
ELAk ‘SMI 1.500; Jo ta ke, hemen erabaki arte’ lelopean deitu ditu Maiatzaren Leheneko Iruñeako eta Bilboko mobilizazioak. «Justizia sozialaren alde eta faxismoaren zein inperialismoaren aurka borrokatzeko» kalera ateratzeko gonbita luzatu die sindikatuak euskal herritarrei.
Bilboko egoitzan eskainitako prentsaurrekoan Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa haren albokoak azaldu dutenez, sindikatuak «areagotu» egingo du Euskal Herrirako LGS propioa lortzeko ahalegina, gutxienez 1.500ra heldu arte. Zehaztu dute Maiatzaren Lehena bide horretan mugarria izango dela. «ELAren eta milaka militanteen eginbeharra da geroz eta basatiagoa den kapitalismoaren ondorioei aurre egitea», adierazi dute.
Aurtengo Langileen Nazioarteko Egunean ELAk uste du «demokraziaren eta burujabetza sozialaren defentsak» izan behar duela borrokaren ardatza. Lakuntzak adierazi duenez, «gizarteak gutxieneko soldataren aldarrikapena bere egitea» lortu zen greba orokorraren deialdiarekin, eta «prekaritatea eta hemen erabakitzeko eskubidea» eztabaidaren erdigunera ekartzea lortu dutela gehitu du.
Horregatik, hemengo LGS bat aldarrikatzea «ELAren estrategiaren oinarrizko puntua» dela berretsi du ELAk, iritzita sektore askotako negoziazio kolektiboan ere erronka eta faktore erabakigarria dela, eta aurtengo Maiatzaren Lehenean eskari hori patronalei, gobernuei zein alderdi politikoei «ozenago» helarazteko baliatu nahi dute. Ildo honetan, Lakuntzak aldarrikatu du Lehendakariak «iniziatiba hartu behar» duela: «Batetik, Confebask zuzenean interpelatzeko eta, bestalde, gobernu gisa 1.500eko gutxieneko erreferentzia bere egiteko».
Izan ere, ELAk uste du LGS propioa eskuratuta, geroz eta «nabariagoa» den printzipioa frogatuko dela, hots, «Euskal Herriaren burujabetza areagotu beharra dagoela». Sindikatuak argi dauka erabakigunea zenbat eta gertuago izateak neurri politiko «justuagoak» ekarriko dituela, «behintzat hemen, non mugimendu sindikalaren mobilizazio gaitasuna gero eta handiagoa den».
Horregatik, Maiatzaren Lehenean Iruñean eta Bilbon egingo dituzten mobilizazioekin bat egiteko deia egin du ELAk, besteak beste, gutxieneko soldata propio baten alde.

Mexikon hil da Hilario Urbizu Olaztiko iheslaria, 45 urte Euskal Herrira etorri ezinean emanda

La lista de Etxerat llega a 100 presos con la liberación de Julen Atxurra tras 30 años

Vuelve a desaparecer el tropezón en recuerdo de Xabier de Frutos, repuesto esta mañana

Aparece el cadáver de una mujer en la playa de Itzurun de Zumaia
