Sutearo, herri ekonomia sistema eraginkorra, Gorbeialdean ere abian
Landa eremuko suaro edo ermandadeak eguneratzeari ekin zioten Lea-Artibaiko zortzi elkarlaguntzak duela 35 urte, auzolanetik abiatuta. Horrela sortu zen Sutearo Elkarri Laguntzeko Erakundea, gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 40 ermandadek osatua. Martxoaren 6an sortu zen azkena, Gorbeialdekoa.

Euskal Herriko landa eremuko jendeak betidanik izan du inguruko auzokideekin batzeko joera, eta beharra, arazoei aurre egiteko. Elkartze horiei «suaroa», «etxe erreena» edo «ermandadea» esaten zieten, eskualdearen arabera. Bati gertatutako ezbeharra denen artean konpontzen zuten. Joan den mende amaieran galtzear egon ziren elkarlaguntza horiek, baina etxeen segurtasuna bermatzeko premiak bere horretan zirauen. 90eko hamarraldiaren hasieran, Lea-Artibaiko zortzi elkarlaguntzak batera kudeatzea erabaki zuten, betiko suaroen oinarria utzi gabe baina garai eta egoera berrietara egokituta.
Horrela sortu zen Sutearo Elkarri Laguntzeko Erakundea. Gaur egun, 40 ermandadek osatzen dute: bi Araban, 34 Bizkaian eta lau Gipuzkoan. Ia 6.000 etxe eta eraikin zaintzen eta babesten dituzte. Sutearo federazioan kudeaketa bera dute elkarte denek, baina independenteak dira, zeinek bere erabakiak hartzen ditu.
Martxoaren 6an jakinarazi zuten azken elkarlaguntzaren sorreraren berri, Gorbeialdeko Sutearo, hain zuzen, Izarrako (Urkabustaiz) kultur etxean egin zuten batzarrean.
GORBEIALDEKO SUTEARO
Gasteiz udalerriko herri askotako etxeak Mendozako elkarlaguntzan zeuden, baina, nork kudeaturik ez zutela, mende honen hasieran desagertzear zeuden. Hala ere, Sutearo federazioarekin bat egin zutenez geroztik, bazkideak biderkatu zituzten Araba osoan. Bertako bazkide izan dira oraintsu arte Gorbeialdekoak ere, baina Mendozako batzarra eskura ez zutenez, beren elkarte propioa sortzea erabaki zuten.
Gorbeialdeko elkarlaguntzan Kuartango, Urkabustaiz, Zuia eta Zigoitiko 50 bazkide inguru dira. Gehienak izan ziren lehen batzarrean, giro ederrean. Sutearo horren sorreraren atzean, edo, hobeto esateko, aurrean, Kepa Enbeita dago. Eta ez bakarrik Abornikanon (Urkabustaiz) bizi delako, baizik eta Sutearo federazioarekin sorreratik duen loturagatik ere bai. Enbeita nekazaritza munduko erreferentzia da. Auzolanaren filosofia umetan barneratu zuen eta urte askoan jardun du praktika mota hori sustatzen EHNE sindikatutik, auzokideen arteko elkartasun hura gogoan: «baten arazoa, lana, komunitate osoarena ziren». Izarrako batzarrean elkarlaguntzen historia azaldu zuen.
Aurten 35. urteurrena du Sutearo Elkarri Laguntzeko Erakundeak. Haren webgunean, federazioko lehendakari Kepa Albizuk ondo gogoan du Enbeitaren laguntza eta bere esker ona agertzen dio: «Sutearoren historiari buruzko testuak sortzen egindako lanagatik. Haren jakinduriak eta hitzek gure ibilbidearen pasarte garrantzitsuenak biziberritu dituzte, eta 2026ko egutegian gure iragana, balioak eta nortasuna modu hurbil eta ederrean islatu ditugu, haren laguntzari esker».
Honela amaitzen du Albizuk bere agurra: «Denok denoi, mila esker eta aurrera». Izan ere, denen laguntza denentzakoa da; horixe da Sutearoren izaera eta izateko zentzua. Elkarlaguntzak asanblearioak dira, denen artean onartzen dituzte hobekuntzak eta arauak; beraz, ez dira ohiko aseguru etxea; gainera, ez dute etekin ekonomikoa helburu. Hala ere, eraginkorrak dira, badute errentagarritasunik, eta ez ekonomikoa bakarrik. Auzolana herriaren ekonomia duinena dela diote, «benetako herri ekonomia sistema xume eta demokratikoa, denen partaidetzarekin».
MENDETAKO PRAKTIKA
Elkarlaguntzak ez dira atzo goizekoak. 1990ean elkartu zirenek Sutearo izena jarri zioten elkarteari, baina «izatez, aurreko suaro edo etxe erreenak dira. Mendetan gure arbasoek elkarri laguntzeko eraikitako sistema», azaltzen dute. Izan ere, Jose Migel Barandiaranek esan zuenez, elkarlaguntza gizakia kobatik atera zenean sortu zen.
Elkarlaguntzak auzolan praktikatik sortu ziren. «Auzolanean eskulana behar zen eta hura ez galtzeko sortu ziren». Oso filosofia sinplea du: «Inor ez dadila etxe gabe gelditu, ezbeharrei erantzuteko diru edo ahalmenik ez duelako», eta horrela, eskulanari eusten zioten. «Gisa berean, abereen izurrite edo ezbehar handi bati erantzun ezinean, ez dezan inork alde egin eta eskulana galdu. Aspaldi hartan bazkideen artean, auzolanean, konpontzen zituzten kalteak».
XVII. mendean, elkarlaguntza bitxi bat zegoen Txorierrin. Elkarlaguntza horretan, probetan erabiltzen ziren idiak babesten ziren, eta deman edo bidaian gertatu ahal zitzaizkien kalteei erantzuten zieten. Aipagarria da, era berean, elkartearen arauak euskaraz idatzita zeudela.
Askotariko elkarlaguntzak iritsi dira gure egunok arte. Jakinekoa da Araban suaren babes elkarlaguntzak izan direla; abereen kalteen elkarlaguntzak, «minada» deitzen zitzaienak; hilen edo ehorzketa protokoloen elkarlaguntzak, eta beste. Agurainen, 1934an bazen mila bazkidetik gorako elkarte bat; nahiz eta Estatuko nekazaritza aseguruak kontratatzea derrigorrezkoa izan, betebehar horri muzin egin eta zereal ekoizpenak eta abereak ere beraien artean babesten zituzten elkarte haren bidez.
Orain aspaldi ez dela, Arabako landa inguruneetako etxeen elkarlaguntzak Foru Aldundiaren babesa zuen. «Gerora -azaldu dute Gorbeialdeko elkarlaguntzako kideek-, ez dakigu noiz eta zergatik, babes bideok pribatizatu edo bakoitzaren kontroletik kanpora egin zuten».
BIZIKIDETZARAKO EGITURAK
Sutearo, horrenbestez, ez da berria, baina bai berritua eta berritzailea. Elkartea hazten eta hazten zihoan, baina hainbaten artean arriskuak ikusten zirenez, horiek beren artean konpentsatzeko bide berriak urratu zituzten «arriskuak saihesten zituzten bideak onduz eta arrisku handienekoei baldintzak jarriz. Suteak itzaltzeko ur instalazioen egoera ere jorratu genuen, eta mantentze lanetarako protokoloak ezarri. Era guztietako elkarlaguntzaz jositako herritik gentozen, eta espiritu horrekin erraz moldatu ginen Sutearon lanera, toki guztietan gertatzen ziren hutsuneak zuzenduz eta egitura sendotuz», diote.
Horregatik, hainbat jarraibide eta gomendio zabaldu dituzte, prebentzioa inoren esku utzi barik. Esate baterako, tximiniak aldian-aldian garbitzea, su itzalgailuak ikusteko moduan eta erabilgarri edukitzea, tximistek eta gaintentsioek eragindako kalteak saihesteko babesgarriak eta ke detektagailuak instalatzea, sute kasuetarako udalari ureztatze hodiak instalatzeko eskatzea, etxea egoera onean kontserbatzea... Norberaren eta besteren onerako gomendioak. Horixe dute indargunea, elkartasuna eta batasuna.
Esan bezala, denen artean batzar bidez erabakitzen dute zer eta nola egiten den, bai eskainiko diren babesak, bai funtzionamendu arauak eta denen artean ordaintzen da. Baina egiten dituzten ekarpen guztiak kalteak ordaintzeko erabiliko dira osorik. Hau da, bazkide bati okerren bat gertatzen bazaio, etxean gerta daitekeen kalteren bat, bazkide guztien artean konpontzen da; garai batean eskulana eta materiala jarriz egiten zutena, gaur egunean kaltetu dena konpontzeko edo birgaitzeko dirua emanez egiten dute. Denbora eta egoera berrietara egokitu da beraz Sutearo.
Federazioak baserri edo landa eremuetako etxebizitzak babesten ditu, eremu horretan sortu zirelako lehenengo ermandadeak, baina, era berean, aseguru etxeek eskaintzen zituzten irtenbideak ez zirelako landa eremuko eraikinek izan ahal dituzten kalteei aurre egiteko aproposenak. Beraz, baserrietan eta landa eremuetan bizi den jendearen segurtasuna dute xede, eta aseguru konpainiek errentagarritzat jotzen ez dituzten etxeak babesten dituzte. Eta, esan bezala, berez landa eremuko etxeetara mugatzen bada ere, inguru horietako pisu jakin batzuk ere sartu izan dira babes horretan.
Filosofia bat, jakituria eta praktika, edo, Kepa Enbeitak GARAri azaldu dionez, praktikatik garatutako filosofia, hasierako zentzuari eusten dioten «bizikidetzarako egitura partizipatiboak».
Sutearo, jakituria bat, ekonomia bat, bizimodu bat. Kultura bat.

García Loza, la policía... y el héroe de San Mamés
«El legado de La Polla Récords es más presente, necesario y actual que nunca»

El alcalde de Artea se suma a la dinámica de relevos del PNV en ayuntamientos de Bizkaia

Un varón de 21 años fallecido en Nafarroa, primera muerte vinculada a nitazenos en el Estado

