
Ikus-entzunezko kontsumoaren «errealitate berrira» egokitzeko asmoz, EITBk ETB 3 eta ETB 4ren emisio lineala desagerrarazi zituen martxoan, eta haien ordez ETB1 ON eta ETB2 ON aktibatu zituen, bertsio digitalean soilik. ETB 3 haurrentzako euskarazko katearen itxierak kezka eta ezinegona sortu zituen euskal gizartean, eta Pantailak Euskarazek 30.000 sinadura baino gehiago bildu zituen martxoaren 18an abiatutako ‘ETB3 Ez Itxi!’ sinadura kanpainan.
Hori gutxi balitz, euskalgintzako eragileek zein ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek martxoaren 30ean agerraldi publikoa egin zuten haurrentzako euskarazko kate irisgarri bat bermatzeko. Bestalde, Aldatu Gidoiak ohartarazi zuen «ETB 3 itxiz gero, 170.000 haur eta gaztetxori ukatuko zaiela euskarazko edukietarako sarbidea».
Horregatik guztiagatik, EITBko zuzendariak bilerara deitu zituen joan den asteazkenean katearen itxierarekin kritiko agertutako eragileetako batzuk proposamen berri batekin. «ETB3 katearen emisioa etetea atzeraezina dela adierazi zuten EITBko arduradunek, baina euskalgintzaren eskaerei erantzunez, haurrentzako euskarazko edukiak ETB1 ON katearen bitartez bermatzeko prest agertu ziren», jakinarazi dute astearte honetan Pantailak Euskaraz plataformatik.
Gauzak horrela, EITBk apirilaren 13tik aurrera, batez ere haurrentzako edukiak eskainiko ditu ETB1 ON kate linealean. Zehatz-mehatz, haurrentzako euskarazko edukiak emitituko ditu egunero goizeko 7etatik arratsaldeko 19etara.
«Balorazio positiboa»
Pantailak Euskarazek, ETB3 katea berriz martxan jartzea lortu ez den arren, «balorazio positiboa» egin du ETB1 ON katearen bitartez haurrentzako euskarazko edukien irisgarritasuna bermatzeko hartutako erabakiari buruz.
Azaltzen dutenez, honen bidez, haurrek telebista ikusteko ordutegiaren zatirik handienean, «euskarazko haurrentzako eskaintza modu unibertsalean eta irisgarrian bermatua egongo baita».
Era berean, haurrentzako euskarazko kate baten itxiera bezalako erabaki estrategikoek «aurretiazko elkarrizketa eta kontrastea» behar dutela azpimarratu dute «bereziki euskalgintzako eragileekin eta hizkuntza-normalkuntzan aditu direnekin».
Ildo horretan, Pantailak Euskarazek jakinarazi du EITBko zuzendaritzak euskalgintzako elkarte zein eragile ezberdinekin elkarlanerako foro bat sortzea proposatu duela. «Funtsezkoa da euskararen normalizazioaren bidean, parez pare ditugun erronka erraldoiei erantzun ahal izateko herritar, eragile eta erakundeon arteko elkarlana. Bide horretan EITBk proposatutako lanerako foroa ere, espazio interesgarria izan daitekeela uste dugu», adierazi dute.
Euskaltzaleen aktibazioaren emaitza
Pantailak Euskarazek nabarmendu duenez, EITBren proposamena «ez da ezerezetik sortu», baizik eta «euskaltzaleen aktibazioaren eta presioaren» emaitza izan da.
Horren harira, euskal gizartea zoriondu nahi izan dute horrelako erabaki baten aurrean izan duen «erreakzio azkarragatik»: «Pantailak Euskarazek eskerrak eman nahi dizkie euren sinadura eman duten 30.000 herritarrei, hauen ekarpena funtsezkoa izan baita EITBk atzera egin eta haurrentzako edukiak modu irisgarrian ETB1on bitartez emateko».
«Aurrerantzean ere, euskaltzaleoi aktibatuta jarraitzea dagokigu, EITBk hartutako konpromiso guztiak bete daitezen, eta ahalik eta esparru gehienetan euskararentzako aukera eta leiho berriak irekitzeko», gaineratu dute.

Los «gilipollas» del himno, el cabreo del PP y la derrota de la Guardia Civil

La Policía de EEUU detiene a decenas de veteranos del Ejército por denunciar la guerra de Irán

'Dounana', un grito contra la guerra y el expolio desde la diáspora

‘Freed from desire’tik ‘Txoria txori’ra, realzaleek amestu zuten gaua
