Apokalipsiaren zaldun filosofoak
Ezagun asko ikusi ditut fatalismoan murgilduta. Batzuen etsipena besteen estrategia bihurtu da.

Peter Thielek Elon Muskekin batera eraiki zuen PayPal. Salmentako diruarekin Palantir sortu zuen, eta Alex Karp jarri zuen buru. Frankfurteko eskolarekin obsesionatuta zegoen azken horrek Jürgen Habermasi bere tesia zuzentzeko eskatu zion, baina filosofoak uko egin zion. Thielek ere filosofia ikasi zuen Stanforden, baina beste batzuk ziren bere grinak: libertarismoa, xakea eta Rene Girard.
Desio mimetikoaren teoriaren bultzatzaileak zioen ez dugula modu autonomoan desiratzen, baizik eta besteek nahi dutena nahi dugula. Desioa, beraz, kutsakorra da, eta lehia sortzen du ezinbestean. Thielek logika hori kapitalismo teknologikora eraman zuen, eta gatazkatik ihes egiteko bidea monopolioa dela adierazi. Horretarako, lehen defendatu zituen sistemak ahultzea da helburua, baina ez, noski, zentzu marxistan.
Azken asteak Erroman eman ditu Thielek, Vatikanoa haserretu dituen hitzaldietan kolapso saihetsezinaz eta antikristoaren etorreraz hitz egiten, Carl Schmitten ideiak oinarri hartuta. Thielen hitzak erridikuluak izango lirateke Palantirrek Gazan, Teheranen edo Minneapolisen datuak helburu fisiko bihurtu edo Trumpekin 10.000 milioi dolarreko kontratuak sinatuko ez balitu.
Thiel ez da eskatologia eta ekonomia uztartu dituen Silicon Valleyko bakarra. Adimen artifizialeko guruek lanbideak desagerraraziko dituen teknologia lortu badute, zertarako erregulatu? Finantza kolapsoaren aurrean, zergatik ez kriptoetan inbertitu? Mundua inoiz baino arriskutsuagoa bada, zergatik ez erosi horien arma autonomoak? Lurra agortuta badago, zergatik ez kokatu ihesbidea Marten eta ez krisi klimatikoaren mitigazioan?
Azkenaldian ezagun asko entzun ditut fatalismoan murgilduta, eta agian arrazoiarekin. Baina batzuen etsipena besteen estrategia eta negozio bihurtu da. Munduaren amaieraren zain egotea errutina bihurtu da, eta immobilismoak beste mundu posibleak imajinatzea ere eragozten du. Bitartean, besteak bai, jada ari dira etorkizuna diseinatzen.

Los «gilipollas» del himno, el cabreo del PP y la derrota de la Guardia Civil

‘Freed from desire’tik ‘Txoria txori’ra, realzaleek amestu zuten gaua

La Real, campeona de Copa en los penaltis, como en 1987: ¡va por ti, Aitor Zabaleta!

Médicos comunican a Osakidetza y Osasunbidea que no realizarán jornadas voluntarias de tarde

