Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Entrevue
Aimar Olaizola
Baiko enpresako kirol arduraduna

«Jokinek eta Josebak ez dute ezer oparitzen, partidu zaila izango da»

Igandean jokatuko da Binakako Txapelketako finala. Baikon badago ilusioa, azken urteotan txapelak ihes egin badie ere; azkenekoz Olaizolak berak lortu zuen. Baikoko egungo kirol arduradunak gertutik jarraitu du finalerako bidea, belaunaldi berrien agerpena eta txapela lortzeko itxaropena uztartuta.

«Jokinek eta Josebak ez dute ezer oparitzen, partidu zaila izango da»

Loading player...
Aimar Olaizola.
Aimar Olaizola. (Jon URBE | FOKU)

Laso eta Albisu ariko dira txapelaren lehian. Hasieratik izan dira faborito, eta ibilbide bikaina egin dute, nahiz eta finalerdietan espero baino gehiago sufritu. Altuna eta Ezkurdiaren aurkako finalean esperantza handiak jarrita izango dituzu, ezta?

Esperantza beti. Hasieratik nire bi bikote faboritoak izan dira, eta, Jokin eta Josebaren kasuan, bi aurrelari izan arren, nik uste nuen hor ibiliko zirela txapelaren lehian; azkenean, bi bikote onenak iritsi dira finalera. Agian gehiago sufritu dutela esan da, baina nik urtero horrela ibiltzea sinatuko nuke. Jon Anderrek molestia batzuk izan ditu, baina finalerako ondo errekuperatuta ikusten dut, eta guk partida ona egitea eta irabaztea nahi dugu.

Jendeak sarri gogorarazten du urteak igaro direla Baikok binakakoa azkenekoz irabazi zuenetik. Zu zeu izan zinen Urrutikoetxearekin azkenekoz txapela lortu zenuena.

Askotan galdetzen didate hori, bai, baina ez da erraza. Iaz, esaterako, finalerdietako lau bikoteetatik hiru gureak izan ziren, eta horrek erakusten du txapelketa ona egiten ari ginela. Garrantzitsuena finaletan egotea da, eta alde horretatik pozik gaude. Noski, txapela lortzea gustatuko litzaiguke, baina protagonismoa pilotariek dute. Nik, bereziki, Albisuren alde egingo nuke; oso pilotari ona da eta pertsonalki ere ezagututa, uste dut merezi duela txapel bat.

Pilotazaleen artean ere Albisuk irabazteko nahia dagoela dirudi, bere lehen txapela litzatekeelako. Aldi berean, gainera, Lasok hiru txapelketa nagusietan txapela lortzeko aukera du. Alde horretatik, igandeko finalak badu karga berezi bat bi protagonistentzat, ezta?

Nik uste dut, pilotarien kasuan, kanpotik ematen zaiola garrantzi handiagoa horri. Unairen kasuan, ez dut uste horrela bizi duenik; berarentzat txapel guztiak dira garrantzitsuak. Nik uste dut lana ongi egiten ari direla, eta igandeko partidara biak ondo iristea dela gakoa. Beren maila ematen badute, aukerak izango dituzte.

Aurrez aurre izango dituzte Altuna eta Ezkurdia. Hasieran askok ia «esperimentu» modura ikusi zuten bikotea, eta txapelketatik kanpo geratzeko zorian ere egon dira.

Nik uste dut pixkanaka, batez ere Joseba, hobera joan dela; azkenean bi pilotari handiren aurrean gaude. Maila handia ematen dutenean, alde handiak egoten dira, eta nik espero nuen hor egongo zirela. Azken partidetan oso maila ona eman dute; ez dute ezer oparitzen eta beraiei irabazteko lan asko egin behar da. Elkarren kontra jokatutako azkeneko partida beraiek ongi irabazi zuten eta nik uste dut partidu zaila izango dela guretzat, baina, ondo jokatuz gero, aukerak baditugu irabazteko.

Pasa den asteburura begira jarrita, B Serieko finalean ezin izan zenuten txapela eskuratu Peña eta Salaverrirekin.
Pena pixka bat, bai, beti nahi dugulako gure pilotariek partida guztiak irabaztea. Hortxe ibili ziren, justu-justu, baina, bueno, azkenean Aspeko bikoteak irabazi zuen, eta pena pixka batekin geratu gara.
Unax Landak debuta egin zuenetik erakutsi duen maila ikusita, ez dakit enpresak mahai gainean izan ote zuen B Serieko finala jokatzea.

Ez. Gainera, halako komentarioak entzun ditut telebistan eta nire ustez errespetu falta izan da enpresarekiko. Salaverrik eskuko arazoa zuen eta horregatik ez zuen jokatu. Landak duela bi hilabete debutatu du eta maila ona eman du, baina beste aldean urteak daramatzan pilotari bat zegoen eta komentario horiek entzutea niri behintzat oso itsusia iruditu zait. Salaverri errekuperatu zenean bera jarri genuen finalean, eta uste dut maila ona eman zuela, nahiz eta detaile txikiengatik galdu.

Atzelarien aldetik, etorkizunak Baikon itxura ona duela dirudi.

Bai, egia da binakako txapelketa aspaldi ez dugula irabazi, baina azkenean bikote bakarrak irabazten du eta nik balio handia ematen diet beste gauzei ere. Gure kasuan oso pozik nago, pilotari gazte asko ari dira jada goian jokatzen; Iztueta eta Larrazabal, Mariezkurrena ere oso gaztea da, Landa ematen ari den maila, Zubizarreta, Amiano… Nik uste dut urte gutxiren buruan goi mailako pilotariak izango direla guztiak.

Esango zenuke belaunaldi aldaketa baten atarian gaudela?

Nik uste dut beharrezkoa ere badela. Azkenean jendeak pilotari gazteak ikusi nahi ditu, bai telebistan bai frontoian, eta hori albiste ona da. Gainera, debutatzen dutenek urteak daramatzate maila ematen, lehiatzen eta irabazten. Horrek poza ematen du, baina urduritasuna ere sor dezake jada hor daudenen artean, eta hori ona da pilotarentzat.