Markel Garzon Goitia
Aktualitateko erredaktorea

«Dena emateko baldintzarik onenetan» itzuli da Sannadi Lezamara, belauneko ebakuntzaren ostean

Aurrelari gasteiztarrak bost hilabete eman ditu taldetik aldenduta, eskuin belauneko meniskoan egindako ebakuntza dela eta. Urrian jokatu zuen azken partida, baina asteazken honetan Lezamako saioetara gehitu da «taldearen helburuak betetzen laguntzeko asmoz».

Maroan Sannadi, pasa den denboraldiko azken partidan, San Mamesen
Maroan Sannadi, pasa den denboraldiko azken partidan, San Mamesen (OSKAR MATXIN EDESA | FOKU)

Maroan Sannadik asteazken honetan Lezamako prentsa-aretoan aitortu duenez, eskuin belauneko mina pasa den denboralditik zetorren. Azaldu duenez, tratamendu kontserbatzaile bat burutzea adostu zuten medikuek, baina sasoi berriaren hasieran eramanezina bihurtzen ari zen belauneko mina. Hori dela eta, ebakuntza egin zioten azaroaren 3an, eskuin belauneko meniskoan.

Bost hilabeteren ondoren, aurrelaria taldekideekin batera azaldu da Lezaman. «Oso pozik nago, denbora luzez egon naiz zelaitik kanpo eta sentsazio oso onekin nator. Taldeak oso partida garrantzitsuak ditu orain eta nire onena ematera eta helburuak betetzen laguntzera nator», adierazi du entrenamendu saioaren ostean. 

Hain zuzen, urrian, Getaferen aurka jokatu zuen azkenekoz Athleticeko jokalariak. Guztira, Ligako 8 dema eta Txapeldunen Ligako bat jokatu ditu, gol bakarra sartuz. Ildo horretatik, «sentsazio hobeagoekin» itzuli dela sinetsita dago Sannadi: «Ebakuntza egin behar duzula esaten dizutenean, ez da erraza onartzea. Baina, lau hilabete hauetan asko ikasi dut, hobeto egin naute pertsona eta futbolari gisa. Denbora izan dut gelditzeko eta aztertzeko».

Horren harira, Sannadik zehaztu du hilabete hauetan guztietan, Barakaldon jokatu zituen partidak birpasatu dituela, «zelaian nola kokatzen den» eta «baloi gabeko jokaldietan nola mugitzen den» aztertzeko eta zuzentzeko asmoz.

Une gogorrenetan, aldagelaren babesa sentitu duela nabarmendu du Sannadik: «Egunero etorri eta taldekide hauen babesa aurkitzea talde guztiek ez duten altxorra da. Oso eskertuta nago». Horrez gain, taldeak «bere onenean» lehiatu dela eta «lesio gehiegi» izan dituztela azpimarratu du.

Asteazken honetako saioan, ordea, Unai Gomezek, Paredesek eta Nico Williamsek ez dute entrenatu taldearekin. Oraindik, min hartuta daude hirurak eta ez dira sartuko larunbateko partidarako deialdian, Gironaren aurka.