Korrika esatari izateko gida: «Tipi-tapa, tipi-tapa, ko-rri-ka»

24. Korrika jendetsua izaten ari da. Ziur urtero (bi urtetik behin, egiari zor) errepikatzen den zerbait dela. Orain, 11 egun hauetako etengabeko emisioari esker, esan dezakegu egia dela. Jendetsua pantailetan eta jendetsua pantailaren beste aldean. Eta garunak lehertzear daude Pello Reparazen ahotsarekin eta esatarien ereserkiekin. Zuk ere 25. edizioan furgonetako esatari gisa boluntario izan nahi duzula? Hemen gida bat beharrezko guztia ikas dezazun.
Tipi-tapa, tipi-tapa
Badaude furgonetara igo aurretik ikasi behar dituzun doinu eta erritmoak. Hauek gabe, korrikalariek konpasa hartzea erabat ezinezkoa da. «Tipi-tapa, tipi-tapa, ko-rri-ka». Edo «ttipi-ttapa», egokitzen zaizun txandaren geografiaren arabera. «Ezdakitnon ere, euskararen alde!» Euskal Herriko manifestazioen tonuan oihukatzea ere eskatuko zaizu. Hau DNA-n daramagun zerbait da, beraz ez zaizu zaila eginen.
Atharratzeko norbait?
Aspaldian Euskal Herria runner herria ere bihurtu da. Are gehiago bi urtetik behin Korrika gerturatzen ari denean. Strava bezalako aplikazioek sua botatzen dute aurreko asteetan, bakoitzaren entrenamenduak egin beharreko (edo, zehatzago, egin nahi den) tarteari egokituz. Horregatik, egokitzen zaizun tartea egokituta ere, aurreko herrien izenak ikasi behar dituzu. Guztiak. Hernaniko norbait? Arbizuko norbait? Atharratzeko norbait? Ezin dugu baztertu norbait hasiera-hasieratik dabilela lekukoari segika.
Mesedez errail bakarra erabili
Korrikaren aurretik Polizia doa. «Evento deportivo» zioen Korrikaren furgoneten aurretik zihoan Foruzaingoaren kotxeak Nafarroan. Izan ere, errepidea ez da ixten, baina segurtasuna ahal bezain beste bermatu behar da. Horregatik, norabide biko errepideetan, artaldea elkarrekin mantendu behar da. «Mesedez errail bakarra erabili!» esaldia ongi iltzatuta behar duzu. Txakurren herria ere bada gurea. Artzain txakurrena, esan nahi dut. Hortxe ideia bat AEK-ko lagunei, hurrengo edizioei begira. Doan.
Lasai, furgoneta ez da lekukorik gabe joango
Ilusioz eta urduritasunez beteta itxoiten dugu gure kilometroan, txintxo-txintxo, Korrikaren ailegaera. Eta grinez josita hartu lekukoa. Batzuetan gehiegi. Erritmoa bizitu, tropela atzean utzi eta furgoneta aurreratzeko puntu-puntuan izaten dira batzuk. «Lasai, furgoneta ez da lekukorik gabe joango» esaldiarekin apalduko dituzu hauek. Batzuetan haien hasierako ahalegin hori ordainduko dute, kilometroa egiteko arazoak izanez. Kasu horretan ere balio dizu esaldi honek. «Lasai, furgoneta ez da lekukorik gabe joango».
Kontuz, txiki/heldu bat aurreran
Emozio handiko irudiak uzten ditu Korrikak. Eta denek egiten dugu bat hauek, batez ere, lekukoa haurren edo pertsona helduen eskuetan dagoenean suertatzen direla. Noski, tropelean datozen euskal runner horiek erlojuak markatzen dien erritmoa mantendu behar dute. Kilometroa lau minututan. Eta lekukoa hartzen duenak erritmoa mantsotzen duenean, gainera datorkio masa. «Kontuz! Kontuz, mesedez! Haur bat dugu lekukoarekin» esanda izorratuko dituzu korrikalarien markak. Oraindik gehiago kostatzen zaigu «pertsona heldu bat» esatea.
Pankartaren aurrean lekukoa bakarrik
Gozamena da Korrika lehen metrotik azkenekora jarraitu ahal izatea. Badauka harrapatzen zaituen zerbait. Zuzenekoak milaka jarraitzaile ditu uneoro. Eta korrikalariak badaki. Horregatik, lehia izaten da tropelaren lehen postu horiek hartzeko eta telebistan zure kuota izateko. Lehia horretan batzuetan, pankarta ere aurreratzen dute. Eta kontraesankorra bada ere, irudi zein argazkiak denen eskura baldin badaude ere, denek nahi dute mugikorrarekin haien seme, lagun, lehengusu edo amatxiari argazkia atera. Egoera hauek kudeatzeko, lau hitz hauek dira gakoa: «Pankartaren aurrean lekukoa bakarrik».
Entrenamendu fisiko eta psikologikoa
Korrikalariek haien entrenamenduak egiten dituzten moduan, animatzaileek ere haiena egin behar dute. Martxan doan furgoneta batera nola igo edo bertatik nola jaitsi asko entseatu behar da, ez baduzu Korrikako erorikoen bildumaren parte izan nahi. Bilduma ez da txikia, baina seguro izanen dela lagunen bat momentu hori pozarren gordeko duena. Eta psikologikoa. Uste baino garrantzitsuagoa, Pello Reparazekin amestu nahi ez baduzu. Denok dakigun nondik nora doan herensugeren itzala, sorgin baten azken kanta, Junkeraren fandango berria edo lumadi berria duen arranoaren hegaldia. Basurdeak aztarna utziko du, baina Pellok gure buruan utziko duena ere...
Honekin, prest zaude 2028an furgoneta eta mikrofonoa hartzeko. Hemen gaude, Korrikaren alde.

Agentes encañonan a un joven y amenazan a una testigo en la Kutxi: «Deja de tocar los cojones»

Pandas de Euskal Herria

Rescatadas 24 personas tras quedar atrapadas en el Flysch de Zumaia por una tormenta

Investigan un posible suministro de drogas a 10 menores en un viaje de estudios de una ikastola


