
30 urtean nobelarik argitaratu gabea zen Juan Garzia Garmendia eta Erein argitaletxearen eskutik plazaratu berri du ‘Erbeste’ eleberria. Obraren nondik norakoen aurrerapen egokia baina gainazalekoa da titulua. Izan ere, erbesteaz barik, atzerritik jaioterrira itzultzeaz dihardu liburu berriak.
Garzia bera hainbat urtean atzerrian bizitakoa da, Estatu Batuetan, hain zuzen ere, idazleak berak Donostiako Udal Liburutegian egindako aurkezpenean asteartean azaldu duenez. Ekitaldian Inazio Mujika editorea izan du lagun.
Mujikak azaldu du Garziak nobelarik argitaratu gabe eman dituen urte hauetan itzultzaile ibili dela, batez ere. Beckett, Borges, Chesterton, Henry James, Primo Levi, Rulfo..., eta Shakespeareren hainbat lan euskarara ekarri ostean idatzi du ‘Erbestean’ nobela.
Munduan zehar ibili ostean sorterrira itzuli den emakume baten azalean sartu da eta haren ahotik kontatu du itzulera horrek berarekin dakarrena. Izan ere, bueltan protagonistak ez du utzi zuena aurkituko. Aldatuta aurkituko du etxea bera, baita harremanak ere, beste garai batera bueltatuko baita, funtsean, beste toki batera.
Etxean aita eta neba gazteago bat aurkituko ditu, baita ez daudenen gabezia ere. Editoreak azaldu du Garziak ez duela jazotzen denaren azalpen itxirik ematen eta, horrela, esaten ez duenaren bidez, irakurlea liburuaren parte egiten du.
Idazleak berak azaldu du aurretiaz idatzi dituen ipuinetan eta testuetan narratzailea dagoela, hots, istorioa hirugarren pertsonan kontatzen duen ahotsa. Honetan, ordea, protagonistak berak kontatzen du kontatu beharrekoa, «tarte handia uzten dio irakurleari, beste lanek baino gehiago», zehaztu du. «Pertsonaiek orain ez didate beren sekretu guztien berri ematen», aitortu du idazleak.
XX. mendearen amaieran kokatu du Garziak liburua eta zehaztu du garai horretan Euskal Herrian zegoen testuinguru politikoa ez dela aipatzen eleberria, beste gai batzuetan zentratzen baita. Era berean, azaldu du, oro har, tonua norberarekiko hausnarketarena dela, ez horrenbeste aparteko gertaeren kontakizun bat.
Orainaren eta iraganaren arteko elkarrizketa dakar, beraz, Garziaren nobela berriak, oroimenaren bidez lehenaldia etengabe sartzen baita narrazioaren orainean.

Médicos comunican a Osakidetza y Osasunbidea que no realizarán jornadas voluntarias de tarde

Aitzol Gogorza presoak askatasuna berreskuratu du 26 urteren ondoren

Mexikon hil da Hilario Urbizu Olaztiko iheslaria, 45 urte Euskal Herrira etorri ezinean emanda

Nafarroa celebra el tercer acto de reparación a víctimas de la tortura

