Entrevue
Ane Elordi
Korrikako koordinatzaile orokorra

«Arrakasta agerikoa da, ez dago jende gutxiko lekuko-hartzerik»

24. Korrikaren bederatzigarren egunean furgonetan harrapatu dugu Ane Elordi korrdinatzaile orokorra. Edizio honek izaten ari den babesarekin pozik agertu da «aniztasuna irudikatzea» lortu duelako eta Bilbon izango den amaieraren biharamunean «Euskara gara eta izango gara» aldarrikatuko dute.

«Arrakasta agerikoa da, ez dago jende gutxiko lekuko-hartzerik»

Loading player...
Ane Elordi, Korrikaren aurkezpenean.
Ane Elordi, Korrikaren aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Bere eskualdetik zebilen gaurko egunean Korrika. Furgonetatik bertatik bizi nahi izan du unea Ane Elordi Korrikako koordinatzaile orokorrak eta han harrapatu dugu. Amaiera geroz eta gertuago dago eta, nekea nabari den arren, azken txanpari eusteko prest daude. Gakoa, ostean datorrena: «Euskara gara eta izango gara».

Elordik nabarmendu duenez, bederatzigarren egunean balorazio bat egiteko «gakoa da irudiak ikustea, zenbat jende batzen ari den», azaldu du, «ez dagoelako jende gutxiko lekuko hartzerik». Laburbildu duenez, Korrikaren aurtengo edizioaren «arrakasta agerikoa da eta horrekin aurrera goaz», igandean Bilbora iritsi arte.

Bertan badago dena prest, muntaketa lanak eginda daude dagoeneko, azaldu du Ane Elordik. Festaren ostean Korrikaren 12. eguna dena dator. «Euskara gara eta izango gara eta horretan indarra jarriko dugu». «Beti esan izan dugu zalantza daukagula amaierako indar guzti hori nola kanalizatu asmatze horretan», erantsi du.

Furgoneteroen lanaz gain beste eginkizun asko badaude Korrikak etengabe aurrera egin dezan. Esatariak, bitakora neurtzen egoten direnak, petoak banatzen dituen furgoneta eta horren jarraipena eta herri bakoitzean ibilbidea markatzen duen autoa azpimarratu ditu Elordik. «Denon artean lantaldeari laguntzen diogu», gaineratu du.

«Gero eta gehiago dira gugana etortzen diren elkarteak, instituzioak eta lagun taldeak», azaldu du harro. Gainera, Elordirentzat «zenbakietatik haratago aniztasuna irudikatzea ere beharrezkoa da». «Polemikak polemika egia da jendea gerturatu dela eta parte hartzen ari dela», adierazi du.

Ane Elordirentzat zaila da edizio honen une kuttunena aukeratzea, «egunero une oso hunkigarriak daudelako», baina Betelun bizi izandakoa azpimarratu du, «oso berezia» izan zelako. Amaitzen denean, «hasierako egunetan hutsunea nabaritzen duzu», aitortu du koordinatzaile orokorrak, «baina lana ondo egin izanaren seinale da hori».