Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Akrobaten eta atrezzoaren arteko dantza neurtua

Cirque du Soleil Barakaldon izango da hainbat astez, ‘Kurios’ ikuskizun berriarekin. Hamarnaka artistak akrobazien bitartez publikoa imajinatutako mundu batean murgilduko dute, zeinetan dena posible dela dirudien.

Sei akrobaten saltoarekin ia karparen sabaia ikutzera arte altxatzen dute zazpigarrena, orain arte inoiz biran egin gabeko ariketa honetan.
Sei akrobaten saltoarekin ia karparen sabaia ikutzera arte altxatzen dute zazpigarrena, orain arte inoiz biran egin gabeko ariketa honetan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

50 artista eta 464 atrezzo elementu, detailerik txikiena ere kontuan hartuta prestatutako koreografiari jarraiki arituko dira datozen asteetan Barakaldon. Cirque du Soleilek bertan jarri duen karpan eskainiko dute ‘Kurios, bitxikerien kabinetea’ ikuskizuna.

Inoizko tresneria kopururik handiena erabiliko dute emanaldi berrirako. Badaude bizikletak, sirena isatsak, artista talde osoa kabitzeko moduko trena eta bi pertsonaren artean gidatu beharreko eskua, besteak beste. Dena prestatzeko 120 pertsona inguru daude lanean, 31 herrialde desberdinetakoak; horrez gain, biran dauden artean tokian tokiko 150 langile ere kontratatzen dituzte. Tamaina horretako ikuskizuna martxan jartzeko gutxiagorekin ez da aski, gainera, askok familiarekin bidaiatzen dute.

Hilabeteko oporraldiaren ondoren heldu dira Barakaldora. Bihar, asteazkenarekin, ekingo diote bertan ikuskizunak eskaintzeari eta maiatzaren 24ra arte izango da ‘Kurios’ ikusteko aukera, asteazkenetik igandera. Sarrerak Cirque du Soleil-en webgunean daude salgai.

Kurios ikuskizunaren atalik deigarrienetakoa dira jantziak. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ikusgarriak dira jantziak, atrezzoa adina, eta beste horrenbeste artisten akrobaziak. Azken uneko prestaketekin ari dira, dena baitago milimetrikoki neurtua. Artisten azala ukitzen duten arropak egunero garbitzen dituzte eta jantzi zein tresneria guztia behar bezala dagoela zehaztasunez begiratzen dute. Artistei eurei erakusten diete haien burua makillatzen; hasieran, makillaje arduradunak aurpegi erdia margotzen die, beste erdia hura kopiatuz egiten ikasi dezaten. Ondoren, norberaren ardura izaten da eta 40 minutu eta bi ordu bitartean ematen dute lan horretan, bakoitzaren pertsonaiaren arabera.

Izan ere, estetikak berebiziko garrantzia du istorioa behar bezala transmititzeko. Iragan alternatibo batean dago kokatuta, asmakizun ugari eman ziren une historiko batean. Zientzialari bat konturatuko da lurpean dauden mirariak ikusteko aukera duela, begiak behar bezala itxiz gero. Bitxikerian kabinete horretan aurkituko ditu zientzialariak, eta publikoak, ideiarik eta ametsik zoroenak, baita hainbat pertsonaia mistiko ere, mundu horretan dena baita posible.

Michael G. Smith ikuskizunaren zuzendari artistikoak azaldu du eskaletan ikusleek biziko duten «bidaia emozionala» jasotzen dela, oroitzapen bereziak sortu ditzaten. Horretarako, artistekin hartu-emana izatea ezinbestekoa iruditzen zaio, egoak alde batera utzita, bakoitzak transmititu nahi duenaren arabera emanaldia modu batera edo bestera antolatzeko.

Michael G. Smith, ikuskizunaren zuzendari artistikoa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Guzti hori akrobazien bidez kontatuko dute artistek, baita musikak lagunduta ere. Bruno Esteban da zuenean jotzen ari diren zazpi musikarietako bat. Musikaren arloan eskarmentu zabala badu ere, inoiz horrelakorik egin gabea zela aitortu du, izan ere, kasu honetan musika ez da erdigunean dagoena, akrobazia baizik, eta horretara moldatu behar dute haien jarduna, baita zuzenean inprobisatuta ere.

Cirque du Soleilek ondo merezitako ospea dauka eta presioa baino, motibazioa da Estebanentzat. Berarekin ados dago Smith. Harentzat, publikoa errespetuz tratatzea da ikuskizun paregabea eskaintzea. Azaldu du, honetan ere Estebanekin bat eginez, ez dela presiopean lan egiten.

Bruno Esteban, ikuskizuneko musika bandako kidea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Kontatu duenez, akrobatek, gehienak kirol mundutik etorriak, nork bere buruarekin egiten dute lehia aldamenekoarekin beharrean, hobetzeko grinez. «Ez da posible hemen lan egitea eta pertsona bera izaten jarraitzea», nabarmendu du.

Backstage-a, magiaren sukaldea

Agertokian gertatzen dena txundigarria izateko, oihalaren atzean ere koreografia ondo prestatua dute. Izan ere, emanaldia hasitakoan atzeko argi guztiak itzaltzen dituzte eta ezinbestekoa da artista oro behar duen tokian egotea, inprobisazioari tarte gutxi utzita.

Jantziak artista bakoitzarentzat neurrira eginak dira, Montrealen, Kanadan. Horretarako haraino bidaiatzen dute, gorputz osoa eskaneatu eta arropak neurrira egiteko. Bakoitzak bere pertsonaia badu ere, denek dakite besteren bat egiten ere, titularrak dena delakoagatik huts eginez gero emanaldiak aurrera jarraitu dezan.

Izan ere, magia egiteko grinak bultzatutako engranaje ia perfektua da ‘Kurios’, ikuslegoa imajinatutako mundu batean murgilduko duena, behintzat ordu pare batez.