«Pozik nago nire erregulartasunarekin»
Urteko egun garrantzitsuena izan zuen trinketak martxoaren lehenean. Buruz buruko finala jokatuko zuten Battitta Ducassouk eta Pierre Etcheverryk, Hazparneko Berria pilotalekuan. Handietan handiena den pilotari honek zortzigarrenez irabazi zuen txapela.

Sei aldiz buruz buruko txapeldun izandako Manu Martiarenaren eta Waltary Agustiren errekorra hautsita zuen Battitta Ducassouk, eta txapel berriarekin aldea handitu eta errekorra berrezarri du. Trinketaren historian letra larriz idatzi behar den pilotari itsasuar honek jendez lepo zegoen Hazparneko Berria pilotalekuan nagusitasunez (40-14) irabazi zion bederatzi urte gazteagoa den Pierre Etcheverry bastidarrari. Finalaren ostean, Mediabask-ekin hitz egin zuen partidaren ingurukoak eta zortzigarren txapelak uzten dizkion sentsazioak azaltzeko.
Nola esplikatzen da finalean erakutsi zenuen kontrola?
Faktore ezberdinak daude. Lehenik, ondo sentitu nintzen, gehiegizko presiorik gabe, eta hasieratik saiatu nintzen guztian asmatu nuen, bereziki sakeetan. Jokatu genituen lehen tantoetan bera baino askoz ere efizienteagoa izan nintzen. Markagailuan aldea azkar hartu nuen eta, batez ere, neure buruari esan nion ezin niola tanto ilara luzerik egiten utzi.
Partida amaitzean negar malkoak antzeman ziren zure begietan. Zergatik hainbeste emozio?
Bai, oraindik ez naiz ohitzen. Zortzi txapel, erraza dirudi, baina lan asko dago, egunero, urteetan zehar, gure inguruan laguntzen eta gure alde ahaleginak egiten dituen jende askorekin. Batez ere nire familia. Lau seme-alabaren aita naiz, ez da erraza hau guztia etxean gobernatzea, nire bikotekideak ardura asko hartzen ditu eta, azkenean, atera egiten da. Izatez oso sentibera naizenez, unearen berotasunean hori guztia atera egiten da.
Txapelen errekorra berriz hautsita, zer geratzen zaizu lortzeko?
Neure buruari hori galdetzea akatsa litzateke. Txapelketan nagoenean, beti nahi dut finalera iristea; gero egingo dut azterketa. Azken hamar urteetan erakutsi dudan erregulartasunarekin bereziki pozik nago. Ia 35 urte ditut, eta pozten nau tontorrean jarraitzen dudala ikusteak. Horrek pozten nau gehien.
Podiumean Pierre Etcheverryrekin adiskidetasun handia zegoela ikusi genuen. Zer mezu bidaliko zenioke?
Badakit zaila dela berarentzat; galdutako aukera bat. Baina zerbait esan behar banio, bere buruan sinistu dezala da, pilotari aparta delako; gaitasun beldurgarriak ditu, bereziki buruz burukoan. Gogor lan egiten jarraitzen badu, serio kontzentratuta, ez dut zalantzarik Hazparneko Berria trinketera bueltatuko dela beste final batzuk jokatzeko, eta ziur naiz arrakasta izango duela.

Familias de Sestao presentan quejas por la visita de un campus infantil a la Guardia Civil

Terror en la curva de Estafeta y Telefónica con seis bólidos de Gibraltar

Guía básica para un poteo sanferminero sin sionismo

Un investigador vasco halla una traducción inédita de Tolkien en una biblioteca de Oxford
