NAIZ
BILBO

Harro agertu da euskararen aurkako helegiteak bultzatu dituen taldea

Administrazio publikoen lan deialdietan euskara eskakizunen aurka helegiteak bultzatu dituen Euskara Denontzat plataformak asanblada informatibo ireki bat egin zuen atzo arratsaldean. Errenteriako kasuaren inguruko bertsioa aurkeztu eta beraien aurkako kanpaina salatu zuen Sabin Zubirik.

Euskara Denontzat plataformaren asanblada irekia.
Euskara Denontzat plataformaren asanblada irekia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

‘Sobre el montaje de Argia’ lelopean, Euskara Denontzat plataformak asanblada informatibo ireki bat egin zuen atzo arratsaldean Bizkaiko Batzar Nagusietan, Bilbon. Oinarrian, Errenteriako Udalak egindako lan eskaintzan euskara eskakizunen aurka jarritako helegitea talde antolatu batek egin zuela frogatu zuen ‘Argia’-ren erreportajea dago. Hedabide horrek egindako ikerketan, talde horren atzean CCOOko kideak eta Euskara Denontzat elkartea daudela azaleratu zen.

Atzoko topaketan 100 pertsona inguru izan ziren, haien artean, antolatzaileen arabera, PSEko, Elkarrekin Podemoseko, Sumarreko, Equoko, CCOOko eta Ezker Anitzako kideak.

Asanblada, ordea, oinarrian, Sabin Zubiri plataformako presidentearen hitzaldia izan zen. Bertsio biktimista ematen hasi zen, eta gero tonua gogortu egin zuen, «euskal nazionalismoa» deitu zuenari erasotzeko. Bide horretan, GARA, ‘Berria’ eta ‘Argia’ hedabideei, EH Bildu eta EAJ alderdi politikoei, ELA eta LAB sindikatuei eta Euskalgintzaren Kontseiluari, besteak beste, eraso zuzenak eta zeharkakoak egin zizkien.

Gaztelania hutsean egindako hitzaldian, Zubirik ‘Argia’-ren ikerketa zalantzan jarri zuen, eta «montaje» hitza erabili zuen hura kalifikatzeko. Ziurtatu zuen proba gisa erabilitako mezuetako batzuk ustezko infiltrazio baten bidez lortu zirela. Bere bertsioaren arabera, pertsona batek «sator» gisa jokatu omen du plataformako kideekin elkarrizketak sortzeko eta informazioa helburu mediatikoekin ateratzeko.

Euskara Denontzat elkarteko ordezkariak erabat ukatu zuen euskararen aurkako estrategia antolatua dagoela. Azaldu zuenez, plataformaren jarduera «kasu jakin batzuetan laguntza ematera mugatzen da, neurrigabeko hizkuntza eskakizunak aplikatzeagatik lan eskubideak urratu zaizkiela uste duten pertsonei». Lau kasutan bakarrik esku hartu dutela adierazi zuen, eta «indarrean dagoen legedia betetzen dela bermatzea» dutela helburutzat.

Hizkuntza eskakizunak lurralde bakoitzeko «errealitate soziolinguistikoarekin proportzioan» aplikatu behar direla defendatzen du kolektiboak. «Ez dira gauza bera Errenteria eta Barakaldo», esan zuen Zubirik. Baina, horrez gain, Errenteriako kasuan, lanpostu guztietan euskara maila eskatzea lege irizpideekin bat ez datorrela argudiatu zuen. Bere ikuspegitik, deialdi horien aurka jotzea «ez da euskararen aurkako erasoa, hizkuntza eskubideen eta enplegu publikorako sarbidearen arteko orekaren defentsa baizik».

Tonua gogortu egin zen mintzaldiak aurrera egin ahala. Zubirik «euskara bere kausarako erabiltzea» leporatu zion euskal abertzaletasunari. Ildo horretan, zenbait administrazio publiko, euskararen araudia aplikatzean, «prebarikazio orokorrean» jausten direla salatu zuen.

Batzarraren atarian, euskaltzale talde bat mobilizatu zen ‘Euskaraz bizi nahi dugu. Eraso euskarafoborik ez!’ zioen pankarta batekin. Biktimizatzeko ahaleginean, Zubirik eta batzarreko beste parte hartzaileren batek kontzentrazio hori «iraganeko garaietara garamatzan» piketetzat jo zuen.

Hala ere plataformak adierazi zuen «Euskadiko politika linguistikoen eztabaida positiboa» bultzatzearen alde egiten dutela. Euskara gizarte guztiarentzat «eskuragarria» izatea bilatzen dutela adierazi zuten, eta horretarako jarduerak antolatzen dituztela.