Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Jon Mariezkurrena lehoi artera pozik sartu da, baina Peñak gotik behera irentsi du (22-7)

Buruz Buruko Txapelketako aurre-kanporaketan ez da kolorerik izan. Jon Ander Peñak airean eraman du Jon Mariezkurrena. Berriozarkoak min hartu du, antza berotzen ari zela, baina horrez gain pilotalekuan lekurik aurkitu ezinik aritu da eta Tolosako aurrelaria erraz nagusitu zaio.

Jon Mariezkurrena ez da Buruz Burukora ondo moldatu.
Jon Mariezkurrena ez da Buruz Burukora ondo moldatu. (Jon URBE | FOKU)

PEÑA II 22

MARIEZKURRENA II 7

Pilotak ba al daki atzelariak existitzen direnik? Bere garaian Buruz Buruko Txapelketan Tolosa, Galartza, Beloki, Barriola edo Patxi Ruiz txapeldun ikusi genituen, besteak beste, baina Patxi Ruiz izan zen «azken mohikanoa», eta Beñat Rezustak, bere garaian Altunari pilotaleku osoan irabaztea lortu bazuen ere, Artola lesionatu egin behar izan zen Bergarako atzelariak Buruz Buruko finala jokatuko bazuen.

Alabaina, materiala asko aldatu da, jokatzeko modua, airea eta mugikortasuna hain derrigorrezkoa delarik, atzelariek ez dute ez hotsik ez itzalik egiten. Besoaren indarrak garrantzirik balu, Mariezkurrenak Jon Ander Peña airean bitako zukeen, baina indar hutsa eta botez egin beharreko jokoa ez da duela 30 edo 40 urte bezain garrantzitsua, eta ohitura faltak eraginda, ezin izan du Jon Mariezkurrenak Peñaren aurkako aurre-kanporaketan.

Kadetea zelarik jokatu ei zuen Mariezkurrenak azkenekoz buruz buruko partidaren bat kantxa osoan. Bada, «hiru entrenamendu on» egin eta segi kantxara! Horrela atera da Berriozarko atzelaria, lehoi artera botako balute bezala. Eta Peña izan bada lehoia, goitik behera irentsi du nafarra.

«Berotzen ari nintzelarik gaizki sentitzen hasi naiz, abduktorean min sentitzen nuen eta ezker-eskuin mugitzeko orduan oso deseroso sentitu naiz. Peñak ezer askorik egin gabe erraz irabazi dit. Ondo egon banintz ere, Jon Ander gaur 22ra iritsiko zen», azaldu du Berriozarkoak.

Eta hasieratik bertatik argi ikusi da Peña II.a kantxako bakardadera hobeto moldatu dela. Alabaina, egindakoak eta galdutakoak, denak Tolosako aurrelariak egin ditu, Mariezkurrena golpe hutsez nagusi izan nahita, tantoak nola landu asmatu ezinik ibili den bitartean.

Opariak trukatuz

Errestoa airez eramaten saiatu da hasieratik atzelari nafarra eta han bere gabeziak nabarmen geratu dira. Hala, Peñak hasieran pare bat erremate kale egin arren, akordatzerako 7-2 aurretik jarri da. Orduan, eta ez kosta gabe, lortu du Mariezkurrenak berak egindako aurreneko tantoa, aurreko koadroetan behin eta berriro katramilatu ostean.

Ez du nafarrak sakea baliatu, baina Peñak berak ere «mesedea» berehalakoan itzuli dio, horma bikoa kanpora botata. Orduan bai, orduan lortu du halakoren baten atzelari urdinak tanto bi kateatzea, motzean jokatzen aritu ondoren atzean bere eskuinaren indarra baliatuta. jarraitutasuna behar, ordea, Berriozarko pilotari ausartak, eta horma bikoa behera joan zaio.

Eta mesedeak trukatzeari laga dio Tolosako aurrelariak aurrerantzean. Sakea gurutzatu, errematea bilatu eta Mariezkurrenaren gabeziak, atzelari guztiei erasaten dieten gabeziak, hain zuzen, bilatzea nahikoa izan da 8-5etik 12-5era begin itxi-ireki baten ostean.

Peñaren akats pare batek –airez sartu den bakoitzean txistu jo diotenen kontzertua jasan behar, gainera– Mariezkurrenari aukeraren bat eman diote, baina «hiru entrenamendu on» ez dira nahikoa jokamoldez aldatzeko, are gehiago borondateaz gain estrategia argi bat ez dagoenean. Ondorioz, 13-7kotik aurrelari gipuzkoarra 18-7raino joan da, partidako azken tartera irabazteko aukera handiekin zuzenduz.

Jon Mariezkurrena erabat desesperatuta iritsi da partidaren azken aldera. Peña airez sartzerakoan atxiki eskatuz, ganoraz gozatu ezinik... Miraririk ezin egin «hiru entrenamendu on» egin eta lehoi artera sartuz gero. Denbora eta tarte zabalagorik izango balu, akaso gehiago egingo zukeen, baina Binakako Txapelketako finala eta Buruz Burukoaren aurre-kanporaketak bata besteari itsatsita daudela, eta pilotak egun eskatzen duen jokamoldearekin, ezin bizirik irten lehoi artetik, Peñak erabat irentsi du-eta. «Ez nuke nire Buruz Buruko iblbidea horrela amaitzerik nahi», amaitu du bere adierazpena Mariezkurrenak.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 172. Iraupena: 45 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 3-1, 3-2, 7-2, 7-3, 8-3, 8-5, 12-5, 12-6, 13-6, 13-7, 22-7. Sakeak: 6 Peñak eta 0 eta pasa 1 Mariezkurrenak. Egindakoak: 9 Peñak eta 2 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 5 Peñak eta 6 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Sarrera bikaina Oiartzungo Madalensoron. Buruz Buruko Txapelketako aurrekanporaketa. Aurreneko sakea, urdin.