait egin behar dugu: posizioa hartu. Eta hortik borrokatu, gure burujabetzen eta askatasunen alde, politika berriak sortuz, zeinetan bizitza bizigarriak egonen diren erdian eta ez pilaketa».
Halako egun bat nola antolatzen den galdetuta, irria atera zaio Torrealdairi: «Mugimendu feminista ez da egitura bat, eta ez da erraza. Hiriburuetako koordinakunde bat daukagu: Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kideak batzen garen espazio bat, eta bertan koordinatzen saiatzen gara hiriburu bakoitzeko asanbladetan hitz egin dena. Aurten nahiko erraza izan da, oso argi egon delako guztietan inperialismoaren eta burujabetzaren gaiak hartu behar duela pisua».
Herri eta auzo batzuetan koordinazio horretan proposatutakora batzen dira. Bilgunek hainbat talde ditu Euskal Herri osoan eta badaude sareak informazioa eta eztabaidak elkarrekin trukatzeko eta adostasun minimo batzuetara heltzeko. Badaude auzo edo herri batzuk ere zeinetan problematika zehatz bat lantzen duten, beharrizana dutelako.
Gizonei ere dei egin nahi diete: «Hartu zuen ardura! Guk badugu konpromisoa feminismoarekiko ideologia, teoria eta praktika politikoa eratzeko, baina eraldaketa eta burujabetza feminista ez da gugandik bakarrik etorriko. Gizonek ardurak hartu behar dituzte euren buruarekin, pribilegioak eta gizontasuna deseraikiz, eta feminismoarekin ere bai, batez ere indarkeria matxistaren kudeaketan», azpimarratu du Bilguneko kideak.

Cuatro detenidos y cargas de la Ertzaintza contra la flotilla a su llegada a Loiu

UPN, PP y Vox patalean porque la nueva camiseta del Athletic tiene un mapa de Euskal Herria

Venezuelan hil da Xabier Arruti Imaz Lazkaoko iheslari ohia

Iberiar Penintsulan ia desagertuta dagoen landare espezie bat aurkitu dute Gasteizen

