Andoni Arabaolaza

Jonatan Garciak Pirinioetako lau ‘handi’ lotu ditu 35 orduko jardunean

Hilaren 2an eta 3an, alpinista barakaldarrak Aneto, Maladeta, Perdiguero eta Posets igo zituen. Bizikleta erabili zuen trantsizioetarako, eta jaitsiera guztiak eskiez egin zituen. Denera, 105 kilometro eta 7.400 metroko desnibela dituen ibilbidea izan da.

Jonatan Garciak Aneto, Maladeta, Perdiguero eta Posets lotu ditu.
Jonatan Garciak Aneto, Maladeta, Perdiguero eta Posets lotu ditu. (Jonatan Garcia)

Jonatan Garcia Benasquera bizitzera joan zenetik, ingurumari hartan dauden mendiak gogor «astindu» ditu. Urtaro ezberdinetan, makina bat jardueratan ikusi dugu: bide berriak zabaltzen, loturak egiten… Alabaina, entrenamenduetarako alderdi paregabea izateaz gain, saiatzen da aktibitateari ukitu berezi bat ematen. 

Hilaren 2an eta 3an, adibidez, Benasque bertatik irten eta Pirinioetako lau ‘handi’ lotu zituen: Aneto, Maladeta, Perdiguero eta Posets. Neguan eta bakarka. Benasquera itzuli eta biribildutako ibilbideak honako datuak eman zituen: 105 kilometro eta 7.400 metroko desnibela. Bizikleta izan zuen garraiobide trantsizio guztietan, eta jaitsiera guztiak eskiez egin zituen. Hortaz, bitarteko garbiekin eginiko jarduera baten aurrean gaude. 35 orduko denbora izan zen.

Diogun bezala, alpinista barakaldarrak bikain ezagutzen ditu mendi eta alderdi horiek. Jarduera bera baina norabide ezberdinean iazko udaran egin zuen 26 ordutan. Orain, berriz, bederatzi ordu gehiago behar izan ditu, baina, aurreratu dugun bezala, aktibitate hori neguan sinatu berri du elur askorekin. 

Etxetik bertatik irten zenez, lehen helburua Aneto izan zuen. Bizikleta hartu eta gauerdian lehen pedalkadak eman zituen. Llanos del Hospitalera iritsi bezain pronto, bizikleta utzi eta eskiak jarri zituen. Bakar-bakarrik eta iluntasun itxian Espalda de Anetoko ekialdeko korridorera heldu zen. Lehen eguzki izpiek kanal horren amaieran harrapatu zuten. Ertza jarraitu eta Anetoko gailurra zapaldu zuen. 

Bizkarretik eskiak kendu, berriro jarri eta jaitsierarako beste ibilbide bat aukeratu zuen. Hain zuzen ere, Maladetara eramango zuena: Portillon Superior. Hirumilakoaren iparraldeko korridorea igo eta bigarren helburuarekin egin zen. Corredor de la Rimaya delakotik eskiatu zuen.

Beste bi

Alpinista bizkaitarrak Llanos del Hospitalera iritsi bezain pronto, bizikleta hartu zuen Literolako haranera abiatzeko. Izan ere, inguru horretako beste bi hirumilako zain zituen: Perdiguero eta Posets. Nahiz eta bi eguneko leiho on bat iragarrita zegoen, eguraldia pixkanaka aldatzen joan zen. Ibilbide klasikoa igotzen ari zela, gauak harrapatu zuen. Tontorra egin, eskiak jarri eta ibilbide beretik jaitsi zen. Hurrengo trantsizioa etxera eraman zuen. Hots, epeltasunera. Geldialdia egin zuen ondo jan eta edateko. Eta, jakina, atseden hartzeko. 

Berez, geldialdi hori egiteko asmorik ez zuen, baina, Garciak berak esan duenez, aurretik zuen sekzioarekin zalantzak zituen. Ez zekien Paul izeneko lepoa kondizio egokietan izango ote zen. Gainera, bazekien gauez elurra oso gogor aurkitu zuela. Horregatik, atseden ordu horiek etxean egin zituen.

Indarrak berreskuratu zituenean, goizeko ordu batean, etxetik irten zen. Espigantosako aparkalekuan utzi zuen bizikleta. Angel Orus aterpera oinez igo zen eta han bertan eskiak jarri zituen. Ohiko bidetik Posetseko tontorrera joan zen. Ordurako, eguraldiak okerrera egin zuen: ikuspen gutxirekin eta elur-ekaitzarekin jaitsierari ekin zion. Barakaldarrak onartu du ez zela batere atsegina izan eta ez zuela disfrutatu. Aterpearen ingurumarian eskiak kendu eta oinez aparkalekura joan zen. Pirinioetako lau “handien” erronka amaitzeko, azken tartea bizikletaz egin zuen. Benasqueko etxea helmuga puntu izan zuen.

Nahiz eta oso ohituta dagoen izaera horretako jarduerak egiten, Garciak baieztatu du etxe inguruan dituen mendietan eskarmentu aparta bizi izan duela.