
Charles Duboulozek bazekien iragan abenduan hasitako proiektu berezia zaila izango zela. Estatu frantziarreko hiru mendilerrotan hiruna bide neguan eta bakarka igotzea ez da oso eskuragarria, besteak beste, urtaro horren osagaiek jarduera bakoitza markatzeko gaitasuna dutelako. Neurri handi batean, neguak mendi horietan eragindako kondizioen mende egon da Dubouloz. Oro har, arrakasta erdietsi du, baina ez guztiz. Horrekin batera aipatu behar dugu proiektu hori bitarteko garbiekin egin duela: hiru mendietara (etxeko itzulera ere) bizikletarekin hurbildu zen.
Grand Pilier d´Anglen kokatuta dagoen ‘Divine providence’ ibilbidea izan zen lehen urratsa. Abenduan izan zen, eta sei eguneko eskaladan lehen arrakasta erdietsi zuen. Barre des Ecriseko ‘Gamma’ izan zen bigarrena. Berez, ez zen bere asmoa. Ingurumari horretako baldintzak oso kaskarrak zirenez, azkenean, Antoine Bouqueretekin lerro hori igo zuen; lehen neguko eskalada izan zen. Berriro arrakasta lortu zuen, baina kasu honetan jarduera hori sokakide batekin egin zuen. Hirugarrena eta azkena Euskal Herritik oso gertu izan da: Midi D´Ossaun.
Alpinista frantziarrak aurreratu zuen bide historiko bat aukeratuko zuela erronka hori amaitzeko. Eta hala izan da. Bi eguneko eskaladan (otsailaren 25ean eta 26an) Ravier anaiek, Patrice Bellefonek eta S. Sartouinek 1960an sortutako marra gainditu zuen. Azken urrats horretan berriro asmatu du. Alabaina, aurreratu behar dugu trilogia horretako mendi txikienak (2.884 m) pazientzia eskatu diola. Eta hori diogu 40 egun itxaroten egon zelako baldintzak eta klimak egonkortu arte.
Ezustea
Hirugarren etapari dagokionez, protagonista honek bi aukera esku artean zituen: Pique Longueko edo Vignemaleko ‘Diedre Jaune’ eta Midi d´Ossauko mendebal-ipar-mendebaldeko isuriko bidea. Biak ala biak historikoak. Mendien kondizioak eta aurretik zuen denbora aztertu ondoren, Midi d´Ossaura abiatu zen. Aurreko helburuetan bezala, Annecyko etxetik irten zen bizikletarekin. Pirinioetara heltzea ez zen batere samurra izan: haize gogorrak, euria, elurra eta errepide izoztuak izan ziren “bidaia” luze horretako osagaiak.
Pirinioek ez zioten harrera berorik eskaini. Fronte hotz bat mendilerroan kokatu zen. Botatako elurteek oso gaizto utzi zuten Midi d´Ossau; elur-jausien arriskua oso handia zen. Bi asteko itxaronaldiaren ostean, etxera trenez joatea erabaki zuen. Eguraldia lasaitu zenean, berriz, trilogia amaitzera itzuli zen. Denera, 40 egun igaro zituen Midi d´Ossauri ekin aurretik.
Otsailaren 25ean, Ravier anaien, Bellefonen eta Sartouinen lerroan (ED-, 6b, A2, 650 m) sartu zen. Frantziarrak aurreratu du bide hori aukeratu zuela denbora gutxi zuelako. Erritmo ona zeraman, baina ibilbidearen erdira iritsi baino lehen ezustekoa izan zuen. Maniobrak egiten ari zela, motxila erori zitzaion. Egoera penagarrian aurkitu zuen bere burua; izan ere, bizkar-zakuan zeraman tresneria guztia galdu egin zuen: berotzeko arropa, lo-zakua, ura, janaria… Hots, era egoki batean aurrera jarraitzeko tresneria guztia. Zorigaiztoko une horretan eskalada bertan behera utzi eta rappelatzea aztertu zuen. Baina Duboulozek bai ala bai trilogia horri ginga jarri nahi zion, eta eskalatzen jarraitu zuen.
Gaua gainean zuen, eta alpinista horrek bazekien bibak oso gogor bati aurre egin behar ziola. Hotzetik babesteko soilik forru polar bat zuen. Plataforma txiki batean eseri eta hala nola gaua igaro zuen. Zorionez, aurreko asteotako baino hotz gutxiago egin zion. Hala eta guztiz ere, onartu du inoiz egin duen bibak gogorrenetarikoa izan zela. Hori gutxi ez, eta ez zuen edatekorik.
Biharamunean, esfortzu handia egin zuen lehen metroak eskalatzeko. Hotza astintzeko komeriak izan zituen, eta, gainera, deshidratatuta zegoen. Lan eskerga egin eta gero, ibilbide historiko hori bakarka eta neguan igotzeko gai izan zen. Frantziarrak onartu du tontorrarekin ez zuela batere disfrutatu. Bide batez esan du igotako bidea basatia eta zorrotza iruditu zaiola.
Grand Pilier d´Angle eta Barre des Ecrinsen ondoren, Duboulozek Midi d´Ossaurekin trilogiarekin amaitu zuen, eta, aurreko bi helburuetan bezala, bizikleta hartu eta Annecyko etxera itzuli zen.

Mexikon hil da Hilario Urbizu Olaztiko iheslaria, 45 urte Euskal Herrira etorri ezinean emanda

Aparece el cadáver de una mujer en la playa de Itzurun de Zumaia

La lista de Etxerat llega a 100 presos con la liberación de Julen Atxurra tras 30 años

Denuncian ante la Fiscalía a CAF por su implicación en el tranvía de Jerusalén
