NAIZ

Gasteizen asiloa izapidetzeko hitzorduak erdira murriztu direla salatu dute

Dozenaka lagun, gehienak Malitik etorritako pertsonak, bizi dira kale gorrian Gasteizen, asiloa izapidetzeko hitzordu baten zain. Ez da helburu erraza, izan ere, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, hitzorduak erdira murriztu dira. 

Zazpi hilabete daramatzate kale gorrian.
Zazpi hilabete daramatzate kale gorrian. (GASTEIZKO ETXEBIZITZA SINDIKATU SOZIALISTA)

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak astelehen honetan salatu duenez, asiloa izapidetzeko hitzorduak esleitzeko modua «etengabe aldatu da», «irizpide opako eta erabat arbitrarioekin», eta «azken aldaketak dakar asiloa eskatzeko prozedura hasteko eskaintzen diren hitzorduak erdira murriztea».

«Orain arte, astean 60 hitzordu banatzen ziren, kopuru hori jada murritza zelarik. Aldaketa berriarekin 30era jaitsi dira astero eskaintzen diren hitzorduak», nabarmendu dute komunikabideen aurrean.

«Gainera, funtzionamendu berria aurrez aurrekoa izatetik telematikoa izatera igaro da. Hitzorduetara sartzeko bidea astean behin bakarrik argitaratzen dituen web orri baten bidez da. Errealitatea da webgunea guztiz gainezka dagoela; beraz, azken bi asteetan, funtzionamendu berria martxan jarri zenetik, inork ez du lortu bide horretatik hitzordurik eskuratzea. Praktikan, astean banatzen diren hitzorduak 60 izatetik 0 izatera igaro dira», gaineratu dute.

Egoera honen aurren, galdetu dute ea «nola den posible izapide burokratiko batzuek segundo batzuk besterik ez behar izatea eta, aldiz, dozenaka pertsona hilabetez kalean egotea, euren oinarrizko eskubideen baldintza den prozesua hasi ere egin ezinik».

«Horrelako kontraesanak egunerokoak dira sistema kapitalistan; sistema honek aberastasuna gutxi batzuen esku pilatzea ahalbidetzen baitu, besteontzat miseria banatzen duen bitartean. Miseria horren guztiaren zati txiki batek zipriztintzen dituenean, politikari profesionalek eta haien menpeko instituzioek, berezko desberdintasuna sortzen duen sistema honen bermatzaileek, beste alde batera begiratzen dute», adierazi dute.

Elkartasun asanblada

Elkartasun asanblada bat iragarri dute asilo eskatzaileei hitzorduak lortzeko prozesuan laguntzeko: «Elkartasun honek, asistentzialismo hutsetik harago, migratzaileak deshumanizatu eta kriminalizatu nahi dituztenei aurre egiteko balio behar digu. Garrantzitsua da elkartasun eta konpromiso adibideak sortzea, erreakzioari ateak ixteko. Gasteizen elkartasun eta duintasunaren adibide hau eraikitzen ari gara, ahal dugun guztian laguntzeko prest gauden pertsonen artean».

«Dei egiten diegu lagundu nahi duten pertsona guztiei astero egiten den asanblada honetara batu daitezen; ostiralero 18.00etan biltzen gara, Venezuela kaleko 10. zenbakiko bulegoan», gaineratu dute, eta gogoratu dute zazpi hilabete igaro direla, Emen boluntarioen taldearekin batera, Salburuan kale gorrian bizi diren asilo eskatzaileen egoera lehen aldiz salatu zutenetik.

«Hilabete hauetan zehar, ez diogu utzi egoera hau salatzeari eta pertsona hauen errealitatea ezagutarazteari, fenomenoa bere benetako neurrira ekarriz eta egiturazko kausak azaleratuz. Izan ere, hilabete hauetan Gasteizen gertatzen ari dena ez da egoera kasual edo unean unekoa, baizik eta mendebaldeko oligarkiek munduaren beste erdiaren gainean ezarritako ustiapen kapitalistaren eta dominazio inperialistaren urteetako ondorioa», esan dute.