Marcel Pena
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Aberri Egunean «konpromiso kolektiboa» indartzera deitu du Euskal Herria Baterak

Euskal Herria Baterak eta Sabino Arana, Agirre Lehendakaria Center eta Olaso Dorrea fundazioek dei bateratua egin dute martxoaren 28an Lizarran antolatu duten Aberri Egunean «konpromiso kolektiboa» areagotzeko, nazio proiektuan «inflexio puntua» lortzeko helburuz.

Euskal Herria Baterak Bilbon egindako agerraldia.
Euskal Herria Baterak Bilbon egindako agerraldia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Euskal Herria Baterak antolatu duen Aberri Eguna babesten duten Sabino Arana, Agirre Lehendakaria Center eta Olaso Dorrea fundazioek deia egin dute astearte honetan «konpromiso kolektiboa areagotzeko» nazio proiektuan «inflexio puntu bat» lortzeko. Aurten, Lizarran izango da, martxoaren 28an 11.30etik aurrera.

Bilboko Areatzan egindako prentsaurreko batean, Euskal Herria Bateraren izenean Ekhiñe Atorrasagastik aldarrikatu du «Aberri Eguna euskal herritarron egun nazionala» dela, eta beraz, defendatu du «egun hori elkarrekin ospatzeko eremuak izan behar ditugula». Batasun hori irudikatzeko, ekitaldian izan dira Ainara Zelaia Sabino Arana Fundazioaren ordezkaria, Agirre Lehendakaria Centerreko Lierni Ezenarro eta Irati Jimenez Olaso Dorrea Fundazioa ordezkatuz.

Azken urteotan ohitura bihurtu denez Aberri Egunaren atarian, Sabino Arana Fundazioak, Agirre Lehendakaria Centerrek eta Olaso Dorreak «Euskal Herriak unean-unean bizi duen momentuari buruzko irakurketa partekatua» egin dute.

«Euskal Herriak zalantza eta erronkez betetako testuinguru batean ospatuko du aurtengo Aberri Eguna. Olatu inboluzionistak nazioarteko egitura juridikoa leherrarazi du, dagoeneko nahiko ahulduta zegoena, eta, gerren eskutik, ziurgabetasun politiko eta ekonomiko handiko egoera ekarri du», nabarmendu du Zelaiak.

Zentzu honetan, esan du Europan oro har eta espainiar eta frantziar estatuetan bereziki, «ezegonkortasunaren kronifikazioa, eskuin muturren aurrerapenez, eta antipolitika elikatzen duten korronteak fenomeno osagarriak direla, demokrazia liberalen gaur egungo statu quo politikoa mehatxatzen dutenak».

Bere partetik, Jimenezek gogoratu du 2026an 150 urte betetzen direla Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruak abolitu zirenetik. «Nafarroak urte batzuk lehenago galdu zituen foru eskubideak», osatu du. «150 urte geroago, Euskal Herriak jarraitzen du borrokan subjektu politikoa izateko eta bere etorkizuna erabakitzeko; bere hizkuntzak eta kulturak bizirik jarraitzeko eta bere herrietan ongizatea bermatzeko», adierazi du Olaso Dorrea Fundazioaren ordezkariak.

Azkenik, Ezenarrok balioan jarri du aurtengo Aberri Eguna, «gure proiektu nazionala berresteko, baita gure konpromiso komunitarioa biziberritzeko ere». «Ezinbestekoa da etorkizunari asmo handiko estrategia batez heltzea, bai proiektu nazional juridiko-instituzionalaren arloan bai hizkuntzan, hezkuntzan, energian, ehun industrialean, elikadura burujabetzan, politika sozialean eta zaintzakoan, eta beste zenbait gaitan proposamenak eginda», aipatu du.

Horregatik, Euskal Herria Baterak eta hiru fundazioek «konpromiso kolektiboa areagotzeko deia» egin dute, «euskal proiektu nazionalaren potentzialitateak garatzeko inflexio-puntu bat lor dezagun».