
Tre Cime di Lavaredok (Dolomitak) oraindik jarraitzen du alpinismorako zein eskaladarako oso erakarria izaten. Bederen, horrela erakutsi dute hainbat protagonistek amaitu berri den neguan. Eta, gainera, egin dituzten jarduerek ekarpenean izan dute isla.
Alessandro Bau eta Mirco Grasso italiarrek, adibidez, Tre Cimeko skyline edo tontor guztien lotura sinatu dute. Hirugarren eskalatzaileak, berriz, bakarrik jardun du. Simon Gietl tiroldarrak Cima Granderen iparraldeko horman dagoen ‘Phantom der Zinne’ ibilbidea (7a+, 532 m) bakarka eskalatu du.
Lehenbiziko jarduerari dagokionez, soka talde italiarrak hiru egun eta bi bibak behar izan zituen (hilaren 6tik 8ra) bederatzi tontorrak lotzeko. Skyline hori neguan egiten lehen eskalatzaileak bihurtu dira. Duela bederatzi urte, Simon Gietl eta Michi Wohlleben gai izan ziren bost tontor nagusiak lotzeko. Neguan egin zuten jarduera horrek egun bat baino gutxiago eskatu zien! Zeharkaldi osoa, aldiz, oraindik zintzilik zegoen.
Grassok adierazi du azken urteotan xede hori buruan iltzatuta izan duela, baina, eskarmentu handirik ez zuenez, atzeratzen joan dela: «Urteen poderioz, helburu hori indartzen joan zen. Nire mugak gainditzeko oso erakargarria iruditu zitzaidan. Benetako txinparta orain dela pare bat urte lehertu zen Christian Bickel eta Micha Rinn alemanek zeharkaldi osoa udaran eta 23 orduan sinatu zutenean. Berria irakurri eta zeharkaldi hori neguan egitea otu zitzaidan».
Azken denboraldia Patagonian igaro eta gero, Grassok erronka hori Bau kideari proposatu zion. Ez zegoen erabat ziur, besteak beste, hil honen hasieran iparraldeko hormak elur asko zuelako eta hegoaldean beroaren mehatxua handia zelako. Nahiz eta Tre Cimen behin baino gehiagotan eskalatu duten, italiarrei informazioa falta zitzaien zeharkaldi horretan eraginkor izateko.
Alabaina, lehen urratsa egiteko prest zeuden. Protagonistok agerikoa den norabidea jarraitu zuten: «Jarduera ia guztia botekin egin genuen. Cima Grandeko ‘Dulfer’ artesian, berriz, katu-oinak jarri genituen. Igoera zein jaitsiera guztietan zorte handia izan genuen; horrekin esan nahi dut agerikoa den ibilbidean ez ginela nahastu. Pare bat lerrotan paraboltak zeuden, eta egoera horrek asko lagundu zigun».
Lehen gaua mendebaldeko tontorraren erlaitz batean igaro zuten; bigarrena, berriz, Cima Piccolaren behean dagoen irtengune batean. Hirugarren eta azken eskalada eguna askoz ere laburragoa izan zen: Auranzoko aterpera eguerdian heldu ziren. Grassok aurreratu du zeharkaldia teknikoki ez dela zaila eta eraginkorra izateko erritmo ona eraman behar dela: «Hortaz gain, hobe da akatsik ez egitea; garesti ordaindu daiteke».
Gietl, bakarka
Ia italiarrekin kointzidituz, Simon Gietl tiroldarrak Cima Grandeko iparraldeko horman dagoen ‘Phantom der Zinne’ ibilbidea (7a+, 532 m) bakarkako estiloan eskalatu zuen. Tresneria guztia paretaren oinarrira otsailaren 27an eraman eta gero, Gietl hilaren 5ean itzuli zen. Bezperan hamar zentimetroko elur geruza freskoa pilatzeaz gain, tenperatura -5ºkoa zen. Nahiz eta hotz handia egiten zuen, eskaladarekin buru belarri jarri zen.
Bidearen erdia eskalatu aurretik, ‘Hasse-Brandler’-eko erlaitz estuan, denda txiki batean, bibaka egin zuen. Gau horretan termometroa asko jaitsi zen, baina eguraldia egonkor zegoen. Zailtasun teknikoei dagokienez, marraren bigarren zatia gogorragoa da. Eskalatzaile tiroldarrak ez zuen egun samurra izan; besteak beste, elurrak, arrokaren kalitateak eta babesteko lekuek eskalada horretan eragina izan zuten. Hortaz gain, motxila astun bat garraitu behar izan zuen.
Ringbandera heldu eta neguko baldintza zorrotzek agintzen zuten. Kranpoiak jarri, pioleta hartu eta gailurrera abiatu zen. Azken sekzio horrek denbora asko eskatu zion. Arratsaldeko 6ak zirela, Gietlek Cima Grandeko tontorra zapaldu zuen: «Oso bertikala da ibilbidea, eroria ere badu, eta halabeharrez 7a+ maila gainditu behar da. 2010ean, Marc Artesirekin hamazazpi luze horiek eskalatu nituen zazpi orduan. Orain bakarka igo dut, eta horrek erabat bete nau».

Nueva funcionalidad de Google: activa NAIZ como fuente preferida para seguir la actualidad

El crucero del hantavirus deja ya un caso en Suiza y desembarcará el sábado en Tenerife

Carlos Garaikoetxea hil da

El TAN rechaza la censura de Toquero, alcalde de Tutera, a la exposición de LAB

