«Imajinatzerik ere ez nuen jarduera izan da»
Hiru eguneko igoera gogorrean, Sean Villanuevak eta Tasio Martinek Fitz Royko 'Ekialdeko zutoina' askatzea lortu dute. 1.200 metroko lerro horretan, gehienez, 7c maila gainditu dute. Oro har, baldintza zailak izan dituzte.
«Ibilbide ikusgarri bati puntu gorria jarri diogu; hots, luze guztiak era askean igo ditugu. Imajinatzerik ere ez nuen jarduera izan da. Cerro Chalteneko edo Fitz Royko ekialdeko aurpegia eskalatzea ametsa zen, baina bide horretatik luze guztiak askatzea ez zen nire asmoen artean sartzen. Are gutxiago, izotzaren eta elurraren ondorioz, izan ditugun baldintza zailekin. Baina Sean Villanuevarekin den-dena aldatzen da, librean eskalatzeko duen motibazioak kutsatu egiten zaitu. Eta ni prest nengoen kutsatzeko».
Hitz horiek Tasio Martinek idatzitakoak dira; hain zuzen ere, Fitz Royko ekialdeko horman dagoen ekialdeko pilarea askatu eta gero. Agian, idatzi labur horretatik ondoriozta daiteke eskalatzaile urduñarrak oraindik ez duela lur hartu Villanueva belgikarrarekin martxoaren 6tik 8ra Patagoniako eskaladan egin duen ekarpenetik. Neurri handi batean hala da; izan ere, sokada hori gai izan da lerro historiko horri puntu gorria jartzeko. Villanueva ohituta dago Patagonian ekarpen handiak egitera; Martin, aldiz, ez. Baina modu batera edo bestera jabetu beharko du Fitz Royn sinatutako jarduerak leku berezia izango duela aurrerantzean Patagoniako historian.
Ekialdeko zutabeak Fitz Royko ekialdeko aurpegi ikusgarriaren ezkerreko aldea markatzen du. 1.200 metro horietan artesi garbiak eta oso bertikalak jarraitzen ditu. Arroka, berriz, kalitate apartakoa da. Talde suitzar batek proposamen hori ikusi eta, hiruko urteko bisiten ondoren, zailtasunak amaitzen diren puntura arte (gailurretik 200 metroa) eskalatu zuen 1974an. Bi urte geroago, Ragni di Lecco taldeko bi ordezkari, Casmiro Ferrari eta Vittorio Meles, bide osoa biribiltzeko gai izan ziren sei egun horman igaro eta gero. Ondoren, eskalatzaile zaildu batzuk saiatu dira pilare hori askatzen.
Baina aurreratu dugun bezala, ohore hori Vaillanuevak eta Martinek izan dute. Era askean eskalatzeaz gain, tarte oso txiki batean izandako irristada batengatik, ezin izan dute guztiz bistan sinatu. NAIZi eskainitako elkarrizketan, eskalatzaile bizkaitarrak argi utzi du Fitz Royko jarduera hori sakon-sakonera heldu zaiola.
Paineko Dorreen zeharkaldi osoa biribildu eta haren inguruan hitz egitean, aipatu zenidan Sean Villanueva miresten zenuela eta egun lagun duzula (zeharkaldia bakarka egin zuen). Orain, aukera izan duzu Villanuevarekin soka gerrira lotu eta jarduera bikain bat egiteko. Amets bat izan da ekialdeko pilarean egindako ekarpena berarekin partekatzea?
Zalantzarik gabe, bai. Niretzako kristoren erreferentzia izan da eta jarraitzen du izaten. Eskaladarekiko dudan fanatismoa berarekin lotuta dago, bere bideoak ikustearekin. Gehien miresten nuen eskalatzailea zen. Interesgarriena eta dibertigarriena da niretzat: nola eskalatzen duen eta jarduerak nola transmititzen dituen berezia da oso. Pixkanaka ezagutu dugu elkar, ondoren lagun egin gara eta orain soka taldea osatu dugu.
Fitz Royko ekialdeko hormak aura berezia du alde guztietatik begiratuta. Gainera, hautatu zenuten bidea, historikoa izateaz gain, oraindik guztiz librean igo gabe zegoen. Xede erakargarria zein zorrotza. Nola sortu zen 'Ekialdeko zutabea'-ri puntu gorria jartzeko asmoa?
Oso naturala eta espontaneoa izan zen. Eta oso berezia ere: amets bat betetzeko bidean murgildu nintzen. Eta kontuan hartuta behar da Sean beste liga batekoa dela. Joan gara sokada bezala, eskaladaren atal guztiak partekatzen, bakoitza berea ematen eta gauzak ikasten bata bestearengandik. Nik gehiago ikasi dut [kar-kar]. Oso polita izan da hori. Gau batetik bestera sortu zen helburu hori. Beste plan batzuk nituen, baina leiho on bat iritsi aurretik, aurreko gauean, haragi erre baten inguruan gure asmoak aipatu genituen. Elkarrekin eskalatuko dugu? Galdera hori bota eta indarrak batzeko erabakia hartu genuen. Seanek zuen bide horretara joateko asmoa. Nik ere horma hori eskalatu nahi nuen; Ibon Mendiak eta biok iaz ekinaldi bat egin genuen. Lerro hori librean eskalatzea? Imajinatzerik ere ez nuen jarduera zen.
Ez dakit erronka horretara hurbildu aurretik izu eszenikoa bizi ote zenuen. Eta hori diot Patagoniako eskaladan eskarmentu izugarria duen eta mundu mailan lehen lerroan dagoen eskalatzaile batekin, Vilanuevarekin, taldea osatu duzulako.
Joan aurretik urduri nengoen, zelako tentsioa! Baina argi neukan joan aurretik urduritasun hori izango nuela. Aldiz, behin motxila bizkarreratu eta ibiltzen hasi nintzenean desagertu egin zen.
Talde bezala ekarpen handia egin diozue Patagoniako eskaladari. Zuen aurretik talderen bat edo beste saiatu da ibilbide hori era askean igotzen. Aurrerapenak egin zituzten, baina helburua lortu gabe. Zuek, ordea, bai. Nola baloratzen duzu ekarpen hori?
Pozik, oso pozik eginikoarekin. Asko motibatzen gintuen jarduera zen, eta estiloa eta librean eskalatzea tontorraren aurretik jarri genituen. Momentu askotan ikusi genuen librean egiteko asmo horrek agian ez zigula utziko tontorrera heltzen. Izan ere, denbora asko inbertitzen duzu, saialdiak egin, lasai joan… Gainera, hirugarren egunean eguraldia okertu egin zen, eta horrek agian tontorra ez egitea ekarriko zigula bagenekien. Lehentasun horiek aurretik jartzea ederra da. Ekarpen bat egin dugu; ez soilik guretzat, baizik eta komunitate osoarentzat. Bide oso ona da, baina ez du hainbeste saiakerarik jaso, besteak beste, 'Royal flush'-ekin edo 'El Corazón'-ekin alderatuta.
Guztira hiru egun eman behar izan zenituzten horman eskalatzen bide horretan arrakasta lortzeko.
Hilaren 5ean hurbildu eta horma azpian lo egin genuen. Esnatu eta zazpi-zortzi luze eskalatu genituen. Egun osoa eskalatzen aritu ginen gaua egin arte: hamaka hamazazpigarren bilgunean antolatu genuen. Biharamunean beste hamahiru luze igo eta berriro gaua igaro genuen. Azken eguenean beste hamar luze; tartean ziren artifizialeko bi luze zail. Eta, hortik aurrera, tontorrera, mistoan hainbat luze eginez. Puntu horretan eguraldiak okerrera egin zuen.
Jarduera osoan paretaren baldintzak eta eguraldia ez ziren egokienak izan. Zailtasuna teknikoak baino zailagoa izan da baldintza horiek kudeatzea?
Bada, ezin dizut erantzun zehatz bat eman. Ziur aski zaila izango da bide hori baldintza hobeagoetan aurkitzea. Halere, ez da aitzakiarik bilatu behar. Ikasi dudan gauza bat da hori da, hots, baldintzak nola kudeatu. Beste garai batean, agian, artesiak garbitzeko zintzilikatuko nintzateke. Ikusi dut motibazioak nola aldatzen dituen egoerak, eta nire kasuan eta oraingoan gauzak ondo atera dira. Hori da agian Seanen aldetik gehien flipatu dudana. Luze gogorrenetan (7b eta 7c artean) baldintzak ez ziren hain txarrak, besteak beste, bertikalagoak direlako. Baina 6b eta 7a bitarte horretan, baldintzak kaskarrak ziren. Luze batzuk guztiz izoztuta zeudenez, pioletarekin garbitu eta eskalatzen genituen.
Aurtengo denboraldian, Paineko Dorreen zeharkaldi osoarekin egin zara eta Fitz Royko ekialdeko zutoina librean egin duzu. Uste dut kualitatiboki Patagonian beste urrats bat egin duzula, batez ere azken eskalada horrekin. Zein da zure iritzia?
Oso-oso pozik nago asko ikasi dudalako. Ez soilik eskaladan, baita gauzak partekatzen eta pertsona bezala ere. Laburbilduta, erabakietan hobetu dut eta asko ikasi dut. Asko irakatsi dit Patagoniak. Horrek asko lagundu dit jarritako helburuak lortzen. Hori oso berezia da. Jendearen harrerarekin eta El Chaltén herriarekin ere oso eskertuta nago. Oso eguraldi txarra egiten du han, eta horretan ere moldatzea ez da batere erraza izaten; ikasi egin behar duzu hori kudeatzen. Nire progresioarekin ere oso kontentu nago.

Atharratzetik Bilbora, 24. Korrikaren seinalea zuzenean

La neutral Suiza bloquea la exportación de material de guerra a EEUU

De Moyúa a Elíptica: una plaza, dos dictaduras y décadas de desmemoria

CCOO no portará el testigo de Korrika tras considerar AEK que es «incompatible»
