NAIZ

Fukushimak 15 urte: hondamendia ez da amaitu, ondorioek hor diraute

Japoniako agintariek hondamendi nuklearra «konpontzear» eta kontrolpean dagoela diote, baita, herrialdearen historia eta geologia kontuan hartzeke, energia nuklearraren aldeko apustua bikoiztuko dutela ere. Herritarren lekukotzek, ordea, besterik diote. Hori baitu erradiazioak: ondorioen irauna.

Arma nuklearren kontrako pankartak, Fukushimako hondamendi nuklearraren 15. urteurrena gogoratzeko Seulgo protestan.
Arma nuklearren kontrako pankartak, Fukushimako hondamendi nuklearraren 15. urteurrena gogoratzeko Seulgo protestan. ( Jung YEON-JE | AFP)

Ez da iraganeko gertaera bat, ez da 2011. urteko martxoaren 11ko hondamendi hutsa, ez. Hor jarraitzen du eta hor jarraituko du urte askoan ezbehar hark. Ekaitzek ez dutelako zesio-137a eta estrontzioa garbitzen, milaka urte beharko direlako horretarako. Fukushimako arroza ez delako urteetan jangarria izango. Inguruko herriak mamu-herriak izango dira, ihes egin zuten biztanleak ez dira bueltatuko, eta bizi osoan berdintsu jarraituko dute, larriminez, tiroideak etengabe ukituz, kontrolatuz.

Duela 15 urte Fukushima Daiichiko zentral nuklearreko  hiru erreaktore urtu egin ziren, 9,0 magnitudeko lurrikara batek eta tsunami batek erreserbako sorgailuak eta erregai nuklearrez kargaturiko erreaktoreen hozte-bonbak txikitu ondoren. Laugarrena erregai nuklearrik gabe geratu zen, ondoko unitateko hidrogenoz betea, eta beste hirurekin batera lehertu zen. 

Japonia suntsitu zuen olatuak 20.000 pertsona hil zituen, eta askoren gorpuak itsasoan galdu eta ez dira inoiz berreskuratu. Erradiazio mailak bat-batean igo zirenez, inguruko herrietatik 160.000 pertsona ebakuatu eta zentral nuklearretik 20 kilometrora esklusio eremu zorrotz bat ezarri zen. Elur ekaitz bitxi bat balitz bezala, zesio-137az eta beste erradionukleido batzuez bete ziren hango bazterrak.

Segurtasun irudipen faltsua 

Hondamendi hura kontrolatzeko borrokan jarraitzen dute, istripu nuklear bat ez baita inoiz  amaitzen. Baina egia gutxi edo deus esaten da horretaz. Izan ere, lobby nuklear boteretsuaren estrategia komunikatiboa gezurrekin trafikatzen saiatzen da, eta dena kontrolpean dagoela esanez segurtasun sentsazio (faltsu) bat hedatzen du. 

Industria nuklearrean munduan inoiz gertatu den  hondamendi latzena 54 erreaktore zituen herrialde aurreratuan gertatu zen. Japoniako energiaren heren bat hornitzen zuten. Erreaktoreak konpontzeak, hondakinak biltzeak eta esklusio eremua berreraikitzeak guztira  baliteke bilioi bat eurorainoko gastua izatea. Hala ere, geologiaren kontra, urtean mila lurrikara baino gehiago dituen herrialdean, erreaktore nuklear berriak eraiki nahi ditu gobernuak. 

Hurrengoari ateak irekiz 

Arroza, arrantza, turismoa... denak jarraitzen du gainbeheran Fukushiman. Bertako jendea baztertuta sentitzen da. Eta zenbaitek diote Fukushimako errefuxiatu atomikoak hibakusha berriak direla (Hiroshima eta Nagasakiko bonbardaketa nuklearrak kalteturikoei esaten zaie hala). Are, Fukushimakoa hirugarren bonba nuklearra izan zela diotenak ere, kasu honetan Japoniak bere buruari jaurtitakoa.

Urteotan, Fukushima kudeatzen zuen Tepco konpainia, mozkin korporatiboak segurtasun publikoaren gainetik jartzeagatik epaiketara eraman duten guztietan, errugabe dela ebatzi dute. Hurrengo hondamendi nuklearrari, erokeria atomikoari berari, ateak zabaltzen dizkio horrek.