Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Erwan Legrandek 'Le bombé bleu' bide ospetsuaren lehen igoera egin du

17 urteko frantziarra duela 35 urte Marc Le Menestrelek Buouxen ekipatutako lerro horren protagonista izan da. Oinutsik eskalatu du, eta, denera, hamabost bisita eskatu dizkio. Zailtasunaren inguruan, momentuz, ez du proposamenik egin.

Erwan Legrandek Bouxeko 'Le bombé bleu'-ren lehen igoera egin du.
Erwan Legrandek Bouxeko 'Le bombé bleu'-ren lehen igoera egin du. (Erwan LEGRAND)

80ko eta 90ko hamarraldietan Buoux (Estatu frantziarra) eskaladaren gune oso ezaguna izan zen. Alderdi horretako bideei munduko eskalatzaile zailduenetako batzuek bisita egin zieten. Ekipatutako bideen artean, adibidez, 'Le bombé bleu'-k aura berezia hartu zuen. Duela 35 urte, Marc Le Menestrel eskalatzaile handiak ekipatu zuen; garai haietarako oso futurista zen. Azken aipamen horretan ez dago zalantzarik; izan ere, garai haietako lerroek zituzten ezaugarriekin alderatuta, oso-oso ezberdina zen. Bi hatzetako helduleku batera egiten den dinamiko basatia, dozenaka mugimendu bortitzak… Erokeria hutsa muturreko mailan zeuden eskalatzaile ororentzat. Hauek guztiek zioten Frankenjurako 'Action directe' historikoaren ezaugarriekin antza handia zuela.

Hiru hamarkada luze horietan munduko eskalatzaile indartsu batzuk 'Le bombé bleu' probatzen izan dira, baina guztiek ala guztiek puntu gorritik urrun geratu dira. Ben Moon ingelesa izan zen lehendabizikoa. Bi urte lehenago, Moonek 'Azincourt' kateatu zuen; hots, 8c mailako lehen marra frantziarra. Hortaz, zentzuzkoa zen Le Menestrelen ibilbidean lehen ekinaldiak egitea. Baina 'huts' egin zuen. Denboraren poderioz, beste eskalatzaile batzuek bisita egin zioten. Horien artean egon dira Chris Sharma, Iker Pou, Stefan Glowacz, Johan Guillaume eta Alexander Megos.

Ezustekoa ala ez, 'Le bombé bleu'-n arrakasta itzela izan  duena Erwan Legrand izan da. Abizenari erreparatzen badiogu, aurreratu behar dugu François Legrand frantziar historikoaren semea dela. Baina eite horrek ez du semearen arrakastarekin inolako garrantzirik. Hamabost bisita egin eta gero, 17 urteko protagonista honek 'Le bombé bleu'-ren lehen igoera sinatu du. Agian, bere adinak eskalatzaileen kolektiboa 'jokoz kanpo' harrapatu du. Hori ere, gutxienekoa da.

Zalantzarik gabe, Legrandek, sasoi ikaragarria izateaz gain, heldutasun sendoa erakutsi du. Gainera, askorentzat bitxia bada ere, gazte horrek oinutsik eskalatu du marra ospetsu hori. Oro har, biomekanika kontu bat izan liteke. 'Le bombé bleu'-k zulo txikiak dituenez, katu-oinaren punta zulo horietan kokatzea ez omen da oso eraginkorra. Bederen, Legrandek nahiago izan du behatz lodia jarri indar gehiago egiteko.

Bide batez, eskalatzaile frantziarrari onartu behar zaio 35 urtez zintzilik egon den xede horretan ausardia izan duela. Le Menestrelek lerro hori ekipatu zuenean, zera adierazi zuen: «Ikusi eta txapak jartzea otu zitzaidan ordurako muga bat zelako. Ezinezko kontu bat. Ekipatu bezain laster, probatu nuen: heldulekuetatik ezin nintzen zintzilikatu».

17 urteko eskalatzailea oso bortitza den dinamikoa probatzen. (Erwan LEGRAND)

Ordutik, kirol eskaladak asko eboluzionatu du arlo guztietan. Azkenean, 'betiereko proiektua' erabat askatu da Legranden sinadurarekin. 'Le bombé bleu'-k ezagutzen dutenek diote estetika amaigabea eta muturreko zailtasuna bateratzen dituela. Bi hatzetako helduleku batera egin behar den mugimendu bakarreko dinamiko bortitza, adibidez, 8b mailan kokatzen dute. Adam Ondraren 'Silence'-ren (munduko lehen 9c) giltza 8c+ da, baina hamar mugimendu ditu. Diogun bezala, 'Le bombé bleu'-ren giltzak mugimendu bakarra du. Probatu dutenen artean, inork ez du giltza hori gainditu. Pou eta Megos espezialista handiak dira hatz bateko eta biko heldulekuetan, baina ez zuten asmatu. Guillaume izan da dinamikoa egin eta helduleku hori harrapatu zuena, baina hortik aurrera ezin izan zuen beste mugimendurik egin.

Joan den otsailaren 11n, berriz, Legrandek 'Le bombé bleu'-ren lehortearekin amaitu zuen. Nahiz eta bide hori egungo maila gorenera (9c) ez den helduko, gazte horrek historia egin du. Izan ere, Buouxeko eskaladaren historiaren kapitulu bat itxi du.

Proposamenik, ez

Arestian aipatu dugunez, aita eskalatzaile historikoa izan da. Hain zuzen ere, Buouxekin lotura handia zuen, eta, horregatik, semeak eskalada eremu horri bisita ugari egin dizkio. Denboraren poderioz, 'Le bombé bleu'-ren aura bereziari buruz asko entzun zuen. Muturreko proiektu horrek 35 urte askatu gabe zegoen, eta eite horrek harrapatu zuen. Azken urteotan, eskaladan izan duen progresioak xede horretan sartzea eraman zuen. Bederatzigarren mailako bide batzuk egin eta gero, erabaki zuen garaia zela Buouxeko bide mitiko horretan ekinaldiak egiteko. Duela pare bat urte, 'Le bombé bleu'-ren aurrean lehen aldiz egon zen, eta erabat harrapatuta geratu zen.

Ibilbide ospetsu horretan izan duen prozesuari dagokionez, aurreratu dugu hamabost saialdi behar izan dituela. Lehenbizikoetan mugimenduak eta sekuentziak ezagutzen joan zen. Oso azkar lotu zen lerroaren ezaugarrietara, eta aurrerapen oso garrantzitsuak egin zituen. Arrakasta hori lortu aurretik, Margalefen astebete egin zuen. Gogoratu behar dugu Tarragonako eskalada eskola horretako helduleku asko eta asko zuloak direla. Hortaz, entrenamendu bikaina zen hatz bateko eta biko heldulekuak lantzeko.

Margalefera klimak baldintzatuta joan zen. Pare bat astebetez, Buouxen euria egin zuen, eta, hortaz, ekinaldietan etena egin behar izan zuen. Sasoiari eusteko, irtenbide bakarra Margalefera bidaiatzea izan zen. Hortaz gain, urduritasuna agertzen joan zen. Legrandek bazekien Tarragonatik bueltan Buouxeko kondizioak ez zirela egokienak izango. Hitz batean esanda, beroaren agerraldiarekin oso arduratuta zegoen.

Otsailaren 11n berriro zen 'Le bombé bleu'-ren aurrean. Azken bisita izan zen. Bost ekinaldi egin zituen egun horretan. Bigarrenean, adibidez, oso gutxigatik, azken mugimendu zailean erori zen. Bosgarrenean, aldiz, ez zuen sentsazio oso onik. Jakina, aurrekoek indarrak xahutu zizkioten. Baina oso indartsu ez egon arren, erabakitasun itzelarekin, mugimendu eta sekuentzia guztiak lotzen joan eta katera erorikorik gabe iritsi zen. 'Le bombé bleu'-ren lehen igoera izan zen. Alabaina, azken saioetan kondizioek ez zioten batere lagundu. Azken egun horretan inguruak zein bidea erabat bustita zeuden. Baina eguzkia atera zen, eta, denbora luze bat itxaron eta gero, hobetu ziren. Ez zuen etsi, eta arratsaldeko lauretan behin betiko igoeran kateatzea lortu zuen.

Zalantzarik gabe, aipatu dugun dinamiko bortitz hori izan da buruhauste gehien eman diona. Duela hilabete batzuk oso gertu egon zen giltza hori menderatzeko. Hortik aurrera onartu du ez zuela arazorik izan katera erorikorik gabe heltzeko. Horrek egundoko motibazioa eman zion, eta lurretik hasita benetako saialdiekin hasi zen. Duela aste batzuk bideo baten bitartez eginiko progresioa erakutsi zuen, eta, diogun bezala, otsailaren 11n 'Le bombé bleu'-ri puntu gorria jarri zion.

Eskalatzaile frantziarrak oinutsik eskalatzeko erabakia hartu zuen. (Erwan LEGRAND)

Oinutsik eskalatzeko erabakiaren inguruan Legrandek adierazi du oso gaztetik hasi zela. Lehen esperientziak rokodromoan izan ziren, eta oso dibertigarria iruditu zitzaion. Halere, aipatu du teknika hori ikasi behar dela, eta asko lagundu diola zulo txiki horietan behatz lodia ondo kokatzeko.

Bestalde, irakurleren batek esango du zergatik utzi ote dugun 'Le bombé bleu'-ren zailtasunaren gaia amaierarako. Batetik, eskalatzaile frantziarrak oraindik ez duelako proposamenik egin. Esan du laster batean horren berri emango duela, baina era berean zalantzak dituela. Eta bestetik, balizko zailtasunari baino garrantzi gehiago eman diolako duela 35 urte ekipatutako muturreko lerro futurista horretan izaniko arrakastari.