
Ander Murua eta Arkaitz Gabirondo dira B Serieko Binakako Txapelketako txapeldun berriak, larunbat honetan, Bergarako pilotalekuan, Peña II.a-Salaverri II.aren aurka 18-22 irabazi eta gero. Ez dute lan erraza izan Aspeko bi pilotariek, finaletan egoten den tentsioa oso nabarmena izan baita, baina gorriek ez dute asmatu egin behar zutenean eta txapelak Arrasatera eta Gaztelura joan dira.
Markagailua 22raino iritsi denean Muruak bota duen oihuak dena esaten zuen. Arrasatearrari oso deseroso nabaritu zaio partida osoan zehar, momentu batzuetan gauza harrigarriak baina lekuz kanpo saiatuz, eta asko eskertu behar izan dio bere bizkarzainari. Izan ere, Gabirondo bikain aritu da esperientzia handiagoa zuten aurkarien aurka, momentu askotan atzean dominatuz eta gorriei ondo eutsiz. Horrek korapiloa askatu du eta txapela jantzi ahal izan dute euren lehen finalean.
Bergarako pilotalekuko harmailetan bildutako pilotazaleak poz-pozik joango dira ospatzera, gehienak Murua eta Gabirondoren zaleak baitziren. Euren lehen finala zen eta, normala denez, txapelak janztea ikusi nahi zituzten.
Atzetik tiraka
Berez, Muruak eta Gabirodok faborito bezala hasi dute finala. Txapelketan zehar oso sendo aritu dira biak. Aurrean final ugari jokatutako Jon Ander Peña eta esperientzia handia biltzen duen Ruben Salaverri errioxarra zeuden. Baina hauek ere ez zuten egoera erraza aurretik. Biak titular gisa aritu dira aurtengo B Serieko Binakakoan, baina partida ugaritan, arrazoi bat edo bestea zela, bikote aldaketa jasan behar izan dute. Esaterako, finalerdietako azken bi partidetan Unax Landak eskuko minez egon den Salaverri II.a ordezkatu behar izan zuen.
Neurrri handi batean oiartzuarrari esker lortu zuten Baikokoek finalerako txartela, baina larunbat honetako partida erabakigarrian ezin izan dute beste martxa bat ipini eta ez dute momentu garrantzitsuenetan asmatu.
Bai, ordea, urdinek. Hasieratik nabarmendu da Gabirondo, bere bikotekideari bidea irekiz. Nahiz eta gorriak 3-2 ipini diren peña II.aren sake bortitz batekin eta Gabirondoren huts batekin, urdinek markagailua irauli eta aldeak handitu dituzte ondoren (4-9).
Baikokoek ez zuten asmatzen Gazteluko atzelariari mina nola egin, eta atzean egindako lan bikaina bere fruituak ekarri ditu aurrean. Izan ere, Murua errematean asmatzen hasi da ere. Arrasatearrak lau tanto egin ditu jarraian 6-13koa ipintzeko.
Gorriek ez dute amore eman, eta Peña II.ak bereak egiten hasi da. Aurrelari tolosarrak bizirik mantendu ditu esperantzak eta zenbait tanto egin ditu 11-14koa lortu arte.
Gipuzkoarrak kalitatea soberan duela erakutsi du 15-18koan, pilota ezker airez txokoan goxo utzi duenean; baina, gakoa zen momentuan huts egin du. Are gehiago, 16-20koan, partidako tantorik ikusgarrienean, urdinek aldeak handitu dituzte. Murua lau hormabiko egiten saiatu da tanto berean –ez du asmatu–, Salaverri II.ak dejada bat eraman du lurretik eta azkenean Gabirondok atzean amaitu du.
18-20koa ere ipini dute gorriek, baina berriro ere huts galanta egin du Peña II.ak hurrengo kintzean eta Muruak sakez egin du 18-22koa lasaitasun ederra hartzeko eta Gabirondorekin batera txapela janzteko.
PARTIDAKO FITXA:
Peña II.a-Salaverri II.a: 18
Murua-Gabirondo: 22
Pilotakadak: 513. Iraupena: 65 minutu. Markagailua: 0-2, 3-2, 3-5, 4-5, 4-9, 6-9, 6-13, 7-13, 7-14, 11-14, 11-17, 13-17, 13-18, 16-18, 16-20, 18-20 eta 18-22. Sakez egindako tantoak: 1 Peña II.ak eta 3 Muruak. Jokoan egindako tantoak: 11 Peña II.ak, 1 Salaverri II.ak, 4 Muruak eta 5 Gabirondok. Galdutakoak: 6 Peña II.ak, 4 Salaverri II.ak, 3 Muruak eta 2 Gabirondok. Gertakariak: Sarrera eta giro bikaina Bergarako pilotalekuan B Serieko Binakako Txapelketako finala ikusteko. Lehen sakea gorrientzat izan da.

Laredo no es Bilbo ni menos Altsasu: el alcalde del PP reduce los ataques a «gamberradas»

Tres hombres fallecen en la playa de Zurriola, el pantano de Allotz y las piscinas de Barakaldo

Los tensos Sanfermines de 1997, a la pantalla con Pérez Sañudo y Galle; buscan ‘antidisturbios’

Decenas de atenciones leves en Oftalmología, colas y rescates; la resaca del eclipse

