Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Sektak, erlijioa eta musika

THE TESTAMENT OF ANN LEE (EL TESTAMENTO DE ANN LEE)
Britainia Handia, 2025. 130’. Zuzend.: Mona Fastvold . Gidoia: Mona Fastvold, Brady Corbet. Akt.: Amanda Seyfried, Thomasin McKenzie, Lewis Pullman, Stacy Martin. Musika: Daniel Blumberg. Argaz.: William Rexer.

‘The Testament of Ann Lee’ filmeko eszena.
‘The Testament of Ann Lee’ filmeko eszena. (Intake Films, Proton Cinema)

Sektak, erlijioa eta musika. Horiek dira Mona Fastvold zuzendari norvegiarrak zuzendu duen ‘The Testament of Ann Lee’ film luzearen oinarri nagusiak. Gidoia Fastvoldek berak idatzi du Brady Corbetekin batera –‘The Brutalist’ film txalotuaren zuzendaria–; Fastvold bera ere film horren gidoilarietako bat izan zen.

Benetako gertakarietan oinarrituta, istorioak Ann Lee lider erlijiosoaren bizitza du ardatz. XVIII. mendearen amaieran Shaker Mugimendua sortu zuen, eta Estatu Batuetako historiako komunitate utopiko handienetako bat eraiki. Bere jarraitzaileek Jesukristo femenino gisa hartzen zuten, eta fededunek otoitz egiten zioten abestuz eta dantzatuz, gorputza eta fedea bat eginda.

Lider eta aitzindari erlijioso horren azalean Amanda Seyfried sartuko da; bere interpretazioak hainbat izendapen eta sari ekarri dizkio, pertsonaia historikoaren intentsitatea eta kontraesanak bikainki gorpuztu dituelako. Seyfried-ekin batera Thomasin McKenzie, Lewis Pullman eta Stacy Martin arituko dira besteak beste.

Fastvoldi, istorioa garatzeko ideia, ‘The World to Come’ (2020) filmaren errodajea amaitzen ari zela bururatu zitzaion, Shakerren ereserki bat entzuten ari zela. Zuzendariak berak adierazi zuenez, hasieran proiektuak zailtasunak izan zituen industriaren interes faltagatik.

Celia Rowlson-Hallek berrinterpretatutako dozena bat ereserki tradizional baino gehiagoren bidez, eta Blumbergen jatorrizko musikarekin –Oscar sariduna–, filmak esperientzia bisual eta soinudun murgiltzailea proposatuko du.

Ezaugarriak

‘The Brutalis’-eko gidoilarietako baten lan berria dela kontuan hartuta, zaila da ‘The Testament of Ann Lee’ aipatzea Corbeten filmera jo gabe, izan ere bi filmek hainbat ezaugarri partekatzen dituzte. Biak zeluloidean filmatuak daude —kasu honetan, 35 mm-tan—; iraupen luzea dute (nahiz eta hau zertxobait laburragoa izan); eta biek Daniel Blumbergen musika dute.