Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Stefano Ragazzok bakarka igo du ‘Riders on the storm’ bidea

Stefano Ragazzo eskalatzaile italiarrak bi aste behar izan ditu Paineko Dorre Nagusiaren (Txile) ekialdeko horman dagoen ibilbide gogorra eskalatzeko. Ragazzok gorabehera batzuk izan ditu, besteak beste, ekaitz bortitz batekin.

Stefano Ragazzok bakarka eskalatu du ‘Riders on the storm’.
Stefano Ragazzok bakarka eskalatu du ‘Riders on the storm’. (Stefano RAGAZZO)

Duela pare bat urte bezala, Stefano Ragazzok eskaladaren komunitatea berriro ahoa bete hortz utzi du. 2024an, italiarrak Izenik Gabeko Dorrean dagoen (6.251 m, Trangoko Dorreak, Karakorum) “Eternal Flame” bide historikoaren bakarkako lehen igoera egin zuen. Eskuarki, izaera horretako jarduera bat egiten denean, espezialistek denbora behar izaten dute bigarren bati ekiteko. Joan den urtean, Ragazzok berriro bakarkako eskalada zorrotz baten deia jaso zuen. Eta urtebetez gogor entrenatu ondoren, helburu berrira abiatu zen. Eszenatokiz aldatu eta Txileko Patagoniara bidaiatu zuen Paineko Dorre Nagusiaren ekialdeko horman kokatuta dagoen sona handiko bide bat eskalatzeko: ‘Riders on the storm’.

Bada, hamabost eguneko lan gogorraren ostean, otsailaren 21etik martxoaren 7ra, italiarra gai izan zen 1991n talde aleman batek sortutako lerroa igotzeko. Eta berriro bakarkako estiloan. Horri esker, bide horren bakarkako lehen igoera sinatu du. Jarduera historiko hori biribildu bezain laster, eskalatzaileak onartu zuen ez zuela hitzik bizitako eskarmentuaren inguruan lehen azalpena emateko: «Azken egunotan emozio eta sentimendu ekaitz batek nire gorputza eta arima zeharkatu ditu. Nire oinetako izozketaren mina nahikoa da gogorarazteko ez dela denbora asko igaro martxoaren 7an lurra ukitu nuenetik. Paineko Dorre Nagusiko ekialdeko aurpegian hamabost egun igaro nituen, bakarrik. Han, nire bizitzan lehen aldiz, gailurraren gainetik zerbaitengatik borrokatu nintzen: nire bizitzarengatik. Pentsamendu bakarra nuen, hobeto esanda: neska-lagunaren besoetara itzultzeko gogoa. Pentsamendu horrek bizirik mantendu ninduen eta, ziurrenik, hitz hauek idazteko gai izatearen arrazoi nagusia dira. Saiatu naiz han gertatutako gauza txarrei buruz aipamenik ez egiten, baina, oraingoan, ekaitz izugarri batean nire hamakaren kanpoko oihala hautsi eta irauli zenean,  oinak bihurrituta geratu eta tresneria eta janaria galdu nituenean, benetan amaitu zela pentsatu nuen. Hain gogor borrokatu ondoren, gau osoa igaro nuen txoko txiki batean bibaka eginez, sokatik zintzilik, ekaitza pasatzeko zain, oinak mugituz berotan egoteko eta lo-zakuaren goiko muturra estutuz hurbil mantentzeko. Ez zegoen gora edo behera egiteko biderik; nire ekipamendu guztia nire gaineko tarte finkoetan zegoen. Lo-zorroa oso heze zegoenez, hosto baten antza hartu zuen. Bizirik atera nintzen, eta, goizean, eguraldi oneko tarte bat iritsi zen. Zer egin behar nuen? Agian, rappelatu? Biharamunean, eguerdian, 12.40ean zehazki, gailurrera iritsi nintzen egun ikaragarri batean».

Ragazzo, ‘Riders on the storm’ bidea eskalatzen. (Stefano RAGAZZO)

Ragazzoren azalpen labur batzuk baino ez dira, baina indarra dute Paineko Dorre Nagusian bizitakoaren inguruan abiapuntu bat jartzeko. ‘Eternal Flame’-n lortutako arrakastaren ondoren, italiarrak argi zuen hurrengo proiekturako oinarri sendo bat lortu behar zuela. Eta horretarako, alpinista eta eskalatzaile profesional batzuek bezala, entrenatzaile batekin ‘Riders on the storm’ prestatu zuen. Urtebete luze Seth Keenaren aginduetara egon zen. Eskalada, core-a, aerobikoa, malgutasuna… Denetarik entrenatu zuen gimnasioan zein arrokan.

Ragazzok berak entrenamendu horien guztien inguruan honako argibideak eman ditu: «Azken hilabeteetan, goizez eskalada luzeak egiten nituen bitartean, arratsaldean gimnasioan makinekin simulazio antzekoak egiten nituen soka finkatzen eta jumareatzen. Lan horrek nekearen metaketa kudeatzen lagundu zidan. Biharamunean, jakina, nekatuta nengoen, baina berriro entrenamenduetara itzultzen nintzen. Hori zen helburua. Patagoniara heldu nintzenean hori guztia ekuazioaren zati bat baino ez zen. Beste kontu batzuk ere ekuazio horren zati ziren: klima kontrolatu, nekea gestionatu eta akats txikiak saihestu hamabost eguneko jarduera horretan».
­
Ekaitza

Entrenamendu horiek oinarria eman zioten fisikoki zein mentalki ‘Riders on the storm’-en ekinaldia egiteko. ‘Eternal Flame’-rekin alderatuta, bazekien garaierarekin ez zuela arazorik izango: izan ere, Paineko Dorre Nagusiak 2.500 metro ditu. Horrek asko lagundu zion mentalki, besteak beste, luze bakoitzean maniobrekin egin behar zuen lana errekuperatzeko oso baliagarria zelako.

Alabaina, Ragazzok onartu du bi eskalada horien artean eite hori samurrena izan zela. Gainerakoa, aldiz, gogorragoa izan zen. Italiarrak dio lehen urratsak egin bezain pronto ohartu zela benetako erronka batean zegoela. Lehen luzeak ez ziren zailak teknikoki, baina arroka puskatuarekin, babesteko aukerarik ez zegoen plakekin eta ibilbidea jarraitu edo ez erabakitzeko mamuekin arazoak izan zituen.

Puerto Natalesera iritsi eta ohartu zen Patagoniako klima txarra kudeatzea zaila izango zela. Astebete eta erdian soilik bi egun egonkor izan zituen, eta horiek aprobetxatu zituen tresneria guztia bidearen oinarrira eramateko eta lehen luzeak ekipatzeko. Nahiz eta igoera azkar bat aurreikusi zuen, eguraldi txarrarengatik eskalatzaileak asmo horretan amore eman behar izan zuen. Hortaz, erritmoa askoz ere mantsoagoa izan zen. Horregatik, kapsula estiloan igo zen. Lehen hamabi luzeak igo eta ekipatu ondoren, jaitsi eta behin betiko igoerarako eguraldi leiho on baten zain egon zen.

Stefano Ragazzok hamabost egun behar izan ditu jarduera biribiltzeko. (Stefano RAGAZZO)

Otsailaren 21ean, igoerari ekin zion. Bi motxila garraiatu zituen; denera, 60 kilo. Tresneria eta janaria eramateaz gain, ur asko eraman zuen. Pare bat egun egonkor izan ondoren, klimak txarrera egin zuen. Sabai erraldoi baten azpian hamaka antolatu zuen. Eguraldi ezegonkorrarekin lanean jarraitu zuen. Hamabigarren luzera heldu eta kanpalekua aldatu zuen. Oso agerikoa den sabaia gainditu, bizpahiru luze eskalatu eta bat-batean behe-presio sistema bortitz batek harrapatu zuen. Termometroa asko jaitsi zen: 9 gradu zero azpitik. Ondorioz, ura eta tresneria izoztu zitzaizkion.

Saiatu zen kondizio horietan eskalatzen, baina ezinezkoa gertatu zitzaion. Sabaiaren gainetik mistoa gailentzen da. Hotz ikaragarri horrekin botak jarri eta elurretan eskalatzen jarraitu zuen. A2 mailako tarteak igo zituen. Horrez gain, haizeteei aurre egin behar izan zien. Une batzuetan, zintzilik zegoen hamakan sartuta zegoela, 100 kilometro orduko ufadak izan zituen.

Gorabeherak edo ezustekoak ez ziren amaitzen. Esku baten neurria zuen arroka batek olanan zulo bat egin zuen. Hura estaltzeko gogor saiatu zen zintak jartzen, baina ez ziren itsasten. Haize boladen indarrarengatik zuloa handitu eta olana ia txiki-txiki eginda geratu zen. Hamaka irauli eta zintzilik zegoela, pentsatu zuen hilko zela. Ragazzok, bederen, zorte pixka bat izan zuen. Izan ere, soka guztiak metro batzuk gorago finkatuta zituen.

Pixkaka-pixkaka egoera  onera etorri zen. Eguraldiaren iragarpenak eskatu zituen, eta esan zioten laster batean leiho on bat iritsiko zela. Zintzilik zegoen hamaka horretan (olanarik gabe) gaua igaro eta gero, biharamunean berriro martxan jarri zen. Finkatutako soketatik jumareatzen ari zen bitartean, egoera bitxia bizi izan zuen klimarekin. Eguzkia atera zen, eta, 24 orduko tartean, zero azpitik 10 gradu izatetik, 10 gradu positibora igaro zen tenperatura.

Mistoko luze batzuk oso azkar eskalatu zituen. Motxila kendu eta abiadura oso azkarrean azken zortzi luzeak igo zituen. Arratsaldeko ia ordu batean gailurra zapaldu zuen. Ragazzok onartu du egoera surrealista bizi izan zuela: haizerik ez eta zeru urdina. Ametsa egia bihurtu ondoren, atseden hartu eta rappelatzen hasi zen. 22:30ean, hamabigarren luzean zuen kanpalekura iritsi zen. Biharamunean, arazorik gabe, jaitsierarekin jarraitu zuen italiarrak.  17:00etan glaziarrean zegoen, balentria latza biribilduta.